Birjinez eta prostitutez harago

Telesailek emakumeaz ematen den irudiaren eboluzioa aztertu dute Katixa Agirrek, Iratxe Fresnedak, Josebe Iturriozek, Irati Jimenezek eta Itziar Zigak. Mezu kontserbadoreen artean, argi izpi liluragarriak ikusten dituzte.

Dana Scully, The X Files telesaileko protagonista. BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Dana Scully detektibea birjina da; gainerako emakume guztiak, prostitutak. Ondorio horretara heldu da Irati Jimenez kazetari eta idazlea. Gizarte fenomeno bihurtu dira azken hamarkadotan telesailak, David Lynch zinema zuzendariak Twin Peaks harekin erakutsi zuenetik ordura arte gutxietsitako generoa artelan kategoriara hel zitekeela. Baina zer-nolako balioak transmititzen ari dira telesailak, batez ere generoari dagokionez? Galdera horri erantzuteko, bost idazle, pentsalari eta irakaslek hausnarketak bildu dituzte Vírgenes catódicas / Putas recalcitrantes liburuan (Txalaparta).

Umetatik telesail zalea izan da Jimenez. Baina grina handiz ikusi zuen lehena X Files izan zen [Expediente X, X-Files: Aux frontières du réel]. Telesailean estralurtarren bisitaldiak eta beste hainbat fenomeno paranormal ikertzen ibiltzen ziren Dana Scully eta Fox Mulder FBIko detektibeak. Argi zegoen elkarrekin maitemindurik zeudela, baina ez ziren inoiz elkarrekin oheratzen. «Telesailetan oso ohikoak dira halako harreman platoniko amaigabeak», dio Jimenezek. Gidoilariek argudiatu ohi dutenez, pertsonaien arteko tentsio sexuala da telesaila elikatzen duen odola, eta oheratzen badira, interesa galtzen du ikusleak. Baina hori aitzakia dela dio Jimenezek. Halako harreman platonikoek sinesgarritasuna kentzen diete telesailei, eta, gainera, beti eragiten diete gehiago emakumeei. Mulder oheratzen zen telesaileko beste emakumeekin. Scully, berriz, sexu harremanik gabeko ukiezina zen, birjin antzeko bat.

Moderno itxura izan arren, X-Files telesailak «sistema patriarkalaren ideologia atzerakoia»islatzen zuen Jimenezen arabera. «Zein tristea den Scully bezalako pertsonaia zoragarria sortzea, eta libidoa, gizaki ororen osagaia, anputatzea».

Emazte indartsuak

Josebe Iturriozek Buffy the Vampire Slayer [Buffy Cazavampiros, Buffy, tueuse de vampires] telesailaren «irakurketa transfeminista» egin du. Oso egokia iruditzen zaio neska gazteekin autodefentsa ikastaroak emateko. Izan ere, Buffy banpiroen aurka borrokatzen da. Josh Whedon gidoilarien lana da Buffy. Beldurrezko filmetan hiltzen duten neska ilehoriaren pertsonaiari buelta eman nahi izan zion Whedonek, eta emakume indartsu bat sortu, ez biktima bat.

Talde bat osatu etaETBrako telesail bateko gidoia idaztearekin egiten du amets Iturriozek: «Sor dezagun superheroi transexual bat, irudimenezkoa baina errealitatea aldatuko duena».

Liburuan, Itziar Zigak Sex and The City telesaila aztertu du. Lanak genero aldetik «arazo asko» dituela ondorioztatu du, baina emakumeen adiskidetasunari egiten dion gorazarreak «itzalak argitzen» dituela.

Katixa Agirrek telesail «postfeminista bat» ikusi du Mad Men lanean. Iratxe Fresnedak Europa iparraldeko sailetako—Bron/Broen, Saga, Forbrydelsen...— emakumeak aztertu ditu.

Baikorra da Jimenez. Emakume konplexuz beteriko telesailak ikusten ditu gaur: The Good Wife, The Killing, Orange is The New Black... «Ezin da ukatu feminismoak aurrera egin duela eta ereduak aldatzen ari direla. Duela hogei urte telesail hauek ez ziren posible izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.