Aranzazu Palaciosen bikotekidea 25 urtez kartzelatzea eskatu dute

Garikoitz Goikoetxea.
2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Indarkeria matxistarekin lotutako hilketa bati buruzko epaiketa hasiko da bi aste barru Bizkaiko Probintzia Auzitegian: Aranzazu Palaciosen bikotekidea epaituko dute, haren hilketa egotzita. Duela bi urte hil zuten emakumea, Bilbon, etxean; 51 urte zituen. Bikotekidea salatua zuen lehenago, genero indarkeriagatik. Maltzurkeriaz egindako hilketa leporatu diote gizonari, hiru larrigarrirekin: genero indarkeria, hildakoa senidea izatea eta biktima zaurgarria izatea —botiken eraginpean zegoen hil zutenean—. Fiskalak hogei urteko kartzela eskatu du; akusazio partikularrak, 22koa; eta Espainiako Estatuaren abokatuak eta Bilboko Udalak, 25ekoa. Defentsak, berriz, absoluzioa eskatu du, emakumea «era naturalean» hil zelakoan; areago, hilketa gizonari egoztekotan, zigorrik ez jartzeko eskatuko du, drogen eraginpean zegoelakoan. Maiatzaren 11n hasiko dute epaiketa.

2016ko uztailaren 23an hil zuten Palacios. Bikotekideak berak deitu zuen larrialdi zerbitzuetara goizaldean, esanez bikotekidea kordea galduta zegoela sofan; hila zen larrialdi zerbitzuak heltzerako. Autopsiak frogatu zuen indarrez hil zutela Aranzazu Palacios: ahoa eta sudurra itxi zizkioten eskuarekin. Ikerketaren arabera, gauerdi aldera hil zuten emakumea, eta bikotekideak handik lau ordura deitu zuen larrialdi zerbitzuetara. Autopsiaren emaitzak eskuan, Palaciosen bikotekidea atxilotu zuen Ertzaintzak. Autoaren arabera, gizonak buruko gaixotasun batzuk zeuzkan orduan.

Indarkeria matxistagatik aurrekariak zeuzkan akusatuak. Aranzazu Palaciosek berak salatu zuen 2004an, eta urruntze agindua ezarri zioten 2007ra arte. Emakumea hil zutenean elkarrekin bizi ziren biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.