Lehen garaipena lortzeko premiaz ariko da gaur Eibar, Levanteren zelaian

Arreta jarri, defentsako lan ona egin, eta gol bat baino gehiago sartzeko eskatu dio taldeari Jose Luis Mendilibarrek. Lehia zaila iragarri du

Inui baloia babesten Vargas Espanyolekoaren aurrean, aurreko igandean. FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Bosgarren jardunaldiaren atarian talde batek irabazteko premia duela esatea gehitxo esatea izan liteke, liga hasi baino ez baita egin. Baina komeni izaten da sailkapeneko atzealdean ez geratzea, eta justu hortxe da Eibar, lehen lau jardunaldietan puntu ale bakarra eskuratu duelako. Azken-aurrekoa da Jose Luis Mendilibarren taldea, eta horregatik du premiaren kutsua gaurko partidak. Levanteren zelaian jokatuko du, eta entrenatzaileak iragarri du zaila izango dela.

Aurkariak eibartarrek baino bost puntu gehiago dauzka; bi partida galdu eta bi irabazi ditu aurreko jardunaldietan. «Arriskutsuak dira; aurrealdean bi jokalari uzten dituzte defentsako lana egin gabe, eta, baloia aurkariari kendu bezain azkar, goiko bi horiekin jokatzen dute», azaldu zuen atzo Zaldibarkoak. Hala ere, aurkariarena baino kezka handiagoak baditu: «Guk gure jokoa egin behar dugu, eta badakigu zein den».

Taldeari lan jakin batzuk jarri dizkio, eta argi azaldu zituen atzo, kazetarien aurrean: «Gure jokatzeko modu horren bereizgarrietako bat da bizi jokatzea, azkar. Baina jakin egin behar dugu geratzen, eta berriz abiadura sartzen, tokatzen denean». Adibide zehatz bat eman zuen gero: « VARrarengatik partida geratzen bada, lo hartzen dugu, eta ez gara geratu aurretik bezain bizkor jartzen gero. Erabateko arreta behar dugu, jokalarien artean asko hitz egin. Beste futbola deritzon hori behar dugu». Taldeari defentsako lan ona egiteko ere eskatu dio: «Gure atzelariak oso aurreratuta egoten direnez, guk baloia galtzean ezinbestekoa da aurkaria ondo estutzea zelai erdian eta goian». Gaur irabazteko «gol bat baino gehiago sartu» beharko dutela ere esan zuen: «Esan diet jokalariei gol askokoak izan direla Levanteren aurkako partidak».

Hemezortzi jokalari daude Valentzian gaurkorako. Bigas eta Correa etxean utzi ditu, eta minez daude Enrich eta Burgos.

LEVANTE-EIBAR

Levante. Aitor; Miramon, Vezo, Postigo, Clerc; Vukcevic, Campaña, Bardhi; Rochina, Morales eta Mayoral.

Eibar. Dmitrovic; Tejero, Arbilla, Ramis, Jose Angel; Pedro Leon, Diop, Exposito, Inui; Orellana eta Charles.

Epailea. Alberola Rojas.

Lekua. Valentzia Hiria (26.354 ikusle).

Ordua. 16:00etan (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.