Joseba Alvarezek esan du «justizia trantsizionala» behar dela bakea eraikitzeko

Ezker abertzaleko kideak dio adiskidetzea benetakoa izango dela alde guztiek eragindako samina onartzen badute

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2012ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Espainiako eta Frantziako estatuen «blokeo egoera» gainditzeko bidean dago Euskal Herria. Baina, horretarako, tresnak behar ditu. Ezker abertzaleak justizia trantsizionala edo konponbiderako justizia gisa ezagutzen den proposamena mahai gainean jarri du bakea eraikitzeko: «Gatazkari irtenbide positiboa emateko,neurri juridiko-politikoak hartzeko aukera eskaintzen du justizia trantsizionalak», esan du Alvarezek. Ez da ezker abertzaleak «asmatutako errezeta», duela 30 urte Afrikako eta Hego Amerikako zenbait herrialdetan erabilitako formula baizik. «Blokeo egoeratik ateratzeko eta Euskal Herria beste agertoki batera eramateko tresna da».

Gasteizko Goiuri jauregian mintzatu da Alvarez, ezker abertzaleak Aldaketa haizea dabil lelopean antolatutako hitzaldian. Ezker abertzaleak azken urteotan egin duen ibilbide politikoaren errepasoa egin du, eta «agertoki demokratikoa» lortzeko bidea marraztu du. Zehazki, justizia trantsizionalaren nondik norakoaz aritu da ezker abertzaleko ordezkaria. Azaldu duenez, «bidegabekeriek utzitako gabeziak» gainditzeko, gatazkaren ondorioei aurre egiteko, alde denei ukatutako eskubideak aitortzeko eta konponbide integrala emateko balio behar du justizia horrek.

Ezker abertzaleko kideak gogoratu du oraindik ez dela indarkeria oro desagertu Euskal Herrian, eta gobernuek ere urratsak egin behar dituztela.Halaber, «bi aldeetako» desmilitarizazioa ezinbestekotzat jo du. Alvarezek azpimarratu duenez, bakea iraunkorra izango bada, «sufrimendu guztiak» aintzat hartu beharko dira, eta, horretarako, gertatutakoaren «egia» ezagutu beharko da. Egiaren Batzordea sortzeko eskatu du Alvarezek, eta deitoratu egin du EAJ, PSE-EE eta PP batzorde hori sortzearen aurka agertu izana.

Adierazi duenez, ezker abertzalea prest dago eragindako sufrimenduan izan duen erantzukizuna bere gain hartzeko, baina beste aldeek ere gauza bera egin beharko lukete: «Adiskidetzea benetakoa izango da alde guztiek eragindako samina onartzen badute». Gisa berean, eragile guztien arteko akordioa eskatu du Alvarezek, Euskal Herrian gertatutakoa berriro gertatuko ez dela bermatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.