Ondarroatik Euskal Herrira

Alex Gurrutxaga Muxika - EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakaslea

2018ko otsailak 9
Lizardiren noranahiko hartatik Mikel Arregiren lau haizeetara ederrera, ideia berak gurutzatu du euskararen etorkizunaz kezkatu den jende gehiena: nahi zaitut noranahikoa, zoaz urruti airean.

Ibilitako bidearen miraz

Iñigo Martinez futbolariak Ondarroako hizkeran idatzitako testuak hautsak harrotu baditu ere, ez da gauza berria batuaren eta euskalkien gaiak zalaparta sortzea —pixka bat kokoteraino ere bagaude honezkero, ezta?—. Mende erdia joan da Txillardegi, Mitxelena eta abarrek euskara batuaren bidean jarri gintuztenetik, eta ez genuke pausoa luzatu behar bide hori ibilia ez bagenu bezala.

1985ean, Euskara-Euskalkiak jardunaldia antolatu zuen Eibarko Udalak. Dozena bat adituk parte hartu zuen bertan, eta, modu batera edo bestera, guztiak zetozen bat: euskararen etorkizuna batasunean oinarritzen da. Iruzkinaren interesagatik, Jean Louis Davant ürrüstoitarraren hitzak aldatuko ditut hona: «Etorkizuna batutik pasatzen da nahi ala ez. Ziberoera, frantsesak hiltzen du, ez batuak. Alderantziz, batuak du biziaraziko. Ziberoera eta batua, biak behar ditugu, elgarren laguntzaile eta osagarri. Batuaren erroak eta sustraiak eta zahiak dira euskalkiak. Hauek gabe, ezin da bizi batua. Hizkera hotz eta motz, artifizial, mineral bat gerta laiteke, sendimendu barik, bizirik gabekoa, esperantoa bezala». Gaur ere azalpen egokia litzateke Davanten hura.

Mende erdia baino gehiago joan da, bai, euskara batu modernoaren bidea seinalatu zigutenetik eta, horrexegatik, ja ez da zilegi argudio zenbait letania bezala errepikatzea. Esate baterako, nola kontsola gintezke «sikiera euskaraz egin du» pentsatuz? Eta «euskalkia aberatsa da» esatea ere ez da honezkero ezeren argudioa. Nork ez daki euskalkietan sekulako indarra dagoenik? Ez ote zekiten hori Txillardegik, Mitxelenak, Arestik, Lekuonak...? 2018an Fernandoren egia hori errepikatzea azalkeria erabatekoa da.

Baina euskalkien aberastasunaren argudio sendo ustekoa darabilen zenbaiti epelak esateko motiboa beste bat da: argudioak berekin du bertan goxo egiteko arriskua.

Txokoan goxo

Bere txokoan eta txokokerian goxo egin nahi duenik sumatzen da oraindik ere. Adibidez —eta barkatuko ahal didate nire bihotzeko Urolakoek—, Azpeitian badaukate Azpeitiarrez Natul izeneko proiektu bat. Natul, inork erdararik ez baleki esango dut, natural hitzaren aldaera da; dena oso garbia eta euskalduna eta labelduna, Azpeitian —eta gure etxean ere— esaten diren rotonda, polideportibua eta kanpofubola bezala, eta batzuek etengabe idazten duten y bezainbat. Zergatik sortua den proiektua, ezetz asmatu? «Gure herriko hizkerie aberatsa dala iruitze zaigulako». Harrapa ezan.

Beste adibide bat. 2016an, Imanol Azkoitiak Oscar Wilderen Dorian Grayren egiazko erretratua argitaratu zuen, Azpeitiko euskaran. Elkarrizketa batean zer esango eta, ez dela euskara batuaren oso zalea. Espero izatekoa zen bezala, aditu zenbaitek laster salto egin zion lepazamarrera. Guztien artean, Juan Luis Zabalak —azkoitiarra bera— txio batean esandakoa ekarriko dut; izan ere, hau bai dela argudio serio bezain mingarria: «Batua ez duela maite dioena esaten ari da euskalkiek balio ez duten eremuetan erdara nahiago duela batua baino». Hahor, zein den euskalkiaren liluran goxo egiten duenaren arriskua.

Ondarroatik Euskal Herrira

Beste modu batera ere egin liteke gogoeta. Pentsa, irakurle: zergatik jotzen dute Andaluziako (Espainia) kirolari askok espainol estandarrera Espainiako telebista estataletan, eta, aldiz, gure kirolari askok egiten dute telebista nazionalean etxeko hizkeran?

Jakin badakigu Ondarroako euskara bizi-bizia dela, eta aspaldi dakigu zaindu eta erabili beharra dagoela —beste edonongoa bezainbat—. Baina badira esparruak zeinetan euskalkiak ez duen balio —telebista nazionalean, EHUko klasean, bertsolari txapelketan, etab.—, eta horietan euskalkia erabiltzeko hautua egiten duenak erdara hauspotzen du zeharka. Martinezen euskarazko testuaren ondoan, gaztelania estandarrekoa zegoen —RAEren arauak betez idatzia, acabáramos—; zein irakurri ote zuen Oiongo nire adiskideak? Nazio mailan ezaguna den futbolaria, herriko hizkeran egiten duenean, nori ari zaio? Espero edo nahi al du Baigorrin, Kripanen edo Burgin uler dezaten?

Espainian TVEn hizkerari uko egin eta estandarra hartzen duen hiztunak nazio kontzientzia argia dauka; ETBn etxeko sukaldean bezala ari denak, ez. Eta horrek ez dauka zerikusirik euskalkiaren aberastasunarekin, baizik gure nazio ikuspegiarekin, gure, nahi bada, abertzaletasunarekin.

Batua aberastu

Mende erdia euskara batu modernoaren bidean, eta gure aurrekoen desio berak tiraten digu: nahi haunat noranahikoa, hoa urruti airean. Baina nola lortu euskarak egin dezan euskal herria? Bakoitzak izango du bere ustea, eta nik ere badut nire ustela.

Egun, kontua ez da euskalkiak aberatsak diren ala ez. Kontua da zer eta nola egin behar dugun euskara batuan erdietsi dezagun euskalkietan daukagun eraginkortasuna, bizitasuna, emozioa. Esango nuke makina bat adibide edo eredu daukagula: bertsolaritza, nabarmenen; edo —neure inguruko adibideak jartzearren—, Txiliku, Iñaki Segurola, Anjel Lertxundi...

Herri hizkerek euren eremua daukate, eta saiatu behar genuke bizitasun horri eusten. Batuaren esparru nagusia nazionala da, eta hor euskalkiaren funtzioa batua elikatzea da, ez hura ordezkatzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna