Arrauna

Mirotza sardina janean

Oriok erakustaldia eman du Santurtzin, Eusko Label ligako bere bosgarren bandera irabazteko. Hamabost puntura utzi ditu gertuen dauzkan aurkariak.

Orioko traineura ziabogetako bat egiten, atzo, Santurtziko banderan. Aise lortu zuten garaipena. ARITZ LOILA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 28a
00:00
Entzun

Santurtziko sardinerak aipatzen ditu Desde Santurce a Bilbao kanta ezagunak. Bizkaiko herriko emakumeak portura joaten ziren arrain bila, eta arrain freskoz bete otarrak, eta buruan jarrita eramaten zituzten Bilbora, saltzera. Historia kontatzen du abestiak.

Benito Lertxundik maite du arrauna, eta, batez ere, Orioko trainerua eta arraunlariak. Ezaguna da nola omentzen dituen Mirotza abestiarekin, hegazti horrek izendatzen baititu oriotar arraunlariak. Natura eta kirola uztartzen ditu abeslariak.

Atzotik, nahi duen sortzaileak badu istorio bat asmatzeko gaia, Santurtziko sardinak eta Orioko mirotzak elkarrekin jarriz. Santurtziko portuan, hango emakumeen aurretik azaldu zen Orioko mirotz aseezina, eta sardina guztiak jan zituen. Dotorea izan bera, eta muturra garbitzeko, Eusko Label ligako bandera bereganatu zuen. Orioko Arraun Elkartearen historia oparoak badu beste trapu bat atzotik.

Bosgarrena da aurtengo ligan, hamaikagarren jardunaldian lortua, eta nola aurkarien emaitzak ere ondo atera zitzaizkion, aldea zabaldu egin die Hondarribiari, Santurtziri eta Zierbenari. Hamabosteko koska du alde, eta, atzo hasi zenez ligaren bigarren erdia, eskura ez, baina gertu dauka bere historiako lehen liga Jon Salsamendiren taldeak.

Erakustaldia emanda lortu zuen Santurtziko bandera, eremu zaharrean. Ohi bezala, lau luzekoa zen, baina bigarrena eta hirugarrena luzeagoak ziren; aldiz, aurrenekoa eta laugarrena, laburragoak. Azken txandan zen Orio, bigarren kaletik, eta Santurtzi zen lehen kalean, Hondarribia hirugarrenean, eta Zierbena laugarrenean. Ura gora eman berri jokatu zuten lau hauek estropada, gainontzeko zortzi taldeek ez bezala, eta haizeak ere barealdia eman zien. Horren adierazgarri izan zen Orioren denbora: 19.06.

Lehen luzean, berdinduta heldu ziren lau taldeak ziabogara, baina Orio aurretik zela, Zierbenarekin batera izan bazen ere aurreneko bira horretan. Santurtzi eta Hondarribia segundo batera zeuzkaten. Bigarren luze luzean, erdialdera jo zuten traineruek, itsaslasterrak indar gehiago izango zuelako oraindik. Gutxi behar izan zuten Oriok eta bigarren zetorren Hondarribiak palak jotzeko. Epaileak biak bidali zituen bazterrerago, eta hortik hasi zen Orio tartea zabaltzen. Arraunean ondo eginez, gozatuz, bigarren ziabogara aldearekin heldu zen: Hondarribia bost segundora zuen, Santurtzi zazpira, eta Zierbena hamarrera. Lan erdiak falta ziren, baina bideratuta zeukan garaipena San Nikolas traineru mitikoak.

Hirugarren luze luzean ere aldeak zabalduz joan zen, eta ziabogan, Santurtziri zortzi segundo ateratzen zizkion, bat gehiago Hondarribiari. eta hamasei Zierbenari. Eremuaren bazterraldera joana zen Orio hirugarren luzean, baina erdia erabat utzi gabe, ura gora zihoalako ordurako. Ez zen, baina, indar handikoa izango uraren indarra, laugarren luzean, berriz ere, erdialdetik egin zuelako buelta Oriok. Baita beste hiru taldeek ere, etxeko taldearen ñabardura txikiarekin.

Izan ere, Santurtzik zulotxoa zabaldu zion Hondarribiari, bizpahiru segundorena, eta oriotarren aldea ere janez joan zen. Erdi-erditik joan beharrean, pixka bat bazterretik zebilen Sotera traineru historikoa, eta erabaki ona izan zen. Helmugan, Orio pozarren sartu zen, eta erritmoa asko bizitu gabe. Ezta beharrik ere. Santurtziri sei segundo atera zizkion, bederatzi Hondarribiari, eta hemezortzi Zierbenari.

San Pedro, gero eta larriago

Aurreko txandetan, Donostiarra nagusitu zen bigarrenean, eta Kaiku aurrenekoan. Azken txandakoen aldean baldintza kaskarragoak eta ezberdinak izan zituzten zortzi taldeek, eta txarrenak, dudarik gabe, aurrenekoentzat izan ziren. Haizea petral eta zakar, eta itsaslasterrak ere indartsu, ura behera zihoala. Kalterik handiena San Pedrok izan zuen, laugarren kaletik. Ondo hasi zen lehorraren babesa baliatuz eta kontrako itsaslasterren indarrari ihes eginez bazterretik, baina gainontzeko hiru luzeetan atzean ibili zen. Izan zuen aukera Isuntza harrapatzeko hirugarren luzearen hasieran, eta kexu ziren pasaitarrak gero, bizkaitarrek enbarazu egin zietela eta. Epaileek ez zuten halakorik erabaki. Kaikuk irabazi zuen txanda hori, Astillero, Isuntza eta San Pedroren aurretik. Espainiarrek orain hiru puntura utzi dute San Pedro, azkena.

Gero, Donostiarrak lan bikaina egin zuen, Urdaibai, Ondarroa zoragarri baten eta Caboren aurretik. Gaur, Getxon ariko dira denak [12:00, ETB1], hamabigarren jardunaldian. Datorren asteburuko etenaren aurretik azken estropada izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.