Hamiltonen betekada, Ferrariren gosetea

Asteburu honetan hasiko da, Australian, 1 Formulako Munduko Txapelketa. Mercedeseko gidari ingelesak seigarren titulua irabazi nahi du, eta Juan Manuel Fangio gainditu. Sebastian Vettelek, berriz, bosgarrena nahi du, eta Ferrarik eskatzen dion aurrerapausoa eman.

Laurentzi Garmendia -

2019ko martxoak 14
Hirugarren urtez, Mercedesen eta Ferrariren arteko dema dirudi hastear den denboraldiak. Paddock-ean uste zabaldua da Sebastian Vettelek azken bi urteetan txapelketa galdu duela. Italian, askok egin dute Lewis Hamiltonen garaipenen erantzule, baina taldearen kulturak ere babesa galdu du. Aldaketak eskatu zituzten, gidari eta antolaketa arloan. Maurizio Arrivabenek ordaindu zuen hori, Mattia Binottori erantzukizun hori helaraziz. Italiar bat, italiar baten ordez. Horretan klasikoak dira Ferrarin. Eta prestatu duten autoak abiadura duela ikusita, presio guztia Vettelen bizkar gainean pilatu da. Aurten ez badu Hamiltonen bost tituluko marka berdintzen, datorren urterako talde bila hasi beharko du.

Turbo aro gisa ezagutzen dena hasi zenetik, 2014tik, Mercedesek irabazi ditu jokoan zeuden hamar tituluak: bost gidarienak eta bost taldegileenak. Teknikoki arautegia zerbait aldatu bada ere, iazko oinarriari eusten diote; beraz, Mercedesen helburua seigarren urtez jarraian irabaztea da, eta ez dira urrun ibiliko. Bartzelonan bi astez egindako probetan dudak eragin ditu, ordea, haien mailak. Jakina da Mercedesen estiloa eta helburua ez dela proba eguna denbora onenarekin amaitzea. Nahiago dute erregaiez ondo kargatu eta pneumatiko gogorrekin ahalik eta itzuli gehien eman. Gainerako taldeek ez zuten gainditu mila itzuliko muga, eta Mercedesek 1.189 osatu zituen. Hau da, beste edozein taldek baino %20 gehiago, gutxienez.

Ron Dennis McLareneko buru ohiak zioen bezala, «lasterketa bat aurrena amaitzeko, aurrena amaitu egin behar duzu». Alde horretatik, okerrik ezean, Hamiltonek eta Valtteri Bottasek Australiako proba amaituko dute. Seigarren titulua du helburu ingelesak. Lortuko balu, Juan Manuel Fangio gaindituko luke, eta Michael Schumacher bakarrik izango luke aurretik, titulu bakarrera. 34 urte dituela kontuan hartuta, marka hobetzeko moduan da. Ikuskizun dago, ordea, haren motibazioak indartsu jarraituko ote duen. Musika, moda eta motorrak gero eta presenteago daude haren egunerokoan.

Vettelen aurkaria, alboan?

Teknikoki elkarterik onena Ferrarik eta Vettelek osatzen dute, eta etiketa horrekin iritsi dira Australiara. Ez da kontu berririk, 2017 eta 2018an Sebastian Vettelek irabazi baitzuen bertan, itxuraz auto gorriei ondo egokitzen zaien zirkuitu batean. Ondo hasten da normalean Ferrari, eta udatik aurrera hasten dira bai taldearen eta bai gidari nagusiaren hutsak. Esanguratsua baita iaz Vettelen azken garaipena Belgikan lortu zuela, eta hurrengo zortzietan ez zuela berriz irabazi. Autoa bazuen horretarako, Raikkonenen garaipenak erakutsi bezala. Vettelek oso aurkari zaila izango du, Charles Lecerc-en bigarren 1 Formula denboraldia bakarrik bada ere. Sauberren ikasketa epea gainditu ondoren, ikusgarri aritu zen amaieran. Lehen lasterketetan autoaren eta taldearen ezagutza hobea baliatu behar ditu alemaniarrak, hasiberriak neurria hartuko baitio.

Red Bullek, lehenago McLarenek egin bezala, motorrari egotzi zion haien nahi eta ezin etengabearen erantzukizuna. McLarenek Hondari botatzen zion errua, eta Red Bullek, Renaulti. Orain biek trukatu dute motorra, eta, aldi berean, aitzakien errekurtsoa ahituz. Red Bullek ez du bere benetako irudia erakutsi, Pierre Gasly-ren istripuengatik neurri batean, baina bestela ere ez dute muturra erakutsi. Benetako zalantzaizango dira, nahiz eta Helmut Marko taldeko aholkulariak bost garaipen lortzeko itxaropena duen. Hala balitz, titulua ez lukete urrun izan beharko. Hondak, ordea, urte batzuetara begirako helburua dela diote, dagoeneko porrot asko izan dituztela jakinik.

Oraindik gainditzeke dago talde handien eta txikien arteko arrakala. Horren ondorio dira Racing Point —lehengo Force India— eta Williams pairatzen ari diren arazoak. Williams azkeneko postuan sailkatu zen iaz autogileen sailkapenean, eta aurten krisi are sakonagoan murgildu da, Paddy Lowe arduradun teknikoaren kaleratzearekin amaitu dena. Aurten, zail izango dute lasterketan itzuli azkarrena emateagatik banatuko den puntua lortzea, horretarako lehen hamarren artean amaitzea baldintza izango baita. Aurreratzeak eta ikuskizuna hobetzeko, aurreko eta atzeko aleroiak ere aldatu dituzte, baina neurri horien eraginkortasuna lasterketan bakarrik neurtuko da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna