Koronabirusa

Gainezka egin dute telefonoek

Koronabirusaren inguruko zalantzak argitzeko telefonoetara deitu duten herritar askok ez dute erantzunik jaso egunotan, denbora luzez zain egon arren. Erakundeek 112ra ez deitzeko eskatu dute.

Paulo Ostolaza.
2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Azken egunotan asko izan dira koronabirusa dela-eta sortu zaizkien zalantzak telefonoz argitzen saiatu diren herritarrak, baina ez dute guztiek nahi zutena lortu. Osasun zerbitzuak informazioa eta laguntza emateko erabiltzen ari diren telefono zenbakiek gainezka egin dute. Erabiltzaile askok euren kexak helarazi zituzten atzo, eta haietako batzuen testigantzak jaso ditu BERRIAk.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 900-20 30 50 zenbakira deitu behar da koronabirusarekin lotutako edozein zalantza argitzeko. Hala egin duten hainbat herritarrek, ordea, amore eman behar izan dute. Herenegun, lanean zela, sintoma batzuk igarri zituen gizon batek hala azaldu du bere esperientzia: «Telefono horretara deitu nuen, eta ordubete egon nintzen zain, Vivaldiren Lau urtaroak behin eta berriz entzuten. Ez nuen erantzunik jaso. Berriz saiatu nitzen geroago, baina berdina izan zen emaitza».

BERRIAk elkarrizketatutako bakarrari hartu diote telefonoa, gipuzkoar bati. Hark baliabideen falta igarri du: «Datuak hartzen dizkizute, eta galdetzen dizute ea kontaktu zuzenik izan duzun positibo eman duen norbaitekin. Erantzuna ezezkoa bada, ez dizute probarik egiten». Sintoma nabariak izanez gero, ordea, astebetez etxean egoteko gomendatu diote. Protokolo falta salatu du: «Orain, orduan, nire esku dago ingurukoak kutsatzeko arriskuan ibiltzeko edo etxean geratzeko erabakia».

Jaurlaritzak atzo eskatu zuen 112 zenbakira ez deitzeko koronabirusarekin zerikusia zuten zalantzak argitzeko. Testigantza eskaini duten bat baino gehiagok, ordea, lehenago jo zuen bide horretatik. Hala azaldu du batek: «Osakidetzako larrialdietakoekin jarri ninduten. Esan nien sentitzen nuela 112ra deitzeagatik, baina larritzen ari nintzela, ez nuela erantzunik jasotzen eta...». Azaldu ziotenez, 900-20 30 50 zenbakian ordu bat edo bi zain egon ostean ari ziren deiak erantzuten. Telefono zenbaki horrek antzeko egoeran daramatza azken hiru-lau egunak.

Herritarrak erabiltzen ari diren beste alternatiba bat euren herrietako anbulatorioarekin harremanetan jartzea da. Osasun zentroetan ere, ordea, gainezka dabiltza. Kasu batzuetan telefonoa hartzeko komeriekin, eta, beste batzuetan, egoeraren aurrean nola jokatu ez dakitela. Aldaketak azkar gertatzen ari dira, abisuak pilatzen ari zaizkie, eta elkarrizketatu bati aitortu dioten moduan, «ulertu behar da ez daudela denei probak egiteko adina baliabide».

Nafarroan, antzeko

Emakume nafar batek jaso du erantzun hori, 112ra deituta. Hark ere ez zuen lehen aukeratzat erabili zenbaki hori: «Nafarroan 948-29 02 90 da koronabirusarekin lotutako zalantzak argitzeko zenbakia, badakit, baina hiruzpalau aldiz deitu, eta ez dut erantzunik jaso».

112an, berriz, azkar erantzun zioten eta tratu egokia eman zion medikuak, baina hark ere azpimarratu du egoeraren aurrean haiek duten gaitasuna urria dela. Irakaslea da, eta etxean du semea, gaixorik; hark Gasteizen ikasten du, eta astelehenetik dabil sukarrarekin eta eztularekin. Koronabirusaren proban positibo eman duen inorekin kontaktu zuzenik izan ez duenez, ordea, ez diotela proba egingo esan diote, Gipuzkoako kasuan bezala. «Medikuakesan dit gure herrian kasurik ez dagoela, baina, noski, nire semearekin bezala probarik egiten ez badute, nola egongo dira ba kasuak?», galdetu du. Eurek erabaki beharko dute bakartuta jarraitu ala ez.

Sare sozialetan ere asko ziren atzo kexatzen ari zirenak: batzuek 50 dei egin dituztela zioten, beste batzuek 24 ordu zeramatzatela deika... Telefonoetan ere nabaria da kaosa; baliabide guztiak txiki utzi ditu birusak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.