Mikel Diez eta Xabier Urrate. Takolo bekaren irabazleak

«Beldur handia nion botak kentzeari»

Udan Kaxmirko Nun mendi ezezagunera (7.135 metro) egindako espedizioak, saria izan du Xabier Urraterentzat eta Mikel Diezentzat: Azpeitiko Udalaren, Lagun Onak mendi taldearen eta GMFren Joxe Takolo beka jaso dute.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Unai Ugartemendia -

2017ko abenduak 5
Pozik eta irribarrez agertu dira hitzordura. Neguaren gordintasuna nabari da kalean, hotz handia egiten du. Langileak dira biak, fabrika batean Mikel Diez (Zumarraga, Gipuzkoa, 1981), eta eraikuntzan, berriz, Xabier Urrate (Urretxu, Gipuzkoa, 1965). Egunaren hondarrean eta zerbeza bat lagun, udako proiektuari buruzko xehetasunekin hasi dira.

Nondik datorkizue zaletasuna?

XABIER URRATE: Gaztetatik, ikastolako garaietatik. Mendi irtenaldietan hasi nintzen ikastolarekin, eta gerora urte batzuetan hainbeste ibili ez arren, txirrindularitzan ibili nintzelako, urteekin, berriro ere mendian hasi nintzen, lehenik eskalatzen, eta gero denetik pixka bat egiten.

MIKEL DIEZ: Ni ez nintzen hain gaztetan hasi. 20 urterekin hasi nintzen. Gogoan dut gurasoekin eskiatzera joan nintzela Alpeetara, eta bertatik ikusi nuen Mont Blanc mendia. Amari esan nion: «Egunen batean hara joango naiz». Amak, berriz, ea erotuta nengoen esan zidan. Helburu horrekin hasi nintzen. Goierrin alpinismoko hastapeneko ikastaro bat egin nuen beste lagun batzuekin batera. Han hasi zen nire ibilbidea. Gero, kanpora joan nintzen ikastera, eta bertan ezagutu nuen gaur egun neska laguna dudana. Bera, ordurako alpinista zen, eta handik aurrera hasi ziren nire Pirinioetako itzuliak.

Biok Pirinioetan ibilitakoak zarete. Urte asko pasatuko ziren, baina gogoan al duzue Pirinioetan igotako lehen mendia?

M.D.: Nirea Bisaurin [Huesca, Espainia, 2.668 metro].

X.U.: Nirea, berriz, Auñamendi [Okzitania, 2.504 metro].

16 urteren aldea duzue. Nola ezagutu zenuten elkar?

X.U.: Giza probatan ezagutu genuen elkar. Entrenamendu onak izaten ziren haiek mendirako!

M.D.: Xelebrea izan zen. Garai hartan lehia handia zegoen bi herrien artean. Norbera bere herrikoekin bakarrik lehia zitekeen. Ni, esaterako, ezin nintzen urretxuarrekin lehiatu. Uda horretan Perura joatekoa nintzen, eta, mendirako ona zen aitzakiarekin, giza probatan entrenatzen hasi nintzen, urretxuarrekin. Geroztik, handiak entzundakoak naiz! [barreak].

Eta biok mendira egindako lehen irtenaldia, gogoan al duzue?

X.U.: Giza probatako entrenamenduen ondorioz askotan hitz egiten genuen mendiko kontuez. Gure lehen irtenaldia Txindokiko ertzera izan zen. Ni, Aconcaguatik etorri berri nintzen.

Zure ibilbidea, Urrate, ez da hasiberri batena. Aurretik egona zinen Aconcaguan (Argentina, Andeak, 6.962 metro), Cho Oyun (Nepal-Txina, Himalaia, 8.201 metro)…

X.U.: Oso esperientzia onak bizi izan ditut mendian. Cho Oyukoa, esaterako, kristorena izan zen. Bi lagun handirekin joan nintzen, Pedro Garcia ordiziarrarekin eta Oier Plazaola zumarragarrarekin. Pedro ikaragarrizko pertsona eta mendizalea da, eta asko gozatu nuen nire lehen zortzimilakoaz. 49 urterekin igo nintzen, askorentzat, agian berandu, baina ondo moldatzen naiz altueran, eta oraindik funtzionatzen dut. Hala ere, Nunekoa gogorragoa egin zait, Cho Oyukoa baino.

