Real Madril 2-0 Osasuna

Jarrera ona ez da aski

Osasuna lehiakor aritu da Santiago Bernabeun, baina arrisku gutxi sortu du, eta merezita jaso du ligako lehen porrota. Etxekoen kalitatea erabakigarria izan da

Raul Navas Osasunako atzelaria Luka Jovic Real Madrileko aurrelaria gerritik heltzen, atzoko partidako jokaldi batean. JUANJO MARTIN / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Viniciusek (36. min.); 2-0: Rodrygok (73. min.). Epailea. Mateu Lahoz. Txartel horiak Real Madrileko Nachori eta Osasunako Lillo eta Avilari. Bestelakoak. 57.520 ikusle Santiago Bernabeun.

Osasuna lehiakorra da. Sei partida jokatu ditu dagoeneko Lehen Mailako bide berrian, eta neurria ondo hartu dio eliteari. Plaza batzuetan, baina, gehiago behar da irabazteko, eta Santiago Bernabeu horietako bat da. Gogao eta ordena ez dira aski. Sakontasuna eta errematea ere beharrezkoak dira, eta atzokoan horiek falta izan zitzaizkion. Itxura ona eman zuen, baina ez zuen minik egin. Ia ez zuen gol aukerarik izan, eta, ondorioz, merezita jaso zuen ligako lehen porrota.

Jagoba Arrasatek aldaketa asko egin zituen hasierako hamaikakoan, orain arte gutxiago jokatu zutenen alde apustu eginez. Erritmo gutxiago izan arren, gorritxoek ez zuten beldur eszenikorik izan eta gogotsu irten ziren. Aurre egin zioten Real Madrili, hortzak erakutsi eta jaberik gabeko baloietan gailenduz. Aginte sentipena zen, baina sentipena bakarrik, ez zuelako aukera garbirik izan. Baloia izan arren, ez zuen asmatu lerro artean jokatzen.

Real Madrilek gutxiago egin zuen, baina askoz gertuago izan zuen gola. Hori du kalitateak. Odriozolaren erdiraketa kaskar bat aski izan zen Navasek ia bere atean gola sar zezan. Rubenek eragotzi zuen kolpea, eskubaloi atezain geldiketa bikain batekin (18. min.). Gero etorri zen Viniciusen artelana (36. min.). Baloi bat kontrolatu zuen area ertzean, eta, hanka geldian jaurtiz, gol ederra sartu zuen. Ruben ez zegoen zutoinera bidali zuen baloia, eta Navasen oina ukitu ondoren efektu arraroa hartu zuen. Jaurtiketa loratuak bizkor egin zuen behera.

Golak eragina izan zuen jokoan. Real Madrilek zailena egin zuen, eta askeago jokatzen hasi zen. Lehen zatiaren amaieran Rubenen atea setiatu zuen, eta bost minutuan aurreko berrogeietan baino gehiago estutu zuen Osasuna. Gorritxoek hutsarte bat behar zuten, eta atsedenaldia une aproposean iritsi zitzaien.

Inertzia txarra zen, eta Arrasatek aldatu zuen. Teknikariak hitzekin asmatu zuen aldagelan, eta jokalariek konfiantza berreskuratu zuten. Partida hasierako gidoira itzuli ziren bigarren zatian. Gorritxoek etxekoei gaina hartu zieten zelai erdian. Gihar eta adore kontua izan zen kalitatearena baino gehiago. Real Madril, bitartean, eroso zegoen Osasunaren hutsaren zain. Eta iritsi zen (50. min.): Meridak egin zuen, zelai erdian, eta Real Madrilek gola sartu zuen. Epaileak, baina, VARaren laguntzaz, ez zuen ontzat eman. Jovic zentimetro oso gutxigatik zegoen jokoz kanpo.

Rodrygoren gol ederra

Susto handia izan zen. Partida erabakita gelditzeko zorian egon zen eta Arrasatek erreakzionatu egin zuen. Bi aurrelariak aldatu zituen, Avila eta Villar zelairatuz. Zerbait egin beharra zuen, eta hordagoa jo zuen handira, aulkian zuen bolbora guztia atereaz. Aldaketak oldarkor jokatzeko ziren eta gora egin zuen Osasunak. Ausart bai, baina atzean zuloak utziz, eta horietako bat baliatu zuen Rodrygok buruz buruko jokaldi eder batean. Areatik hogei metrora baloia hartu, sartu, Lillori iskin egin, eta jaurtiketa gurutzatuz sartu zuen 2-0ekoa (73. min.). Hor bukatu zen partida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.