Xabier Isasi Balanzategi.

Gure iraganak legealdi honetan behar du geroa

2016ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Hogeita hamar urte doi-doi Jose María Sánchez Carrión ikertzaileak, Txepetx, doktore-tesia defendatu zuela Euskal Herriko Unibertsitatean; Un futuro para nuestro pasado izenburuarekin argitaratu zuen gero. Txepetx izan da euskalgintza eremuan eragin handiena izan duen autorea. Hogeita hamar urte etorkizun bila gure iraganerako.

Eusko Ikaskuntzak eta Euskaltzaindiak 100 urte betetzen dituzte legealdi honetan. Era berean, Euskara Batua helduarora iritsi da, 50 urte bete ditu. Euskararen lurraldeetan, iparraldetik, Herri Elkargoarekin, ekialdetik, Nafarroako aldaketa gobernuarekin, mendebalderaino jeltzaleen nagusigoarekin, euskararen hiztun elkarteak sekulako aukera dauka normalizazioaren bidean aurrera urrats kualitatiboak egiteko. Euskaldunok aukera paregabea daukagu, inoizko abagunea agian, euskara hizkuntza gutxiagotua izatetik ateratzeko.

Batasuna. Hori da normalizaziora hurbiltzeko hitz-gakoa: batasuna. Hizkuntzaren batasuna eta hiztunen arteko batasuna. Gogoa izan zerbait izan bada, Euskara Batua izan dela euskararen berreskurapenaren zutarri sendoena. Euskararen lurraldeen Batasuna, euskararen hiztun elkartearen kohesioa areagotzeko, euskararen erabilera zabaltzeko eta hiztunen hizkuntza eskubideak, guztiak, aitortzeko eta betetzeko.

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Foru Aldundiek, laurak bat, euskararen berreskurapenerako haziak erein zituzten: Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia. Eusko Ikaskuntzak, Txikiak handia bentzu leidi asmoz eta jakitez, eta Euskaltzaindia, Ekin eta jarrai, izan dira XX. gizaldiaren zehar euskararen bizi itxaropena jagon dutenak. Horrela, XX. gizaldiaren hasiera ona izan zen hizkuntza berpizteko baina Espainian, lehenengo, eta Frantzian, ondoren, faxismoak eraitsi zuen eraikitakoa; faxismoak, ostera, ez zuen lortu ereindakoa guztiz desagerraraztea. Paradoxikoki, diktadura garaian, 1960ko hamarraldian, loratu ziren berrogei urte lehenago ereindako kimuak. Orduan zabaldu ziren ikastolak, euskaraz idatzitako aldizkariak, irratiak eta euskalduntze-alfabetatze egitasmoak abiatu. Diktadorea hil ondoren, XX. mendearen amaiera aldean lortu genuen euskararen ofizialtasuna Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta, gerora, Nafarroan. Erakunde publikoaren eskutik, azkenik, euskararen berreskurapen prozesuak, aitorpena, baliabideak eta sendotasuna lortu du.

Hala eta guztiz ere, ahaleginak ahalegin, euskaldunak Euskal Herrian ozta-ozta iristen gara biztanleriaren herena izatera. Proportzio hori ez da nahikoa hizkuntzaren biziraupena ziurtatzeko. Egiten dena eta erabiltzen diren baliabideak ez dira nahiko euskararen biziraupenaren atalase maila gainditzeko. Gehiago ipini eta gehiago egin behar da. Ondo gogoratu behar dugu nondik gatozen, eta ondo aztertu behar dugu aurrera begirako erronka zein den. Berrogeita hamar urteko borroka honetan bizi duguna, aldaketa kuantitatiboa baino gehiago, aldaketa kualitatiboa izan da: udalerri txikietako adineko baserritar, nekazari eta arrantzale eskola-gabetuen hizkuntza izatetik, euskara, kaleko gazte eskolatuen hizkuntza igaro da oso urte gutxitan. Aldaketa demolinguistikoa eta soziolinguistika izugarria izan da.

Euskararen historiak berak erakusten digu hizkuntzak ez direla betirako, txikitan ikasten dugunak ez duela, berez, betiko irauten, ez bada egoera eta baldintza egokietan. Arrano begiradan aztertzen badugu azken ehun urteotako euskal hiztunak, ikus genitzake desagertu ziren euskaldunak, euskaraz bizi zirenak oso-osorik, euskara hizkuntza nagusia zeukaten euskal elebidunak, gero eta gutxiago, erdara hizkuntza nagusia daukaten erdal elebidunak, gero eta gehiago, eta erdaldunak, erdaraz bizi direnak oso-osorik, sendo-sendo oraindik.

Gaude, datozen lau urteak, datorren legealdia, euskararen biziraupenerako erabakigarria dela. Hizkuntza politika eraberritu behar da eta, horretarako, hizkuntza politika adostua bilatu behar dugu. Behinik behin hizkuntza gutxituaren gaineko legedira eta araubidea eraberritzeko eta eguneratzeko. Adostasuna lurraldeen artean, eremu administratibo desberdinen artean; adostasuna indar politiko desberdinen artean; adostasuna gizarte eragileen, euskalgintzakoen, artean. Oro har, adostasuna elkarren artean hizkuntza politiko berria abian jartzeko. Euskararen normalizaziorako itun berria behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.