KRITIKA. Musika

Jalkinetatik

Alexei Volodin pianista, artxiboko irudi batean. EUSKADIKO ORKESTRA.
2022ko irailaren 28a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Pianoa: Alexei Volodin.Zuzendaria: Robert Treviño. Egitaraua: M. de Fallaren Nochesen los jardines de España etaD. Xostakovitxen 8. sinfonia op. 65. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Irailak 26.

Alemanez bada hitz bat, Aufhebung, bere baitan kontraesana biltzen duena, aldi berean esan nahi baitu zerbaiten gordetzea eta ezabatzea, latinezko tollere aditzaren antzera. Euskaraz, normalean, gainditze gisa itzuli ohi da. Dialektika hegeldarrak zuku filosofikoa atera zion XIX. mendean; gerora, noski, marxismoak zein psikoanalisiak bere egin zuten. Eta Euskadiko Orkestrak, hain zuzen, Tragedia gainditzea izendatu du aurtengo denboraldia. Ez dut uste filosofia espekulatiboa jorratzeko nahiaren emaitza denik, baina hitzek badute zama.

Lehen programa honetan, Manuel de Fallaren Noches en los jardines de España interpretatu zen lehenengo, gero etorriko zenaren kontrapuntu adierazkorra. Euskadiko Orkestrak trazu finez eraman gintuen lorategietan barrena, arabeskoak gogora ekartzen dituzten formak argituz, nahiz eta tarteka Treviñoren batutak ez zuen jakin Alexei Volodinen samurtasunarekin oreka topatzen. Lehen mugimenduan, esaterako, tutti-ak pianoa estali zuen maiz. Izan ziren, hala ere, une ederrak: Volodinen hegaldia Danza lejana mugimenduan zein biolontxeloaren parte hartze bikaina.

Kontzertuaren lehen atala, hala, eten inpresionista izan zen Dmitri Xostakovitxen 8. sinfoniak zabaltzen duen intentsitatearen aurretik. Gerra garaian idatzia eta, zentzu askotan, gerraren isla. Oinazearen erdian, haizeek gau bikaina oparitu zuten. Metalak distiratsu agertu ziren bost mugimenduetan, Allegro non troppo-aren deiadarretan zein azken Allegretto-aren gai dramatikoan. Oboeak fraseatze pentsakorra eta barnekoia eraiki zuen harien mantu sotilaren gainean, biolen kolore ederraz apainduta. Largo-an, ziztada biziak izan ziren piccoloaren eta klarinetearen hartu-emanak.

Gertakari zital eta traumatikoak besterik gabe atzean uzteak ezinegona sortzen du gehienetan. Gainditu egin behar dira. Iragazi, jalkinak hartu eta, ahal bada, ongarri bihurtu. Musika sublimaziorako bidea izan daitekeela uste dute askok. Baina ez dezagun norabidea galdu: musika gerta dadin, pertsonak behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.