Zuk ere ez al dakizu noiz ari zaren inor bortxatzen?

2017ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Modan dugu mikro-matxismoa terminoa. Mikro-soziologia erabili dute soziologoek zer eta eguneroko jardun eta bizipen hurbilenak izendatzeko. Gauza handiak urrun gertatzen omen dira. Errealitate makroaren indar eta joerek larri eragiten digute, baina urrunegiak eta abstraktuegiak dira guk aldatu ahal izateko, ez daude gure eskura... Gu mikroak gara, nahikoa dugu makro-erauntsietan abaroak eta ihesbideak topatzearekin. Nahikoa dugu, adibidez, geure burua zuritzearekin makro-matxismo abstraktua salatuz, eta bidenabar gure ezaugarri natural, gure eskubide normal eta gure lorpen guztiz merezituak gozatzearekin. Eta okerragoa, nahikoa dugu matxistak besteak direla salatzearekin, usu beste diren besteak.

Mikroari eragiteko, gorroto eskubidea aldarrikatu nahi dut. Gorroto delitua noranahi zabaltzen ari den honetan, nik gorrotoa defendatu nahi dut, ez pertsonak jo eta bertan hiltzeko asmorik dudalako, edo inori kalterik egiteko deia haizatu nahi dudalako. Bai, ordea, praktika, ideia, balio eta izaera askori diodan gorrotoa aldaketa eragile segurutzat dudalako. Duintasun bermea, gainera. Egia da, maiz ez da gorrotoa, maiz nazka eta higuina baino ez da. Goragaleak jota ibili naiz, esaterako, Iruñetik iritsi zaizkigun adierazpen askorekin. Zertan alboratu sorrarazi didaten gorrotoa?

Gorrotoa delitua da behetik gora doanean; eskubidea boteredunentzat, delitua botere-gabeentzat. Egunero legitimatzen da ozen eta harro menderatu, baztertu eta esplotatuen kontrako gorrotoa. Egunero jazartzen da gorroto iraultzailea. Oker gabiltza uste badugu jazarpen hori makroa dela. Gorroto iraultzaileen kontra, nazka eraldatzaileen kontra, ugari dira jazarpen mikroak. Eta askotan begirada luzatu barik, berehala ikusten dugu nor den zapaltzailea, nor ari den diskurtso eta praktikaren borra astintzen. Kasurako: norbera, mikro-matxista jator hori, bere botere-tasari heldu nahi dion matxista natural eta normalizatu hori. Erraz entzungo diogu feminismoak irabazi duela esaten, edo erakunde eta goi klaseen ideologia dela, edo feminazien mende bizi garela. Ai ene, mikro-zapaltzaile zapalduak!

Matxismoa ez da ideia edo praktika okerren sorta bat, are gutxiago naturak eman digun izaera baten ondorio nahigabea. Matxismoa jendea egiteko makina politikoa da: batzuk, ganorazko gizonak, jokalari oldarkorrak izan gaitezen, beti oldarrean buru; besteak, ganorazko emakumeak, mendeko zerbitzariak, gozotasun guztiak emateko prest dauden otsein otzanak.Horrela, bada, gizonok sistemaren joko perbertsoan jokalari trebeak izan behar dugu, alegia, aginteari men egin eta aldi berean arauak hausteko ausardia izan behar dugu, beti hala edo nola gailentzeko. Edonon, talde iraultzaileetan ere, gizon on konplituak ondo erakutsiko du aurretik doala, buruzagi oldarkorra dela, abangoardiako aitzindaria. Eta edonon erakutsiko du oso abila dela kontuan hartzen agintea eta aginteduna. Nola ez da tronpatuko mendekoekin dituen harremanetan? Haien gainean, haien kontra, haienaz jabetuz ase behar du berezko desiotzat duen erasorako pasioa.

Gehiegikeria histerikoetan ari naiz? Datu bat bakarrik, EAEko Segurtasun Sailak emandako datua: 4.519 emakumek dute Ertzaintzaren «babes aktiboren» bat, 52k bizkartzaina. Antza, 4.519 gizon prest gaude, egon gaitezke... zertarako? Nondik irten da halako ostea? Zein talderi, zein ideologiari egotziko diogu eraso grina hori? Ez da behar halakorik, jakina, gizarte patriarkalaren inertzien emaitza baino ez da. Gizonok eraso grinak bizi behar gaitu, kanporako hedakortasun amaigabeak; andrazkoak barrurako mirabetza artatsuak. Botere logika orokorra da, genero eta sexu kategorietatik harago, harreman guztietan gorpuzten den jokamoldea.

Zuzenean edo zeharka ganorazko gizona izateko hezi gaituztenok patriarkatuaren aginte agenteak izateko hezi gaituzte: edonoiz aktibatu gaitezkeen erasotzaileak izateko. Baina hori bera ere enoratu behar dugu. Antza, ganoraz gizondutakook ez dugu jakin nahi, ezta behar ere, noiz ari garen andrazko mirabe otzana mikro-bortxatzen. Zuk ere, akaso, ez dakizu noiz ari zaren inor bortxatzen. Sinesten dizut, hala egin gaituzte, ia-ia biktimak gara, ezta? Ez, ez, inolaz ere ez. Ez, matxismoan hala edo nola egokitzearen alde egiten badugu, ez konplize aktibo eta esplizitua ez izatearekin konformatzen bagara. Egia esan, on gizonduok aukera gutxi ditugu matxismoaren aurrean: matxista pasiboak edota zaharberrituak garenean funtsean 4.519 horiekin lerrokatzen gara, funtsean pribilegio matxista txiki eta handiak izu eta oinaze matxistan bermatzen direlako. Mikroa oso larria delako. Hala ere, badugu bestelako aukera: iraultza feministari jarraitu eta gure mikro-iraultza egin, alegia, gure baitako feminista histeriko iraultzailea izan eta nork bere burua irauli. Ez da erraza, ez dugu beti asmatuko, areago, ez dut uste santu perfektuak izaterik dugunik ere. Baina nik erraietatik gorrotozko oka egin gura dut, egin beharra dut. Nolatan ez izan gorrotorik gorpuztu dugun gizontasun hegemonikoari?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.