Euskara Zangozan, gori-gori

Antolatzaileek esan dutenez, aurtengo Nafarroa Oinez bestak gainditu egin ditu aurreikuspenak, eta milaka euskaltzale batu da Zangozako Ikastolari eta euskarari babesa adierazteko.
1
1 JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Iker Tubia -

2014ko urriak 21
Beroa: hori da aurtengo Nafarroa Oinez besta labur lezakeen hitza. Beroa, eguzkiak gogor jo zuelako eta ia 30 gradu egin zituelako. Beroa, halakoxea izan baitzen Zangozako Ikastolak sentitu zuen babesa. Biharamunean, esker hitzak nagusi antolatzaileen ahotan. Balorazioa, «ezin hobea». Hala esan du Jone Etxebarria Nafarroa Oinez-en koordinatzaileak. Bestaren arrakasta neurtzeko termometroa gori-gori zegoen: «Ikastola osatzen dugun familia osoa oso pozik gaude eguna nola joan zen ikusita. Izan ere, aurreikuspen guziak gainditu egin dira, eta jaso dugun babesa espero baino askoz ere handiagoa izan da».

Oraindik ere ezin da eman datu zehatzik, baina Etxebarriak nabarmendu du helburuak bete dituztela. Alde batetik, sosei dagokiena. Zangozako Ikastolak bi eraikin ditu, eta oraindik ere ez dute zorra guziz kitatu. «Ikastolaren iraunkortasuna ziurtatzeko, helburua zama ekonomikoa arintzea zen, eta, zorra kentzea oso zaila den arren, uste dugu arinduko dugula».

Badira zantzuak datu ekonomikoak onak izanen direla pentsatzeko; alde batetik, jendetza bildu zelako Zangozan. Baina termometrorik fidagarriena txosnetako produktuak bukatzea izan ohi da halakoetan. Aurreko urteetako datuetan oinarritu ziren eskaria egiteko. «Azkenengo urteetako eskaririk handienetako bat egin genuen; eskari baikorra zen, eta, hala ere, produktu batzuk bukatu egin ziren». Beraz, aurreko aldiekin alderaturik ere, balorazioa ona da.

Lan horretarako boluntario anitz izan dira aurten: 2.500 lagun inguruk parte hartu dute besta erraldoia antolatzeko beharrezkoak ziren txandak eta lanak egiten. Horrek ere harritu egin ditu Zangozako Ikastolako kideak. «Jende asko hurbildu da; aurreko egunetan ere laguntza eskaintzera etorri da jende asko, eta, beraz, eskerrak baino ezin dizkiegu eman». Beharrezkoa zuten laguntza: izan ere, 5.000 biztanle inguru ditu herriak, eta askoz ere jende gehiago bildu zen.

Euskara helburu

Aurtengo festaren helburua ez zen soilik ekonomikoa; hori argi utzi izan dute behin eta berriz Zangozako Ikastolako kideek. «Zangoza aldean euskarak present egon behar duela eta gure hizkuntzak bere txokoa baduela azaldu nahi genuen. Zangozako kaleetan hainbeste euskara entzutea gozamena izan zen denontzat», esan du Etxebarriak. Euskaltzale asko bildu ziren: Foruzaingoaren datuen arabera, 40.500 lagun joan ziren ikastolen aldeko bestara. Goizean arazo txikiren bat izan zuten herriko sarreretan, gutxi baitziren hainbeste jende hartzeko. Aise konpondu zuten. Bueltakoan ere auto ilara luzeak izan ziren errepideetan.

Eguraldia lagun izan zuen Nafarroa Oinez bestak, eta hori asteburu osoan antzeman zuten Zangozan. Ostiralean autokarabana anitz ailegatu ziren, asteburua inguru haietan igarotzeko gogoz. Etxebarriak azaldu duenez, autokarabanentzako aparkaleku bat atondu zuten, baina, gainezka egin zuenez, beste bat prestatu behar izan zuten iganderako.

«Milaka pertsona etortzen dela esaten dute, baina benetan jende hori guztia bertan ikusteak hunkitu gaitu gehien». Lau gunetan banatu zuten ibilbidea, eta guztiek «gainezka» egin zuten, antolatzaileek esan dutenez. Eskaintza ezberdina izanda, ezin konpara litezke guneak beren artean. Hala ere, laugarrenean haur asko aritu ziren jolasean, eta hirugarrenak bildu zuen jende gehien. «Kontzertu erakargarriak antolatu genituen, eta gazte eta heldu asko bildu ziren bertan».

Horregatik guziagatik, Etxebarriak esker mezua helarazi die eguna antolatzen ibili ziren guziei eta bertaratutako euskaltzale guziei.

Lekukoa, Baztanera

Heldu den urtean, Nafarroa Oinez iparraldean izanen da: Elizondoko Baztan Ikastolan, hain zuzen ere. Igandean hartu zuten lekukoa Elena Zabaleta ikastolako guraso elkarteko lehendakariak eta Josune Ortega ikastolako Nafarroa Oinez-eko aferetako zuzendaria izanen denak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna