Andre Mari Zuriaren jaiak

Aldarrien aterkipean, festara

Zeledon jaistearekin batera abiatu dira Andre Maria Zuriaren festak Gasteizen. Aterki morea eraman du aurten Zalduondoko gizonak, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko. Milaka lagun bildu dira plazan.

Gorka Ortiz de Urbinak, aterki morea eskuetan zuela, eraso sexisten aurkako mezua zabaldu zuen San Migel Elizako balkoitik. ENDIKA PORTILLA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2018ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Hda festa Gasteizen. Andre Maria Zuriaren jaiak abian dira dagoeneko. Urtero egin legez, San Migel Elizako kanpandorretik jaitsi da Zeledon gasteiztarrak festara deitzeko. Berrikuntzekin egin du aurten, baina urteroko asmo eta kemen berberekin. Izan ere, leiho eta balkoidun etxe berria izateaz gain, aterki berria ere estreinatu du Zalduondoko gizonak. Betiko aterki urdinaren ordez, more kolorekoa erabili baitu emakumeen aurkako indarkeria salatu eta jaiak berdintasunean gozatzeko mezua igortzeko asmoz. Hirugarren aldia da Zeledonek aterkiaren kolorea aldatzen duela.

Batek baino gehiagok nahi izango zukeen aterkia eskuetan izan Andre Maria Zuriaren plazako inguruetan. Bero sapa egiten baitzuen arratsaldean: termometroek 34 gradu markatzen zuten eguzkitan bostak jotzear zeudenean. Plaza ia beteta zen ordurako, eta festa giroa nabarmena zen inguru guztietan. Bozgorailuetako musika, batetik, eta txarangak, bestetik, arduratu ziren urduritasun handiko uneak alaitzeaz. Beroari aurre egiteko, ordea, bi aukera nabarmendu ziren ororen gainetik: norberak eramandako garagardoa eta kalimotxo freskoa edatea, edota suhiltzaileek jaurtitzen zuten ur zurrusten azpian freskatzea. Bi aukerak tartekatu zituenik ere izan zen. Blai eginda amaitu zuten askok. Ez ziren lan horretan aritu ziren bakarrak izan halere: Prado kaleko etxebizitzetatik ur baldekadak botatzen aritu baitziren zenbait haur.

Zeledon jaisteko ordu erdiren bat falta zela, urduritasuna nabarmena zen. Asko baitziren plazara sartu nahian Udaltzaingoaren kontrola pasatu zain zeudenak oraindik. Izan ere, latak eta beira plazara sartzea debekatu zuen udalak bigarren urtez jarraian. Sarrera-irteerak apur bat moteldu bazituen ere, ez zen inolako arazorik izan.

Morea ororen gainetik

Zeledonen aterkia ez zen izan more koloreko elementu bakarra atzokoan. Andre Maria Zuriaren plazan ziren herritar askok eta askok soinean eraman zuten kolore horretako elastikoa. Izan ere, kamiseta moreak janzteko deia eginzien udalak herritarrei, eraso sexisten aurkako mezua zabaldu asmoz. Edonola ere, eskaria aintzat hartu ez, eta elastiko zuria eraman zutenek ere more edo kolore gorrixkaz amaitu zuten txupinazoa ardoaren ondorioz. Jailarai, Berdintasunaz blai! leloa zuten paperezko bisera eta zapimoreak ere banatu zituzten. Milaka lagun bildu ziren Zeledoni ongietorria egiteko: larunbata izaki, leporaino bete zen plaza.

Bestelako aldarrikapenak ere izan ziren, halere. Tartean, euskal presoen aldeko hainbat pankarta zabaldu zituzten ohiko legez: «Orain presoak», «Amnistia», «Espainia faxismoarekin hautsi» edota «Jaietan ere esplotatzen gaituzte» leloak irakur zitezkeen euskaraz, gazteleraz, ingelesez zein frantsesez idatzita.

Seiak jo eta suziriak eztanda egitearekin batera hasi zen eromena. Bost minutu behar izan zituen Zeledonek Andre Maria Zuriaren plazako balkoira jaisteko, eta apur bat gutxiago plaza zeharkatzeko. Aipatzekoa da, gainera, azken urteetan ez bezala, txapel eta guzti iritsi zela balkoira. Bost egun ditu orain festaz gozatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.