KRITIKA. Donostiako 81. Musika Hamabostaldia

Oihal fina

2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun

Santa Maria Kapera

Zikloa: Antzinako Musika. Musikariak: Carlos Mena (kontratenorra eta zuzendari artistikoa), Jone Martinez (sopranoa), Carlos Garcia-Bernalt (klabea). Egitaraua:Catene d'Amore: D. Scarlatti, F. Durante, A. Steffani, G. M. Bononcini eta G. F. Haendelen obrak. Lekua: Donostiako San Telmo museoa. Eguna: Abuztuak 3.

Hainbat errepresentazio artistikotan antzeman daitekeenez, arte barrokoan Grezia klasikoaren mitoen eta edertasun kontzeptuaren idealizazioak izan ohi ziren espresio bide. Ahots-musikaren kasuan, poesia sentikorraren eta garaiko baliabide harmonikoen arteko bat-egitean marmolezko eskulturak ere hunkitzeko moduko obrak sortzen dira. Carlos Mena kontratenorrak sortu eta zuzentzen duen Santa Maria Kaperaren programa, maitasunezko kateek ez ezik, barrokoaren ahots-errepertorioaren gaineko ezagutza sakonak ere lotu zuen.

Antonio Scarlattiren izena hain zen garrantzitsua, ezen Francesco Durante konpositore napolitarrak haren errezitatiboen gainean dueto osoak idatzi baitzituen, besteak beste, Carlos Menak eta Jone Martinez sopranoak dramatismo eta lirikotasun handiz interpretatu zituzten Dormono l'aure estive eta Al fin m'ucciderete. Melodiak margotzeko pintzel zorrotza eta tinbre aberatsa dute biek, arnasa eustera behartzen duten zertzeladak nonahi. Carlos Garcia-Bernaltek klabean hasieratik erakutsi zuen sen onak goia jo zuen Johan Caspar Kerllen tokatan.

Kontzertuaren bigarren zatia XVIII. mendean Londres operaz hornitzeko Royal Academy of Music izeneko konpainiaren enkargua jaso zuten Giovanni Maria Bononcini eta Georg Friedrich Haendel konpositoreei eskaini zitzaien. Garcia-Bernalten sostengu bikaina lagun, Bononciniren Lasciami un sol momento kantatan Menak bere instrumentuaren ehundura anitzak erakutsi zituen, koloraturak artile samurraren goxotasunaz josiz. Haendelen Stelle, perfide stelle kantatak argi utzi zuen Jone Martinezen ibilbideari hurbiletik jarraitu behar diola musika barrokoa maite duen edonork. Bere ahotsak ñabardura ederrez betetzen ditu beheko zein goiko erregistroak, poesiaz betetako doinuei neurrira moldatzen zaien zeta fin eta distiratsua.

Barrokoaren oihala ehuntzeko kalitate goreneko hari leuna ekoiztu zuten biek, traizioaren eta abandonuaren sentimenduek sortzen duten hotzean goxo, pasioen sargorian bizi eta fresko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.