Marte jomugan jarrita

Hasi dira probak 'Orion' espaziontziarekin. NASAk argi du xedea: gizakia Martera heltzea. Planeta ezagutzeko litzateke, eta AEBek espazioan galduriko lidergoa berreskuratzeko.
'Orion' espaziontzia espazioan, NASAk egindako irudikapen batean.
'Orion' espaziontzia espazioan, NASAk egindako irudikapen batean. NASA

Arkaitz Almortza Muro -

2014ko abenduak 21
Hain urrun, hain gertu. AEB Ameriketako Estatu Batuek euren bandera Ilargian ipini zutenean, argi zuten hurrengo erronka Martera iristea izanen zela. Planeta gorriak gorde ditzakeen misterioak argitzeko helburuarekin, gizakiaren aspaldiko ametsa da hara heltzea. Antza, orain arte zientzia fikzioa zirudiena egun errealitatetik gertuago dago. Izan ere, NASA Orion espaziontzia prestatzen ari da, gizakiak hara eramateko xedearekin. Atzerako kontaketa hasi da.

Proiektuaren nondik norakoak hobeto ulertzeko, komeni da AEBetako espazio agentziak azken urte hauetan egin duen ibilbideari so egitea. Ezin da ukatu 70eko hamarraldian historia liburuan kapitulu garrantzitsua idatzi zutela, gizakiak oinak Ilargian ipini zituenean; dena dela, gaur arte ez dute izan halako helburua lortzeko behar bezalako azpiegiturarik.

Kontua da ordutik hona kalitate handiko jaurtigailu sistema batean ibili direla buru-belarri —Space Shuttel programa—, eta albo batean utzi dutela maila goreneko espaziontziena. Bien bitartean, Errusiak eta Europak aurrea hartu diote espazioa konkistatzeko lasterketan. Gainera, Challenger (1986) eta Columbia (2003) ontziekin izan zituzten istripuek zalantzan ipini zuten jaurtigailuen programa. Hori dela eta, bertan behera uztea erabaki zuten Constelation proiektuarekin lanean ari zirenean. Azken ikerketa horretan espazioan erabiltzeko ibilgailu bat ari ziren prestatzen, eta horixe bera moldatzen ari dira gizakiak Martera eramateko ahaleginean. Abenduaren 5ean egin zituzten lehen probak.

Jose Felix Rojas EHUko Zientzia Planetarioen lantaldeko kidea da, eta oso ongi ezagutzen du NASAk martxan jarri duen proiektua: «Gaur egun dauden espaziontziekin ezin gara iritsi Martera; horretarako, sistema berri bat diseinatu beharra dago». Planeta gorrira heltzeko misioan erabili behar den erregai kopuruan legoke gakoa; ibilgailuak nahikoa eraman beharko du, joan-etorriko bidaia egiteko eta helmugara iristean, ongi frenatzeko: «Planetaratzeko erabiltzen den erregaia gutxiagotu daiteke, frenatzeko sistema egokia erabiltzen bada». Izan ere, erregai guztia Lurretik eraman beharko lukete, eta, hori dela eta, sistema egokia diseinatu behar da, ahalik eta gutxien erabiltzeko.

Nolako espedizioa?

Egungo azpiegituren baldintzen arabera, misioak hemezortzi hilabeteko bidaia izanen luke joan-etorria egiteko, eta egonaldia lau hilabetekoa izanen litzateke. Gainera, espaziontzia bi planetak elkarren artean ongi kokatuta dauden une batean jaurti beharko litzateke. «Marten, gizakiek robotek egiten ez dutena egin beharko lukete: lagin egokiak hartu eta, aldi berean, ziurtatu beharko dute izaki mikroskopikoak bizi diren, edota garai batean bizia egon zela egiaztatzen duten fosilak bilatu beharko dituzte».

2012tik Curiosity robotak bildu dituen datuen arabera —planeta gorria aztertzen ari den ibilgailua da—, baieztatu dute garai batean planeta gorrian ura bazela, ibaietako itsasadarretan egon zitezkeen sedimentuak aurkitu baititu. «Jakin badakigu ura dagoela, baina ez dakigu non aurkitu. Datuek diote lurpean izotza dagoela, baina horrek ez du esan nahi blokeetan dagoenik. Agian poroak dituzten mineraletan egonen da, eta izozturik dago», azaldu du Rojasek. Asteon robotak igorritako informazioaren arabera, gas metano iturri bat topatu dute, agertu eta desagertzen dena. Lurrean, atmosferan dagoen metanoaren %90 izaki bizidunek sortzen dute.

Erronka handia izanen da gizakiak Martera bidaltzea: «Komeniko litzateke zientzialari jantziak joatea; Ilargitik ekarri zituzten lagin hoberenak, esaterako, azken misiokoak izan ziren, geologo bat joan zelako eta hartu zituen harriak ongi aukeratu zituelako». Halere, ezin ahaztu planeta gorrian lau hilabetez bizirik iraun beharko dutela, eta ez dela batere erraza izanen: «Zuzeneko erradiazioa jasotzen du planetak, ez baitu kosmoseko partikuletatik babesteko inolako atmosferarik».

2030-2040 urteetan

Ikerketa amaitzean, Lurrera itzuli beharko dute, eta, horretarako, beharrezkoak ez dituzten gauzak han utzi beharko dituzte, espaziontziaren barruko zama arintzeko. «Orain, aztertzen ari dira nola sartu atmosferan, gehiegi frenatu gabe».

Aurreikusia duten bide orria betez gero, 2030-2040 urteetan planetaratuko da lehenengo pertsona Marten. Rojasen arabera, ez dago hain urrun: «Ziurrenik, Martera joanen den lehen pertsona jaio da, baina ez dakigu nor den, ezta noiz izango den ere». Denborak ditu galderaren erantzunak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna