Hondarribiko alardea. ANALISIA

258 egun antzu

Arantxa Iraola -

2018ko irailak 9
Ekainaren hasierarako txilibitu hotsa ibiltzen da Irunen; irailaren erdialdera arte bizirik irudikatu behar da Hondarribian alardearen oihartzuna. Hilabete horiek ez dira akaso onenak oraindik gaiztotuta dagoen gatazka baten inguruan aritzeko, eta ulertzekoa litzateke horietan zuhurtasuna. Baina zer gertatzen da urtearen gainerako 258 egunetan? Zer ari dira egiten erakundeak orain dela 22 urte lehertu eta oraindik bizi-bizi dagoen gatazka hau bideratzeko? Nor da porrot honen erantzulea? Atzo Kale Nagusian ikusi ziren irudiek galdera horiek ozendu behar lituzkete. Izan ere, iraileko lehen astean egiten diren adierazpenek —ekainaren hondarrean, Irungo kasuan, aurretik lan trinkorik ez bada egin, ez dute deusetarako balio: lehendik nahasitako giroa oraindik ere gehiago korapilatzea dakarte. Plastiko beltzak kentzeko aspaldi eskatu behar zuten erakunde guztiek: zalantzarik txikiena egin gabe, salbuespenik gabe. Aurten azken orduan gai horren harira ohar bat ateratzeak hedabideetan goiburu asko eman dizkio seguruenera Denis Itxaso Kultura diputatuari, baina auziaren lanketa oso kamutsa da hori. Atzo ikusi zen.

Aurreko legealdian —EH Bildu foru gobernuan zela— ebatzi zen gatazka lantzeko erakunde arteko mahai bat eratzea. Egoeraren diagnosi bat egin, eta ekintza plan bat antolatu zuten: aurrera urratsak egiteko garaia zen hortik aurrera. Orduan ikusi ziren, halaber, lehen aldiz, foru agintariak desfile parekideei babesa ematen. EAJ eta PSE berriz foru gobernuan daudenetik, ordea, datu oso gutxi daude mahai horren funtzionamenduaren inguruan, eta lausoak. Erakunde gisara, halaber, alarde parekideen aldeko babes keinuak desagerrarazi egin dituzte. Hala ere, lan «iraunkorrean» ari direla esaten dute foru gobernuan: gaiari buruzko ikerketa bat ondu dutela, eta aurki «etorkizunerako ibilbide» bat hasi nahi dutela. Kontua da hiru urtean ez dela ia ezertxo ere mugitu. Eta atzo Kale Nagusian ikusi ziren irudiek gogora dakarte lan handia dagoela egiteko, eta ekintzen aroan irmo murgildu ezean auziak urteak egin ditzakeela oraino: gotortuta, gaiztotuta.

Etengabe PSEk eta EAJk «jaia ulertzeko bi moduei» buruz egiten dituzten erreferentziek, gainera, kezka besterik ezin dute sorrarazi. Tradizioaren defentsan ari omen direnek ukatu egiten dute alarde parekidearen existentzia bera, eta guztiz bidezkoa den zerbaiten ukazioan oinarritzen den ezerk ezin du izan «jai bat ulertzeko era bat». Eta hori esplikatu egin behar da, eta landu egin behar da: bizikidetzaren oinarrizko kontzeptu bat delako. Erakundeek argi izan behar lukete hori, eta gaiaren inguruko gogoeta sustatu behar lukete. Aldiz, horretarako ahaleginik ere ez dute egin urteotan guztiotan.

Tabua hitza edonon agertzen da Irunen eta Hondarribian alardeari buruz solastatzen hastean, eta gertuko erakundeek —udalek, foru aldundiak— ez dute inoiz egitasmorik sustatu edo bideratu esan ezin diren horiek lantzeko. Ezta babestu ere. Argigarria da zer jazo den eskualdeko eskoletara gaia eramateko ondu duten unitate didaktikoarekin —Irungo Berritzeguneak egin du—; klaustroetan aurkezten ere ez dira ausartu hainbat eskolatan, eta erabili dutenetan esperientzia onak izan badituzte ere, garesti pagatu dituzte. Gaia jorratzea erabaki duten zentroen kontrako arbuio mezuak eta kritikak gogor zabaldu dituzte hautu baztertzaileen aldekoek. Hezkuntza Sailak badaki zer jazo den; udalek ere izango dute, noski, sorturiko zurrunbiloaren berri. Aldiz, inortxok ere ez ditu babestu hezkuntzako profesional horiek.

Min ematen zuen atzo Kale Nagusiak. Espaloian, neska gazteak oihuka, plastiko beltzen atzean; kalean desfilatzen, neska gazte gehiago, begiak busti-busti asko, presioari aurre egin ezinik. Eta beste 258 egun antzu zenbatu beharko dira datorren urtean?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna