urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Estonia (eta gu)

2018ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Mendeurrenen ingurumarian gabiltza azken urteotan, 2014an I. Mundu Gerra lehertu zela gogora ekarri genuenetik: atzo ziren ehun urte sobietar agintari berriek Brest-Litovsk-eko bake ituna sinatu zutela alemanekin, tsarraren Errusiak zeuzkan mendebaldeko lurralde ugariri uko eginez. Woodrow Wilson AEBetako presidenteak autodeterminazio eskubidea aintzat hartzen zuen diskurtsoa egin berri zuen, eta Leninek ere printzipio hori azpimarratu zuen besteak beste alderdi komunista gehienetan zegoen chauvinismoari aurre egiteko.

Milaka estoniarrek ospatu zuten duela astebete, larunbatean, Estoniako independentziaren lehen aldarrikapenaren mendeurrena (Eneko Sagarbide eibartar estoniartua ere bertan zen. Hari esker argibideotako asko). 1918ko otsailaren 24an izan zen, eta egun bakar bat iraun zuen: errusiarrak erretiradan eta alemanak lurraldearen zati handiena okupatzen, aldarrikapenaren biharamunean hartu zuten Tallinn. Baltikoko noble alemanek gidatuko zuten dukerria eratzen saiatu ziren Letonia eta Estoniako lurraldeetan. Errusiera edo alemana ziren elite eta administrazio hizkuntzak, historian ere nekez bila zitekeen argudiorik estoniarren estatu baterako, baina 1918ko otsailean ezin izan zena azaroko armistizioak ekarri zuen: Estonia munduko mapetan agertzea.

Hortik aurrerakoa ezagunagoa da: bi hamarkada independente, II. Mundu Gerran berriz ere aleman-errusiar gatazkaren erdigunean, eta Stalinen okupazioa, Sobietar Batasuneko errepublika bihurtzeko hura 1991n desegin arte. Paradoxikoa da, beraz, estoniarrek, independentzia egun gisa, hark gutxien iraun zuen eguna hartzea, eta ez hura gauzatu zena, I. Mundu Gerraren amaieran, edo bigarrenez lortu zuenekoa, Sobietar Batasunaren amaieran. Duela mende laurden Euskal Herritik interes handiz jarraitu ziren prozesu haiek (Lituania zen orduan hiru errepubliketan ezagunena). Sofi Oksanen jatorri estoniarreko finlandiar idazlearen Garbiketa eleberri gogorrak (Joseba Ossak eta Mia Rissanenek euskaratuta) bikain biltzen du 1940ko eta 1990eko hamarkadetako aro hori. XIX. mendearen amaieran aleman eta errusiarren arteko borroka gune zena, bertako biztanleekiko ezaxola, Europako Batasuneko presidentzian egon da 2017an.

Hori guztia, doi-doi euskarak baino hiztun gehiago dituen estoniera estatu-hizkuntza normal bihurtuta. Potentzien arteko borrokatik independentzia zelan lortu duen interesgarria dela ukatu barik, errusifikazioa etetea eta estoniera hegemoniko bihurtu izana iruditzen zait benetan eta serio ikertu beharrekoa. Aldeak alde, argibide ugari eman diezazkiguke eta. Antzeko hiztun kopurua, hizkuntza hegemonikoetatik oso urrun eta eliteek ere alemana edo errusiera zerabiltela duela ez asko arte. Desberdintasunak ere ugari: Sobietar Batasunak errusiera izan arren hizkuntza nagusi, ez zuen sekula estoniera ezabatzeko ahaleginik egin (beste hizkuntza txikiago batzuen kasuan egin bezala), baina 1980ko hamarkadaren amaierarako errusiera zen Estoniako zenbait eremutako lan-hizkuntza nagusia. Hala ere, estoniar guztiek eutsi zioten hizkuntzari, eta kanpotik etorritakoen eta haien ondorengoen hizkuntza zen errusiera. Gurean ikuspegi hori ezartzea—eta sarritan egin da— faltsua da. Hego Euskal Herriko geografiaren erdia baino gehiago euskara galdu zen lurraldeek osatzen dute. Paradoxikoki, berreuskalduntzea da ondoen egin duguna, Araba adibide, eta ez hainbeste euskara hegemoniko bihurtzea, horrek, onartu nahi ez badugu ere, espainola baztertzea eta haren hegemonia kentzea lekarkeelako (begiratu Uemako udalerrietako zinema-karteldegia egunotan).

Estoniak estatu elebakarra aldarrikatu zuen, kanpotik begira oso modu estuan. Egia da administrazioek estonieraz egin behar dutela lan guztia, baina pragmatismoa ere badago halaber: estonieraz lan, baina jendaurrean daudenek badakite errusieraz ere, eta errusierazko elebakarrak (adineko jendea gehienetan), hala komunikatzen dira. Enpresa pribatuak aztertu zituztenean, han ere berdin: ezinbestekotzat zuten estonieraz gain errusieraz ere jakitea jendaurrean zeudenek. Hau da, zure hizkuntza hegemoniko bihurtzean, herritarrei zure hizkuntzan eginarazten diezu, ez dakienari berean egitea eragotzi gabe. Hegemonia hori lortzeko, neurri zorrotz eta zehatzak hartu zituen, ukaziotik ere baduena: nazioartera begira ingelesa hartzea, eta errusierari ateak ixtea bazterreko hizkuntza bihurtzeraino, mendetako kultur ondarearen ukazioa ere badena neurri batean. Hori lortuta, errusierak berriz ere loraldia du hainbat eremutan, gertuko hizkuntza handia izanik. Baina aurretik, hegemonia galarazi diote. Zurea indartzeak ez duela bestearen kalte izan behar esan ohi da sarritan, baina hegemonia lortzea ordura arte hegemonia izan duenari kentzea ere bada. Ateak ixtea zurea ere baden espainierazko kultur ondare bati. Agian ez gaude horretarako prest, ulergarria da; baina orduan ez da zilegi normalizazioaz hitz egitea edo euskaraz bizi nahi dugula esatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.