Levante 1-3 Reala

Lapikoan erre da igela

Azken ordu erdian markagailua irauli, eta garaipena eskuratu du Realak. Gaizki hasi dute partida donostiarrek. Illarramendik bosgarren txartel horia ikusi du

Realeko jokalariak elkar besarkatuta, atzoko partidan sarturiko bigarren gola ospatzen. KAI FOSTERLING / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Chemak (3. min.). 1-1: Theok (73. min.). 1-2: Juanmik (77. min.).1-1: Oiartzabalek (83. min.). Epailea. Medie Jimenez. Txartel horiak: Levanteko Boatengi, Chemari, Moralesi, Bardhiri, CampaƱari eta Oierri. eta Realeko Illarramendiri. Bestelakoak. 15.000 ikusle inguru Valentzia Hiria estadioan.

Txuri-urdinak urmaelera gerturatzerako handik ihes egin zuen igelak. Animalia hori da Levanteren ikurra, eta valentziarrak ederki mimetizatu ziren anfibio horiekin. Realak ikusi zuen igela: lapiko batean sartu zen. Hura su txikian egosten jarri zuen, eta bere jokoa egiten utzi zion. David Zurutuza sukaldariak gatza botatzea erabaki zuen arte. Haren sarrerak zelai erdian nagusitzea ahalbidetu zion Realari, eta hor amaitu zen igelaren egitekoa. Ordura arte, baina, ondo bizirik egon zen Levante.

Planteamendu berritzaile batekin zelairatu ziren txuri-urdinak. Theo Hernandezek eta Andoni Gorosabelek ohi baino aurreratuago hasi zuten partida, eta apustua ezin okerrago hasi zitzaion Asier Garitanori. Levantek egindako lehen jaurtiketa sareetara bota zuen Chemak, baloiak Diego Llorenteren hankan jo eta baloia sareetara desbideratu ostean. Hirugarren minutua zen.

Ez zen zorte kontua soilik izan. Etxekoak prestasun gehiagorekin zelairatu ziren, eta berehala nabaritu zen hori; nagusitu egin ziren jokoan, eta erasoari emanda zeuden. Bien bitartean, ezinean zebilen Reala.

Lehen zatian Levantek izan zuen jokoa antolatzeko ardura, eta arriskuko jokaldiek ere haien sinadura zeramaten. Biziago zelairatu ziren, eta erasoko jokaldiak izan ziren horren adibide: 38. minutua betetzerako bost korner atera zituzten etxekoek. Lehen zatiaren hondarrean Realak urrats bat egin zuen aurrera, baina alferrik. Irudikeri hutsa baino ez zen izan, eta txuri-urdinak markagailuan atzetik zirela joan ziren aldageletara.

Atsedenaldian planteamendua aldatu zuen Garitanok. Zelai erdia irabazteko asmotan, Gorosabel kendu eta David Zurutuza jarri zuen haren ordez. Hasieran, aldaketa gutxi. Levantek nahieran erabili zuen baloia bigarren zatia hasi berritan, eta Realeko atzelariek lanak izan zituzten baloia urruntzeko. Pixkanaka baloi gehiago izaten hasi zen, ordea, Donostiako taldea. Azken hogei minutuetan gora egin zuen, eta orduan eskuratu zuen sari potoloa. Arriskua sortzeari ekin zion lehendabizi, eta bi kolpe jo zituen gero. Jarraian, gainera.

Theo izan zen lehen golaren egilea. Oiartzabalak bakarrik ikusi zuen, eta ukitu batean utzi zion baloia. Frantziarrak ez zuen barkatu; astindu egin zuen, berdinketaren gola egiteko. Aurretik zen lau minutu geroago. Aritz Elustondok Adnan Januzajekin jokatu zuen, eta belgikarrak pase dotorea eman zion Juanmi Jimenezi. Espainiarrak ohi duen eran sartu zuen gola: lehen ukituan. Hautsita zegoen Levante, eta hori aprobetxatu zuen Realak partida akabatzeko. Oiartzabal izan zen arduraduna. Berak kozinatu zuen hirugarren gola, eta hura izan zen igela dastatzen lehendabizikoa: haragi gogorra zuen, baina zapore onekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.