Zuk, Diez, esperientzia gutxiago zenuen mendi garaietan.

M.D.: Bai. Mont Blanc egin ondoren, gauza teknikoagoak egiten hasi nintzen. Lehen espedizioa 2010ean egin nuen, neska lagunarekin. Perura joan ginen, eta, han, Urus [5.420 metro], Ishinca [5.530 metro], Tocllaraju [6.032 metro] eta Chopicalqui [6.354 metro] igo genituen. 2012an Boliviara joan ginen beste bi lagunekin batera, eta han, Pequeño Alpamayo [5.410 metro], Huayna Potosi [6.088 metro] eta Illimani [6.438 metro] zapaldu genituen. Iaz, Khan Tengri [Kazakhstan, 7.010 metro] igotzen saiatu nintzen arren, ezin izan nintzen igo eguraldiarengatik. Azken esperientzia hori ederki etorri zait aurtengorako.

Aurten biok batera joan zarete Himalaiara. Zergatik Nun mendira (7.135 metro)?

X.U.: Hasierako ideia, Manaslura [Nepal, 8.156 metro] joatea zen Pedro Garcia eta beste batzuekin. Mikel eta biok, asko pentsatu ondoren, eta lana eta aurrekontua kontuan hartuta, ezetz esan behar izan genion.

M.D.: Nik lanarekin arazo handiak nituen. Ez nituen nahikoa egun horrelako espedizio batera joateko. Horrela, bi aukera aztertzen hasi ginen: alde batetik, Ismail Samanira [Tajikistan, 7.495 metro, garai bateko Comunismo mendia] edo Nunera [Kaxmir, 7.135 metro] joatea; bestetik, Perura itzultzea. Azken hori nahiko azkar baztertu genuen, eta Comunismora joateko bidaiak asko zaildu dira azkenaldian. Horregatik aukeratu genuen Nun.

Aspaldiko helburua al zenuten Nun?

M.D.: 2011tik buruan nuen. Aurrekonturen bat ere eskatu nuen orduan, baina baztertua nuen aspaldian. Xabierri iritzia eskatu nion, nahiz eta ez nion dokumentazio handirik eman. Oso informazio gutxi dago hari buruz, izenak esaten duen bezala, mendi ahaztua da. Eslovakiar batzuek egindako espedizio bateko zerbait aurkitu nuen, baina ezer gutxi.

X.U.: Pedro Garciak eta Ander Goitiak saialdi bat egina zuten 2015ean. Bigarren kanpalekura iritsi ziren, eta Pedro gaixotu egin zen. Etxera itzuli behar izan zuten. Haiei iritzia eskatu genien, eta joateko esan ziguten. Oso jende gutxi ibiltzen zela, eta oso ikusgarria zela esan ziguten.

Espedizio laburra izan zen zuena; aurrekontu aldetik ere laguntzen duen espedizioa da.

M.D.: Bai, hori ere kontuan hartu genuen. 2011n eskatu nuen aurrekontuarekin alderatuz, hirukoiztu egin da. Hala ere, zortzimilakoak baino merkeagoa da. Gutxi gorabehera, 5.000 euroko aurrekontua izan dugu bakoitzak.

Nolakoak izan ziren aklimatazio egunak?

X.U.: Oso ondo ibili gara. Materiala garraiatzen irtenaldi batzuk egitea tokatzen da gurea bezalako espedizio batean. Lehen kanpalekura hiruzpalau bidaia egin genituen, eta, konturatzerako, altuera irabaziz joan ginen. Laumilako beste tontor batzuk ere egin genituen. Bestalde, ez dakit zorte ona edo txarra izan zen, baina bigarren kanpalekuan, 6.000 metrora, hiru egun egotea tokatu zitzaigun, eguraldiaren ondorioz.

Beldur pixka bat ere pasatu omen zenuten toki horretan.

M.D.: Pixka bat baino gehiago. Bigarren gauean haize bolada indartsuak izan genituen, eta janaria ere murriztuz zihoan. Ez genuen denbora askorik sobera gailurrerako saialdia egiteko.

X.U.: Leku horretan hiru denda jartzeko lekua besterik ez dago. Horietatik bi hartuak zituzten indiar batzuek, eta guri moldatzea tokatu zitzaigun. Metro koadro batean jarri behar izan genuen denda. Behean mila metroko amildegia genuen, pentsa...

Urratek esperientzia badu zortzimilako batean; baina zu, Diez, nola moldatu zara halako altuerara?

M.D.: Ondo. Egia esan, orain artean behintzat nahiko ondo aklimatatu izan naiz. Iaz Khan Tengrinen eta aurten Nunen, gustura sentitu naiz. Altueragatik baino gehiago, hotzarekin sufritu dut. Inoiz ez dut hainbesteko hotzik pasatu.

Gailurretik azkar jaitsi nahi omen zenuten; izozte sintomak nabari al zenituzten?

M.D.: Beldur handia nion botak kentzeari. Gailurrerako bidean izugarrizko hotza pasatu nuen, eta ez nekien zer aurkituko nuen galtzerdia kentzean. Denbora batean behatz potoloak ez nituen sentitzen botarekin hamar kolpe eman arte. Behatzak izoztuta izateak beldur handia sentiarazi zidan.

X.U.: Nik ere eskuineko oina nahiko ukituta ekarri nuen. Azazkalak erori zaizkit lau behatzetatik, baina ez da ezer larria izan. Hotza handia egin zuen, eta Nima xerpak berak ere esan zigun, inoiz ez zuela hainbesteko hotzik pasa.

Zuen espedizioko irudiak ikusita, orain 30 urteko espedizio bat ematen zuen; izugarrizko pisuarekin ibili behar izan duzue. Horrela pentsatuta al zenuten?

M.D.: Dena gainean eraman behar genuen une oro. Janaria, denda, zakuak, sua... Ez genuen xerparik eraman, eta horrek gauzak asko zailtzen ditu.

Urrate, zein dira Cho Oyuren eta Nunen arteko alde nagusiak?

X.U.: Nun exijenteagoa da teknikoki. Askoz ere ederragoa iruditu zait Cho Oyu baino. Han aurkitu genuen jendetzak ez du zer ikusirik Nun mendian aurkitu dugun bakardadearekin. Asko gozatu dut han.

Espedizioak Joxe Takolo beka eskuratzeko balio izan dizue. Espero al zenuten?

M.D.: Sekulako sorpresa izan da. Deitu zidatenean ezin nuen sinetsi. Aurtengoa espedizio ezberdina zen, leku ezezagun batean, inongo konexiorik gabe, zailtasun handiagoekin... Badaezpada bidaltzea erabaki genuen, eta zorte handia izan dugu.

X.U.: Egia esateko, hasieran lotsa eta guzti ematen zigun aurkezteak. Askotan pentsatzen nuen: «Nola irabaziko dugu guk?».

Irabazi dutenen artean proiektu eta izen handiak daude, esaterako, Pumoriko espedizioa, Xabier Ormazabal, Leire Agirre, Jonathan Larrañaga, Incognita Patagonia… Zergatik uste duzue aurten zuei eman dizuetela?

X.U.: Esan zigutenez, Joxe Takoloren izaera eta ibilbidea bete-betean islatzen zituelako. Takolok berak hain gustuko zituen espedizio baten antzekotasuna ikusi dutela ere esan ziguten.

M.D.: Guztira lau proiektu aurkeztu dira, baina niri poz handiena zerak ematen dit epaimahaikide guztien adostasuna erabatekoa izan zela. Beraz, zerbait ondo egingo genuen! Ohore bat izan da guretzat diru laguntza hau jasotzea.

Sariak zer ekarriko du, beste espedizioren bat agian?

M.D.: Bi aste barru aita izango naiz, eta uste dut denbora batean etxean gelditu beharko dudala. Bromak aparte, mendiko gauzetarako erabiliko dugu, ziur.

X.U.: Lehenik, afari elegante bat egin behar dugu! Mendiko materiala berritu beharra badut, eta uste dut horretan gastatuko dudala. 2019rako zerbait badut pentsatuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria