Kanpaikadak Mundakatik, eta 'Go!azen 2018' saio berezia ondoren

Sara Gandarak, Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak agurtuko dute 2017. urtea, Urdaibaitik
<em>Go!azen</em> telesaileko aktoreek kanta ezagunak abestuko dituzte, horiek sortu zituzten taldeetako abeslariekin batera, ETB1eko Gabon zaharreko saio berezian.
Go!azen telesaileko aktoreek kanta ezagunak abestuko dituzte, horiek sortu zituzten taldeetako abeslariekin batera, ETB1eko Gabon zaharreko saio berezian. ETB

Edu Lartzanguren -

2017ko abenduak 31
Iaz, Zumaiako San Telmo baselizatik (Gipuzkoa) eman zituen Gabon zaharreko kanpaikadak, eta, saioak ikusle datu onak izan zituenez (%20,1 ETB1en eta ETB2n), formula berriz erabiltzea erabaki du ETB1ek gaur gauerako. Oraingoan, ordea, Mundakako Santa Katalina baselizatik (Bizkaia) esango diote agur 2017. urteari eta kaixo 2018ari.

Herri txiki, infernu handi saioa aurkezten duten Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga arituko dira ikusleak urte aldaketan gidatzen. Sara Gandara kiroletako aurkezlearekin batera arituko dira. Urdaibaiko Biosfera natur eremuan dago baseliza. Kanpaikaden aurretik, Herri Txiki, erlojuaren kontra saioa eskainiko du Gurrutxaga-Pagadi bikoteak. Saio berezi horretan Urdaibaiko bazterretan ibiliko dira, baselizaren inguruak erakusten.

Ondoren, jaia hasiko da. Aurten, Go!azen saioaren protagonistekin egitea erabaki du ETB1ek. Go!azen 2018 izenburua jarri diote saioari, eta 00:15ean hasiko da.

Zuriñe Hidalgok aurkeztuko du. Aktoreak eta musikariak elkartuko dira estudioan. Telesaileko kantak abestuko dituzte Go!azen-eko aktoreek, baina kanten jatorrizko sortzaileen laguntza izango dute, hala nola Esne Beltza taldeko Xabi Solano, Mikel Urdangarin, Anne Etxegoien, Untza taldeko Josune Arakistain eta Gatibuko Alex Sarduirena.

Huntzaren Aldapan Gora izango da aireratuko duten doinuetako bat. Txoriak txori kantatuko dute Etxegoienekin, eta ahots askorekin ekingo diote Euritan dantzan kantari, Sarduirekin.

Bestetan binaka arituko dira: Solanok eta Paula Etxeberria aktoreak (Haizea telesailean) Nire mundu txiki polit hontan doinuari ekingo diote; Huntzako Maider Zabalegirekin batera arituko dira Miren Arrieta (Ane) eta Iholdi Beristain (Naia), Ispilu aurrean kanta abesten.

Urtzen Kaixo kanta abestuko du Aitana Etxeberriak (Elene) taldeko abeslari Xabi Camarerorekin. Horrez gain, Sorotan Bele taldeko Gorka Sarriegi, Su Ta Garreko Aitor Gorosabel eta The Uski's taldeko Iñigo Eiguren arituko dira saioan.

Amaitu da urtea

ETB2n, bitartean, ¡Se acabó 2017! saioa emango dute, 22:15etik aurrera. Ion Aramendik eta Miriam Cabezak aurkeztuko dute. Umore puntua jarriko diote saioari Humberto Gutierrezek eta Anjel Alkainek. 2017 nolakoa izan den kontatuko dute bi umoregileek. Urteko abestirik arrakastatsuenak hartu eta moldatu egingo dituzte. Herritarrek urte zaharra nola pasatu duten galdetzera kalera joango da Alkain. Horrez gain, gonbidatuak izango dituzte, tartean, Gorka Aginagalde, Iñaki Urrutia, Luis Larrodera, Estibaliz Gabilondo eta Llum Barrera.

Urteberri egunean, Anne Etxegoienek Zugarramurdin (Nafarroa) grabaturiko kontzertua emango dute, ETB1en, 22:00etan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna