Andrea Camilleri

Ur beltzetan, urrezko esku

Arrakasta berandu ezagutu zuen, baina genero beltzaren izen handienetako bat izan da idazle italiarrarena; batik bat, Montalbano komisarioari bizia eman zionetik. Egunak ospitalean igaro ostean, 93 urterekin hil da.

CLAUDIO PERI / EFE.
itziar ugarte irizar
2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Ez zaie idazle askori gertatzen haiek baino itzal handiagoa hartzea haien eskutik jaiotako pertsonaiek. Hala irakur daiteke Andrea Camilleri idazlearen (Porto Empedocle, Italia, 1923 — Erroma, 2019) eta haren pertsonaia famatuenaren kasua: Montalbano komisarioarena. Hil da idazle eta gidoilaria, eta harekin batera hartu ditu lerroburuak komisarioaren izenak. Hilezin geratu dira paper gaineko haren bizitza guztiak.

Italiako idazle sonatuenetako bat izatera heldu zen, baina adinean aurrera eginda jaso zituen arrakasta eta aitortza Camillerik, 70 urteen langa igaroa zuela. Askoz lehenagotik zen idazle; hainbat liburu zituen argitaratuak —53 urterekin egin zuen narratiban debuta, Il corso delle cose (Gauzen bila) eleberriarekin, zeina hamar urtez gordeta izan zuen—, eta gidoilari lanetan ere denbora zeraman ordurako. 1980ko hamarraldian, beste nobela pare bat argitaratu zituen. Salbo Montalbano komisarioa sortu zuenean heldu zitzaizkion aurrenekoz arrakasta eta oihartzuna: 1994an kaleratu zuen La forma dell'acqua (Uraren forma), liburu sorta oparo bat izango zenaren lehen alea. Montalbanoren ibilerak ardatzean jarrita, nobela beltzeko serie ezagunenetako bati eman zion hasiera lan hark.

Beste 30 izenburu baino gehiago ekarriko zituen atzetik, denak Siziliako Vigata fikziozko herrian girotuak —hamarkada pasa lehenago ere agertu zuen herri berbera Camillerik, XIX. mende amaieran girotutako Un filo de fumo-n (Ke izpi bat,1980)—. Camilleriren kontakizun horietako hiru heldu dira gaur arte euskarara, 2011n eta 2012an: Hilabete bat Montalbanorekin (Igela, 2011) eta Uraren forma (Igela, 2012), Fernando Reyk itzuliak; eta Gauaren usaina (Erein, 2011), Josu Zabaletak itzulia.

Camillerik Bartzelonako Manuel Vazquez Montalban idazleari hartu zion Montalbanoren izena —Pepe Carvalho detektibearen nobelengatik ezagun egin zena, besteak beste—. Zion mirespenari zor izendatu zuen hala pertsonaia, denborarekin Italian ezagun bihurtu zena. Telesail bat ere sortu zuten komisarioaren ibilietan ardaztuta.

Beti komunista

Camillerik Letren Fakultatean hasi zuen bide akademikoa. Bidetik guztiz aldendu ez, baina ez zituen ikasketak amaitu. Poemak eta ipuinak argitaratzen hasi zen gazte, eta Arte Dramatikoko Zuzendaritza ikasi zuen aurrerago. Poemak zein ipuinak idazten jarraitu zuen, baita literatur sariketa batzuk irabazten ere. Ezkondu, hiru alaba izan, eta berrogei urtez gidoilari eta antzerki zein telebistako zuzendari modura aritu zen lanean. Alderdi Komunistako kide ere izan zen, eta horrek oztopo bat baino gehiago ekarri zizkion lana bilatzerakoan. Inoiz ez zen lotsatu, halere, iritzi politikoak plazaratzerakoan, aho bilorik gabe kritikatuz agintarien esanak eta jokabideak.

Italian gehien irakurri den idazlea ez bada, gehien irakurri direnetako bat izan da Camilleri, sorterrian eta baita inguruko herrialdeetan ere. Zigarroa ahoan eta betaurreko handien atzean beti. Ikusmena galdu zuen pixkanaka, baina idazten segitu du halere, Valentina Alferj idazkariaren laguntzarekin. Duela hilabete inguru, bihotzekoak eman zion etxean, eta Erromako Santo Spirito ospitalean izan da ordutik. Bertan hil zen, atzo, 93 urte zituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.