Arrauna

Bandera ukitu bai, astindu ez

Hondarribia Zarauzko Ikurrina irabazteko zorian izan da, baina Urdaibai nagusitu zaio, alde txikia aterata. Beñat Egiazu arraunlariak estropadaren azterketa zorrotza egin du, lehiatu eta biharamunean.

Hondarribia taldeko arraunlariak, bigarren ziabogatik irten berritan, herenegun, Zarauzko estropadako bigarren jardunaldian. AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA.
Mikel O. Iribar.
2022ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Hondarribia taldeko arraunlariei ez zaie berehalakoan ahaztuko igandean Zarauzko (Gipuzkoa) uretan bizi izan zutena. Azken luzean zirela, berdeek nahi zuten erara jarri zitzaien estropada, bandera preziatua bosgarren urtez jarraian irabazteko. Trapua hatz puntekin ere ukitu zuten, baina azken txanpan Urdaibaik egindako joaldi ikusgarri batek guztiz zapuztu zuen hondarribiarren itxaropena. Mikel Orbañanosen mutilak Ama Guadalupekoa ontziaren txopan trapurik ez zutela lehorreratu ziren Getariako (Gipuzkoa) altxerrian, jota. Txanponaren alde iluna.

Beñat Egiazu (Hondarribia, Gipuzkoa, 1994) Ama Guadalupekoa traineruko arraunlariaren esanetan, taldea zapore «gazi-gozoarekin» geratu zen. «Estropada oso estua joan zen; lau ontziak segundo oso gutxian egon ginen, aurrea nork hartuko». Laugarren luzeari «ondo» ekin zioten Orbañanosenek. Zehazki, bostehun metro falta zirela, bost segundoren aldea zuten Urdaibairekin. «Poparean ondo gentozen, eta, tarteren batean, bandera eskuetan genuela ikusi genuen». Baina gero komeriak. «Azken zatian, Urdaibaik olatuak oso ondo baliatu zituen». Berdeek, aldiz, ezin izan zioten zukurik atera uhinei. «Banderak ihes egin zigun».

Egiazuk ez du ezkutatu «pena» hartu zutela. «Ez dakit norabidearekin asmatu genuen ala ez». Hain justu, bigarren luzean bosgarren kaletik «oso ondo» aritu zirenez, Ioseba Amunarriz patroiak traineru berdea ababorrera eraman zuen, nahiz eta estropada eremua zeharkatzeko aukera eduki. «Azterketa egin ondoren, guztiek esango dute lehen kalera joatea izango zela onena, baina bat-batean erabaki behar izaten da. Ez dugu ahaztu behar, gainera, Donostiarra ere gertu genuela, eta epaileak geure kalera itzultzeko agindu zigula. Horrek joera apur bat «eten» zien. «Iosebak hartutako erabakiarekin asmatu ez bazuen ere, oso ondo eramaten gaitu».

Hondarribiak iluntasun horretatik zer emaitza on atera dezakeen galdetuta, Egiazuk argi du: «Hamabi puntu guk lortu genituen». Gisa horretara, liga irabazteko lehian, Orbañanosen taldeak puntu bat jan dio Urdaibairi sailkapen nagusian, eta, orain, hirura du Bou Bizkaia, lehiaketa amaitzeko lau estropada geratzen direla kontuan hartuta. «Badakigu oso zaila izango dela egoera iraultzea, baina are zailagoa izango zen Galiziara bost puntu atzetik joango bagina». Itxaropenaren sugarra, bederen, ez zaie guztiz itzali Hondarribia taldeko arraunlariei.

Datorren asteburuan, Eusko Label ligako hurrengo bi jardunaldiak Aresen eta Boiron izango dira, misterioz jositako bi eremutan, haizea eta itsaslasterra direla medio. Hondarribiak «denetarik» bizi izan du han, onerako eta txarrerako. «Ea oraingo honetan zer topatzen dugun. Gure eskuetan dagoen guztia ondo egiten ahaleginduko gara».

Ama Guadalupekoa-k segundoak irabazteko baliatu izan ditu ziabogak urte luzez; aurten, ordea, ez dabil fin, eta, sarri, aurretik lortutako aldeak kareletik nola ihesten dion ikusi izan du ontzia biratzeko orduan. Egiazuk onartu du Getariako «istripuak» —istriborretik hartu zuten— «min handia» egin ziela. «Ordutik, balizara konfiantzarekin heltzen saiatzen ari gara, baina, gero, egia da buruak buelta asko ematen dituela». Ezbehar hark irekitako zauria itxi ezinik dago oraindik.

Kontxa, begiz jota

Zailtasunak zailtasun, Egiazuk nabarmendu duenez, irabazteko gosea eta grina odolean daramatzate. «Beti gehiago nahi duzu. Amaiera arte, taldea gai ikusten dut bandera garrantzitsuak irabazteko». Kontxako Bandera preziatua begiz jota daukate. Helduko da egun handi hori ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.