Koronabirusa

Ehunka erizain gehiago behar dira Hego Euskal Herriko ZIUetan

Erizaintza elkargoen arabera, 286-816 erizain kontratatu beharko lirateke Osakidetzako eta Osasunbideko unitateetan

Osasun langile bat, Gurutzetako ospitaleko ZIUan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Ez dira aski. COVID-19aren izurriak kinka larrian jarri ditu Euskal Herri osoko osasun zerbitzuak, eta baliabide gehiago behar direla salatu dute osasun langileek, sindikatuek eta profesionalen elkargoek. Oraintxe, ZIU zaintza intentsiboko unitateetan dago kezka, egunetik egunera ari baitira oheak betetzen. Osakidetzak, Osasunbideak eta Eskualdeko Osasun Agentziak esana dute aukera dutela unitate horiek ohe gehiagorekin handitzeko, baina, zerbitzua bermatze aldera, ZIUetan aritzeko gai diren langileak ere behar dira: mediku eta erizain espezializatuak, alegia.

Aldarrikapen hori datuekin jantzi du orain Espainiako Erizaintza Kontseilu Nagusiak horren parte dira Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako elkargoak, COVID-19 ZIUen egoeraren analisia izeneko txostenean. Kontseiluko kideen esanetan, erizainen «defizit handia» dago uneotan zaintza intentsiboetako unitateetan eta, Hego Euskal Herriari dagokionez, 286-816 erizain beharko lirateke, izurriari aurre egin eta zerbitzua indartze aldera.

Txostenean, hiru jokaleku posible planteatu dituzte, pandemiaren bilakaeraren arabera: «jokaleku optimista» (ZIUak %30ean beteta); «erdibidekoa» (%60ko okupazioa); eta «pesimista» (%100ekoa). Erizaintza elkargoen arabera, 286 erizain gehiago beharko lirateke Osasunbideko eta Osakidetzako ZIUetan, egoerarik baikorrenean ere. Erdibideko egoeran, 466-576 beharko lirateke; eta izurriak okerrera eginen balu, egoerarik makurrenean, 816 langile gehiago beharko lirateke Hego Euskal Herriko ospitaleetako gaixo kritikoak artatzeko.

Itxaron zerrenda luzeagoak

Izurriaren hedatzeak eta profesionalen eskasiak eragina izan du itxaron zerrenda kirurgikoetan ere. Osasunbidean, berrehundik gora ebakuntza bertan behera utzi behar izan zituzten urrian, eta Osakidetzan, berriz, bikoiztu egin dira ebakuntzak egiteko itxaronaldiak: otsailean, pazienteek 47,4 egun ematen zituzten ebakuntza baten zain, batez beste; irailean, berriz, itxaronaldia 90,8 egunekoa da. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik eman ditu datuok, Eusko Legebiltzarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.