Meliton Manzanas. ETAk berariaz egindako lehen hilketak 50 urte. Arrate Ibargutxi. Manzanasek torturatutako Imanol Laspiurren alarguna

«Ezin zuen ibili; bost aldiz galdu zuen konortea»

BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
Eibar
2018ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Frankismoko krimenen aurka Argentinan jarritako kereilan azaltzen du Arrate Ibargutxik (Berriz, 1936) nor zen Imanol Laspiur senarra. Hiru foliotan xehatzen ditu kereilaren zergatiak eta argudioak, argi eta zehatz. Eta halaxe kontatu dizkio BERRIAri ere aurrez aurre, ahotsaren dardarek eta begien malkoek utzi dioten heinean. Zertzuk egin zizkioten, zeintzuk, zelan eta zergatik. Eta nor izan zen erantzule nagusi hura. Eta nola esan zion Meliton Manzanas zenari begietara, eta aurrez aurre: «Ez dizut sinesten».

Azaltzen du Ibargutxik zelako «sentsibilitate berezia» izan zuen Imanol senarrak bere herrian zituzten «arazo sozial eta politikoekin». Erreparorik gabe dio Euskal Herriak «nazio libre bat» izateko zuen eskubidea aldarrikatu zuela, eta «herri gisa» onartua izateko parte hartu zuela hainbat kultur ekintzatan, eta aritu zela diktaduraren kontrako «gizarte ekintza klandestinoetan». Kereilan nabarmentzen du testuinguru hura, eta Franco generalak ezarritako «diktadura militar latza». Aurrez aurre garai hartako Eibarri (Gipuzkoa) buruz galdetuta, ahapeka dio, hiru hitz soil erabilita, norbaitek entzun nahi eta berak entzutea nahiko ez balu bezala: «Isiltasuna, beldurra eta iluntasuna».

1961ean atxilotu zuten Laspiur. Eibarko polizia etxetik Donostiako Gobernu Zibilera eraman zuten. Hiru egunez izan zuten han. «Basatiki torturatu» zuten. Tortures and Atrocities in Fascist Spain eta kriminologia insitutuaren txostenetan jasoa, eta orri honetan laburbildua.

Behin eta berriz errepikatzen den eskema da. Nola atxilotzen dituzten, nola egiten dieten lehen galdeketa, nola eramaten dituzten Donostiako Gobernu Zibilera hurrena. Behin eta berriz errepikatzen diren izenak dira Lopez Arribas, Palomo, Gabalcon, Perez Abril, Manzanas eta Eymar koronela. Gogortasunean graduz gora eta behera, eta graduazioan behetik gora doan eskema baten modukoa da. Polizia soilekin hasi, nagusiarekin jarraitu, eta arduradun gorenarekin amaitu.

Eta errepikatzen den eskema da polizia etxean atxilo hartutakoen emazteei nola deitzen dieten ere, eta galdekatzen dituzten, eta mehatxatzen eta, batzuetan, nola jipoitzen dituzten. Ibargutxik ez dauka ahaztuta trantze hura: «Koartelera joateko abisua eman zidaten, eta han presentatu nintzen. Neukan onena jantzita. Gogoan dut hori. Joan nintzela harro, eta burua tente. Sartu ninduten poliziaz betetako gela batean. Horma baten kontra zeuden denak jarrita. Zutik. Denak niri begira. Asko ziren. Eta guztien erdian, Meliton Manzanas. Galdekatu egin ninduten. Ea nire gizona noiz irten zen etxetik, norekin, nora... Nik erantzun nien ez nintzela akordatzen, ez nekiela... Manzanasi ez zitzaizkion gustatu nire erantzunak».

Eta Imanol senarrari egin zioten bidea polizien artean: «Ekarri zuten, eta ezin zuen ibili ere egin. Polizia batek aulki bat jarri zidan niri, esertzeko. Baina ez nintzen eseri, eta Imanol bera eseri zen. Jota. Ezin zuen zutik ere egon. Eta hara non esaten didan polizia lotsagabe hark: 'Ez naiz harritzen zure senarra zutaz horren maiteminduta egotea'. Eta handik pixka batera: 'Bueno, eman diezaiokezue musu bat elkarri'. Eta laburra izan zen oso, baina zelako musua eman nion [zotin egin diote malkoek]».

Manzanasekin, aurrez aurre

Ez zen kikildu Ibargutxi: «Manzanasi berari esan nion: 'Zer egin diozue nire senarrari?'. Erantzun zidan: 'Guk? Ezer ez! Ahul dago, jan gabe dagoelako. Zuk ekarri diozunarekin, ikusiko duzu nola jarriko den ongi'. Garbi esan nion berriro: 'Nire senarraren begiak ongi ezagutzen ditut nik, ez dago ongi, eta ez da jan ez duelako. Ibili ere ezin du-eta egin!'».

Eta salto egiten du Ibargutxik oroitzapen batetik bestera. Torturen gogorraz ari da, baina baita Carabanchelgo trasladoaz, Madrilgo torturez, Soriako espetxera egindako bisitez, Zafarrayako (Granada, Espainia) konfinamenduaz. Eta zer den. Gogorra hori, baina gogorrena: «Galdetu izan digute guri: 'Zer izan da gogorrena zuretzat?'. Eta gogorra izan zen noski senarrari egin ziotena, edo Euskal Herritik kanpora bizi beharra... baina niri gogorrena, benetan gogorrena, une hartan sei hilabete zeuzkan semeari [Asier] bularra kentzea izan zen. Polizia gure etxea miatzen, umea amarekin... Joan ziren halako batean. Orduz kanpo nenbilen, egoera hartan, ni gaizki... eta bularra eman nion semeari. Gaizki egina. Hurrengo egunean Madrilera neukan joan beharra, eta joan egin nintzen. Amari deitzen nion handik, eta hasieran ez zidan esan, baina umea gaizki egon zen, esne txarra hartu zuelako, eta medikuarenera eraman behar izan zuten. Joan eta etorri ibili beharra izan nuen. Carabanchelgo espetxera, Soriara... Senarrarekin egotea ederra zen, noski, baina semearen lehen hilabete horiek galdu nituen, eta horren penaz nago oraindik».

Ez zen egoera gozoa. Seme baten ama, emakumezkoa, eta 1961. urtea. «Ez zidan inork galdetzen Imanoli buruz. Izan ziren lagunak bizkarra eman zidatenak; ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatzen zutenak. Hiru edo lau zeuden lagundu zidatenak. EAJkoak ziren. Bost pezeta baziren, ba, bost pezeta. Soriako autobuserako».

Eta Arratek dio Imanolek hitz egiten zuela bere torturez, eta ez zuela haien ondoriorik izan gerora. «Fisikoki zein psikologikoki oso sendoa zen. Intelektualki zaindua, eta fisikoki ere bai. Atleta bat zen. Eta horri esker aguantatu zuen aguantatu zuena. Bost aldiz galdu zuen konortea!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.