ERREAKZIOAK

2020ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
«Euskarari eman zion prestigioa eta indarra. Euskal kultura nola jaso zuen eta zer indar eman zion, eta zer eskola eman zigun atzetik etorri ginenoi».

Garbiñe Ubeda EIEko lehendakaria

«Egunkaria itxi zen garaian, bertako langile nintzen, eta Martxelo, Torrealdai eta besteak espetxetik atera ziren heinean haiei egindako dantzak nik inoiz egin ditudan berezienetakoak dira».

Jon Maia Dantzaria

«Gizon patxadazkoa ikusi dutbeti harengan. Sen oneko hitzak egiten zituen beti, eta oso irizpide zehatzak eta lasaiak. Bestalde, talde lana egiten zekien, eta, horri esker, ekarpen handiak egin ditu».

X. Mendiguren Bereziartu Kontseiluko idazkari nagusi ohia

«Zulo handi bat utzi digu Joan Marik. Laguna izateaz gain, gure herrigintzan gizon handi bat zen. Semeak galdetu dit zein zen Joan Mari, eta esan diot gure herriko gizon inportante bat zela».

Iñaki Uria 'Egunkaria'-ko kontseilari ohia

«Joan Mari izan da pertsona bat herri honen alde asko egin duena, euskal kulturaren, euskararen eta Euskal Herriaren askatasunaren alde. Eta, gainera, larrutik ordaindu behar izan du hori».

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea

«Joan Mari bera zen ondarea, baina harengandik jasotako ondareari gehiago erreparatu behar diogun sentsazioa dut, eta konpromiso horri eusteko grina badut. Guregan bego».

Josune Ariztondo Irakaslea eta politikaria

«Hitz bakar batean laburtu beharko banu, kalitatea da hitza. Kalitate intelektuala bai, baina, batez ere, kalitate humanoa zuen Joan Marik. Orain ikusten ari gara zenbat maite izan dugun eta maite dugun».

Laura Mintegi EHUko irakaslea

«Ezagutu nuen garaiarekin gelditzen naiz, karrera amaitu berritan. Torrealdai beti izan da erreferente bat, eta, ondorioz, hutsune oso handia uzten du. Baina, zorionez, uzten digun lana ere handia da».

Josu Amezaga EHUko irakaslea

«Nik nabarmenduko nuke bere lanerako kapazitate ikaragarria, jendearekin harremanak izateko;eta lanean segitu duela azken punturaino, bai bakarkako lanean, baina baita taldeko lanean ere ».

Sagrario Aleman Euskaltzaina

«Joan Marik egin zuen plan bat Euskaltzaindiak duen altxor bat, Azkue liburutegia, Euskararen liburutegi orokor bihur zedin. Euskal Herriko liburutegi nazionalak Torrealdai izena eraman beharko luke».

Patxi Zabaleta Euskaltzaina

«Une honek gogoeta garrantzitsu bat eskatzen du, eta da Joan Marik uzten duela egindakoen uzta bat. Ez da ohikoa topatzea herri honek irauteko behar dituen oinarrietan hainbeste lan egin duenik».

Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzailea

«Memoriak markatu egiten du, eta badu zerbait arraroa elkarrekin izandako garaiak gogoratzean. Esker ona amaiezina da, eta poema zahar hura: 'Eta heriotzak ez du jakingo zer egin hainbeste bizirekin'».

David Fernandez Kataluniako lagunen partetik

«Jakinduria eta tinkotasuna aipatuko ditut; Jakin izenak badu zerikusia berarekin. Jakintasun hori aplikatu du herri honen mesedetan; eskertzekoa da hori».

Joseba Egibar GBBko lehendakaria

«Prentsa askatasunaren defentsak, zoritxarrez, heroiak behar ditu, hori bilatzen ez badute ere; bidezkoa dena baino gehiago eman behar izaten dute. Torrealdai ohorezko zerrendan agertzen da».

Vicent Partal VilaWebeko zuzendaria

«Berak aipatzen zuen nola ikusi zituen guardia zibilak bere apunteak, ikerketak eta liburuak lurrera botatzen, eta zapaltzen. Sentimendu askorekin bizi zuen hori, sufrimenduarekin. Hori dut buruan».

Iñigo Iruin Abokatua

«Sintonia handiarekin funtzionatzen genuen. Uste dut ikertua izango den pertsona bat izango dela, eta ikertzeko moduko ondarea utzi duela. Multidiziplinarra izan da bere jardun eremua».

Xabier Oleaga Egunkaria-ko auzipetua

«Euskal Herriari gauza on asko ekarri zizkion. Joan Marik iturri onetatik edan zuen, noski, eta beti erakutsi zigun bertan sustraiak bazituela, baina, aldi berean, munduari ere zabaldu behar zaiola».

Mari Karmen Garmendia Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia

«Egunkaria-ko kasua itxi zenean, berak nabarmendu zuen: ez ahaztu. Inportantea da ez ahaztea; hor galdera askoren erantzunak daude, batez ere memoria historikoa nabarmentzen dugun honetan».

Garikoitz Udabe Kazetaria

«Berari eta beste hainbati esker, nire buzoian egunero dago euskarazko komunikabidea. Eta, egun, BERRIAlagun garen guztioi esker ere bai. Amets bat, utopia zena, gaur egun egia da».

Kepa Sarasola UEUko zuzendaria

«Gertutasuna aipatuko nuke, espetxean geundela barruan nuena esateko erakusten zidan konfiantza. Gaizki zegoenean, ordea, ez nuen asmatu laguntzen, baina oroitzapen ederra gelditzen zait».

Txema Auzmendi Egunkaria-ko auzipetua

«Euskal Herrian Joan Mariren moduko jendea egotea sekretu bat bezalakoa da, eta herri bat sendotzen du. Herri txiki bat gara, baina gure tribuan jende oso baliotsua dagoela uste dut».

Joxe Elorrieta ELAko idazkari nagusi ohia

«Eskatu zidan bere abokatua izateko Egunkaria auzian, eta pertsona gisa ezagutu nuenean, oso ona iruditu zitzaidan, eta sanoa. Intelektual gisa, sekulako gizona. Asko maite izan dut».

Felix Cañada Abokatua

«Beldur zen, ea egungo egoerarekin zer gertatuko zen euskal kulturarekin. Azkeneko egunera arte esan diot lasai egoteko, hemen militante kulturalak badaudela, eta elkarlana badagoela».

Joxemari Sors Euskal Editoreen Elkartea

«Lanez erakutsi digu zer izan behar den euskarazko kazetaritza, eta berak dena eman du horretan. Finkatuta utzi ditu kazetaritzaren oinarri batzuk. Gustatuko litzaidake bere izena eskola liburuetan egotea».

Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko lehendakaria

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.