IMANOL LASPIUR

Hiru egun Manzanasen esku

Berria -

2018ko abuztuak 1
Eibarko polizia etxean galdekatu ostean, Donostiako Gobernu Zibilera eraman zuten, eskuburdinak jarrita. Ziegan sartu, eta, handik 20 minutura, polizien aurrera. Hasi ziren galdezka, eta ukatu egin zituen esandako guztiak. Lehen kolpea: esku-ertzarekin eztarrian. Hitzik egin ezinda gelditu zen. Zaplaztekoak eta kolpeak, aurpegian eta eztarrian. Belarrondokoak. Entzun ezinda gelditu zen, eta une oro burrunba batekin. Ziegara.

Hortik ordu erdira, bigarren zatia. Galderak etenik gabe. Lanpara baten argia zuzenean begietara. Geroz eta polizia gehiago. Kamiseta eta galtzontzillotan jarri zuten. Harri txiki mordoa bota zuten lurrean. Puntadunak eta zorrotzak. Belauniko jarri zuten gainean. Tente egotea zen agindua. Baina ezin eutsi. Jotzen zuten borraz, erregela batekin, ostikoz... Erortzen zen aldiko, belaun biluziak harri zorrotzetan sartzen ziren. Odolduta. Izan zen gelatik atera zenik. Jarraitu zutenak: Gabalcon eta Perez Abril. Borrarekin batak, gorputz osoan. Ukabilekin besteak, barrabiletan. Zutitzen saiatu zen Laspiur. Kolpeka eraitsi zuten. Konortea galdu zuen.

Baldekada bat ur, eta 10 minutu. Eta prozesu berbera. Harri txikien gainean, eta borra kolpeak handik eta hemendik. «Astazakil halakoa! Zergatik eusten diok honi? Azkenean dena kontatuko duk eta?». Konortea galdu zuen berriz. Baldekada bat ur. Ziegara.

Manzanas nagusia eta beste hainbat polizia goizean. Berriak. Galdeketa. Zaplazteko eta kolpe artean ezin erantzunda Laspiur. Manzanas bere onetik aterata. Zaplasteko ikaragarri bat: «Zoroa! Ergel halakoa! Hemen ez hau inork babestuko. Eta, gainera, kexuka? Baietz potroetan ostikoz eman...». Ziegara. Eta, iluntzean, berriro gora. Polizia gehiago. Txandakatze gehiago. Laspiurrek eskatu zuen bukatzeko bere bizia. Erantzuna, barrez: «Martiri bat izan nahi duk? Ez, gizona, ez! Ez zaiguk interesatzen martiriak sortzea». Hirugarren eguna. Ez zituen galderak ulertzen eta entzuten. Mehatxatu zuten familiari min egitearekin, eta espetxera bidali zuten. Hamabost egun han inkomunikatuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria