Kataluniak badu 'president'-a. Luzerako ote?

Guillermo Ormazabal Sanchez - Gironako Unibertsitateko Zuzenbide katedraduna

2018ko maiatzak 16
CUP alderdi antikapitalistaren abstentzioari esker, Kataluniako Parlamentuak Quim Torra aukeratu ahal izan du Generalitatearen presidente berri. Hautapenak gobernu baten osaera ekarriko du, eta, are garrantzitsuago dena, Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren bidez ezarritako esku-hartze neurriak bertan behera uztea. Gertakariok, hala ere, ez dute etorkizuna inondik inora ere argitzen eta Kataluniako politikaren zeru-mugak areago izango du ziurgabetasuna ezaugarri nagusi, azken urteotan gertatu den bezala. Has gaitezen, bada, ziurgabetasun honen osagarri batzuk aletzen.

President-e berriak bere burua Puigdemonten ordezkari edo eliz terminologiari jarraikiz bikario aurkezten du. Nagusitu den diskurtso legitimistaren arian, bera izango omen da Puigdemont benetako presedente zilegiaren longa manus-a Kataluniako barne arazoen ardura politikoa bere gain hartzeko eta eguneroko administrazio zereginak kudeatzeko, betiere Berlingo goi zuzendaritzaren begiradaren pean. Eta hemen dator, hain zuzen ere, lehenengo galdeikurra. Izan ere, Puigdemonten egoera judiziala argitzeke dago oraindik, eta litekeena da Espainiara estraditatzea. Hala gertatuz gero, egoera bikarialetik protagonismoaren lehen lerrora igaroko litzateke Torra. Gai izango ote litzateke orduan gobernuaren kohesioari eusten? Puigdemonten lidergo aktiborik gabe, lortuko al du bi alderdien posizio kontrajarriak batera ekartzea eta gobernuaren lemari esku artean tinko atxikitzea?

Bestaldetik, kontuan hartu behar da Govern berriak ez duela izango gehiengo parlamentario baten babesik. Prest egon da CUP Torraren hautagaitzari oztopoak ez jartzera, baina horrek ez du esan nahi aurrerantzean ere beren zurkaitz parlamentario izango denik. Oso bestela baizik, tarte ideologiko sakon batek banantzen du CUP gainontzeko alderdi subiranistengandik. Eta, gainera, independentzia eta errepublikara iristeko pauso eraginkorrak exijituko dizkio ezkerreko koalizioak. Zalantzarik ez, President berriak sintonia bete-betea sentitzen du CUPi atsegin zaion bide-orriarekin, baina egia da ere Espainiako Gobernua ez dela ikaratuko 155. artikulua berriro aplikatzeko, Torraren kabineteak erabaki jakin batzuk hartzen baditu behintzat. Auzitegiak eta Fiskaltza ere erne daude exekutibo berriaren mugimenduen aurrean, eta ez dira kikilduko azken garaietan hartu dituen neurriak edo gogorragoak- berriro ere hartzeko. Gogora ekar dezagun, gainera, PPk Katalunian ez duela dagoeneko ezer askorik galtzeko azken hauteskundeetako porrot historikoaz geroztik, eta, aldiz, orpoz orpo dabilkiola Cs Moncloara iristeko lehia estuan. Kataluniarekiko politika gogorra, beraz, nahiko errentagarria gertatuko litzaioke PPri hauteskundeei begira.

Torraren joko eremua, ikus daitekeenez, ez da ziurrenik berak nahi lukeen bezain zabala izango, agintaldi motz bat nahi ez badu, behintzat. Sinbolismoz beteriko urrats nabarmen eta efektistak emango ditu, noski, gobernu berriak, besteak beste, batere ondorio juridikorik izango ez duen prozesu konstituzio-emaile bat abiarazi eta batzorde bat eratu, 155aren aplikazioak eragindako egoera ikertuko duena. Iraganaren esperientziak, baina, argi utzi ditu zeinen estuak diren errealitatearen mugak eta, ziurrenik, Govern berria, horretaz jakitun, saiatuko da haiek ez zeharkatzen.

Adostasunak lortzeko lana, gainera, ez da soilik antikapitalistekin latza izango, baita ERCko gobernu kideekin ere, nahiko ezagun eta ageriak direlako euren arteko diferentziak, ez bakarrik 155a ezarri eta gerokoak, baita lehenagokoak ere, independentzia aldarrikatu aurreko egunetakoak, alegia. Ez dugu ahantzi behar ERC JxCat-aren lehiakide naturala dela, eta eman beharreko pausoez den bezainbat oso bestelako iritziak izan eta izango bide dituztela. Puigdemonten lidergo eta arrakasta mediatikoa ere errepublikazaleen hauteskunde interesen kaltetan doaz. Elkarren arteko desadostasunok erabaki handiak saihestea eragin lezakete, eta baita gobernuaren jarduera kudeatze arruntera mugatu ere, hedabideen aurrean efektu kolpeak ikusarazi arren. Hala izanez gero, CUPekiko harremanak ez dira samurrak izango eta bere babes parlamentarioa galtzeko arriskua legoke.

Geroak zer ekarriko duen erdikusteko saio hau ez luzatzearren, badago oraindik beste aukera bat gogoan hartu beharrekoa, Puigdemont berak italiar egunkari bati arestian aipatua: datorren urriaren 27tik aurrera berriro ere hauteskundeak deitzea ahalbidetzen du legeak eta litekeena da Torrak ahalmen hau erabiltzea, Puigdemonten hitzetan, Estatuak «jazarpenarekin jarraitzen badu». Agian larrialdi-balazta pentsatuta dago azken aukera hau Puigdemonten egitasmoetan, baina, edonola ere, ez dago aztia izateko beharrik Kataluniari etorkizun politiko ezegonkor eta gatazkatsu bat igartzeko. Argi dago, halaber, bere horretan iraungo dutela aurrerantzean ere procés-ak berezkoak izan dituen ezaugarri nagusiak: etengabeko inprobisazio eta bat-bateko ustekabeak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna