Altsasuko auzia. Auzi saioa Gorenean. Amaia Izko. Auzipetuen abokatua

«Helegitea era sakon eta lasai batean aztertuta, epaia aldatzeko aukera dago»

J.DANAE / FOKU.
Maider Galardi
Madril
2019ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Bere aurkako auzia amaitu eta bi egunera —11/13 sumarioan auzipetuta zegoen—, Altsasuko auziko gazteen defentsan aritu da Amaia Izko abokatua (Iruñea, 1971) Espainiako Auzitegi Gorenean, Jaione Karrera —bera ere 11/13an auzipetua—, Jaime Montero, Jose Luis Galan eta Manuel Ollerekin batera. Batik bat, errugabetasun printzipioan eta epaiketa justua izatearen bermean jarri zuen defentsak, atzo, arreta. «Behingoz justizia eta bermeak» edukitzea espero dute, eta baita neurrigabeko zigorrekin amaitzea ere.

Auzitegi Gorenean zenuten saioa, Auzitegi Nazionalaren epaiari eta apelazio aretoaren erabakiari helegitea jarrita. Zein zen saioaren helburua?

Azaldu duguna da ez dugula bat egiten Espainiako Auzitegi Nazionalaren sententzian ageri diren frogen irakurketarekin. Ez egitateak definitzean, ez parte hartzea definitzean. Bestalde, zenbait arazo tekniko planteatu ditugu; gehigarrien aplikazioa, esate baterako. Lehenik eta behin, errugabetasun eskubidea urratu dela planteatu dugu, ez direlako frogak arrazoiz eta modu logiko batean aztertu. Hori onartuko ez balitz, esango genuke guztiz neurrigabeak eta proportzionaltasunik gabeak direla ezarritako zigorrak, eta modu artifizial batean handitu direla, zigor zuzenbideak jartzen dituen arauen kontra.

Errugabetasun printzipioa ez dela errespetatu salatu duzue, eta epaiketa ez dela justua izan azpimarratu.

Frogen balorazio okerra dela eta errugabetasun printzipioa urratu dela uste dugu. Bai haien parte hartzea frogatzerakoan, bai egitateak berak frogatzerakoan. Bestalde, epaiketa justu bat izateko eskubidea ere urratu da, besteak beste, terrorismoaren delituak hasieratik baldintzatu duelako auzia eta puztu egin dituelako eskaera guztiak.

Fiskalak bere horretan segitzen du, esanez Guardia Zibilari eraso eginda «Espainiako estatuari, erregeari eta konstituzioari erasotzen» zaiela.

Hori da ikusi dena. Beraiek ondorioztatzen dutena da Guardia Zibilari eraso zaionez estatuko instituzio sakratu bati eraso zaiola. Horregatik, hain zuzen ere, eskatzen dute neurriz kanpoko eta logikaz kanpoko erantzukizun penal bat. Planteatzen dutena da beren estatuaren printzipio sakratuek babestuta egon behar dutela, eta, horretarako, zuzenbide penala erabiltzen dute.

Ez da ohikoa Auzitegi Gorenean berehalako epaia egotea, baina azken kasuetan —La Manada auzian, esaterako, epaimahaia azkarra izan da. Ona litzateke hori Altsasuko auziarentzat?

Guk ez dugu konfirmazio ofizialik. Espero dugu epaimahaiak azterketa lasaia, pausatua eta sakona egitea. Uste baitugu halako irakurketa batek aldatuko lituzkeela epaiaren termino guztiak.

Beraz, zer espero duzue epaimahai honengandik?

Behingoz justizia eta prozesu justu baten bermea edukitzea espero dugu, baita proportzionaltasuna ere.

Eta Gorenaren ostean, zein dira hurrengo urratsak?

Ohiko bidea, hemen, Gorenean amaitzen da. Zigorrak irmoak izango dira, eta gazteek horiek betetzen hasi beharko dute. Oraindik, ordea, badago helegiteak tartekatzeko aukera, baina kontu teknikoak izango dira. Edonola ere, guk behin baino gehiagotan azpimarratu dugu ez garela gazteak zigortzen dituen epai batekin konformatzen, eta, are gutxiago, zigorrak neurrigabeak badira. Beraz, beharrezkoa den leku guztietara joko dugu. Dela Auzitegi Konstituzionala, dela Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegia... Ez gazteek eta ez haien senideek ezin dituzte onartu epai honen termino neurrigabeak eta bidegabeak.

Europara begiratzeko garaia da?

Epaiak bere horretan segitzen badu, esan dugun moduan, behar den instantzietara joko dugu, behingoz justizia bilatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.