Sabin Etxe aurrean, minduta

Etxerat-ek ez ditu ulertzen EAJk presoei buruz esandakoak.Erkorekak espetxe politika malgutu behar dela esan du orain

Senideak Bilbon espetxeetara joateko autobusa hartzen, atzo, Etxerat-en elkarretaratzearen ondoren. L. JAUREGIALTZO / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Minduta agertu dira presoen senideak ostiralero Sabin Etxearen aurrean egiten duten elkarretaratzean. Astero Andaluziarako kartzeletara joaten den autobusa hartu aurretik, EAJko ordezkariek presoen egoerari buruz esan dituztenak zuzentzeko eskatu dute. «Ortuzar jauna, Erkoreka jauna, Atutxa anderea: Alderdikerien gainetik konponbideak exijitzen ditugu».

«Hitz mingarriak entzun behar izan ditugu aste honetan», hausnartu du Jone Artola Etxerat-eko kideak 2.000 kilometro egingo dituen autobusaren zain zeudenen artean. «Bereziki mingarriak aste berean sakabanaketak bi istripu eragin dituenean». Istripu horien inguruko adierazpenik egin ez izana aurpegiratu die buruzagi jeltzaleei. «Arriskuz betetako» milaka kilometro egiten 25 urte daramatela ohartarazi du. Horrek 16 hildako eragin dituela. Eta ez ditu ulertzen ordezkari jeltzaleek sakabanaketaren ardura presoei beraiei zein ingurukoei egotziz egindako adierazpenak. Ez zuen espero.

Jokabidez aldatzeko eskatu die. «Jarrera eraikitzailea» izateko. «Arazoei konponbidea emateko exijitzen dizuegu agintean zaudetenei». Baina salatu du bi istripu izan diren astean «lekuz kanpo» egon diren eta senideak «mindu eta iraindu» dituzten hitzak besterik ez dutela esan.

«Ortuzar jauna: giza eskubideak defendatzeko garaia da», esan dio Artolak, justu, Andoni Ortuzar bera Sabin Etxera sartzeko elkarretaratze ondotik igaro denean. Ezustekoa hartu du EBBko presidenteak. Artola berandu ohartu da: «Ortuzar zen! Zuzenean esan behar nion! Eta berak zuzenean esan ziezaiela senide hauei guztiei presoen errua dela». Hamar bat minutura abiatu dira senideak mila kilometrora dagoen helmugarantz, autobusera igo ondoren.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, bestalde, asteon emandako mezuarekiko oso bestelakoa eman zuen atzo. Espetxe politika egungo egoerara egokitu eta malgutu behar dela esan zuen: «Presoei begirako politikak gizatiarragoa izan behar du, irekiagoa eta malguagoa. ETAren arriskua betiko gainditutzat jo daitekeen garaira egokitu behar da». Areago, Erkorekaren hitzetan, dagoeneko «ez du zentzurik» espetxe politika ETAren kontrako politikaren zati gisa hartzeak. «ETAk armak uzteko erabakia hartu duen unetik, ez du aurreko garaian izan zuen zentzu eta bultzadarik».

Espetxe politikaren arduradunek «presoen trataera eta egoera humanizatzeko bidean» har ditzaketen «neurri guztiak» Jaurlaritzak begi onez ikusiko dituela azaldu du. «Denek beren hondar alea jartzeko garaia da, presoen bizitza eramangarriago eginez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.