Arrauna

Eusko Label ligako taldeek azken-aurreko lehia dute gaur Bermeon

Santurtzik ginga jarri nahi dio sasoiari, liga bigarrenez irabazita. Itsaso nahasia eta ipar-mendebaldeko haize zakarra daude iragarrita

Mikel O. Iribar.
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Udako azken arraun orroak entzungo dira asteburu honetan. Eusko Label liga azken txanpan sartu da, eta lehiaketa horrek emango dio akabera aurtengo arraun denboraldiari. Ohiko legez, Kontxako Bandera dela eta, hiru asteko etenaldia izan du gorengo mailak, eta gaur eta bihar izango dira azken bi jardunaldiak; lehena, Bermeon (18:50, ETB 1), kanporaketak jokatu ondoren. Ligako lehen zortzi sailkatuak ariko dira nor baino nor gehiago; Ares eta Isuntza —zazpigarrena eta zortzigarrena— oporretan daude; Tiranek liga nagusian jarraitzeko kanporaketa du jokoan; eta Zarautzek maila galdu zuen.

Santurtzik, egungo Eusko Label ligako liderrak, astea ur-aparretan eraman du, aurreko igandean Kontxako Bandera preziatua irabazi ondoren; laugarrenez bere historian. Hain zuzen, Iker Zabalaren taldeak denboraldia are gehiago biribiltzeko aukera du, esku-eskura baitu ligako garaikurra bigarrenez erreskadan altxatzea. Sotera-k sei puntu ateratzen dizkio Hondarribia bigarren sailkatuari. Matematikoki ez dago erabakita, baina ezusteko handia izango litzateke Santurtzik ez irabaztea. Garaipenetan berdinduta daude biak; sei estropadetan gailendu dira biak.

Hondarribiak, berriz, zaila du egoera goitik behera iraultzea;perfekziotik oso gertu ibili beharra du; ezinbestean, Santurtzi atzean utzi eta bi oilarren artean talde gehiago sartu beharko lirateke. Donostiarrak eta Oriok osatuko dute ohorezko txanda. Azken bi talde horiek behetik gorako bilakaera izan dute, eta denboraldi hasieran Igor Makazaga eta Jon Salsamendi prestatzaileek buruan zuten helburua betetzea lortu dute: ohorezko txandan sartu eta egonkortzea.

Lehendabiziko txandan, berriz, Zierbenak, Urdaibaik, Ondarroak eta Cabo da Cruzek egingo dute arraun. Juan Zunzunegiren taldeak hiru bandera irabazi dituen arren, emaitzetan gorabehera handiak izan ditu, batez ere denboraldiko bigarren zatian. Hargatik, koska bat behera egin eta ohorezko txandatik at geratu da. Urdaibaik, bestalde, nahi eta ezinaren sentipenak izan ditu; uste zutena baino apalago ibili dira, eta egoera gazi horren aurrean klubeko zuzendaritzak erabaki tinkoa hartu zuen abuztu amaieran: datorren denboraldian Jon Elortegi egungo prestatzailearekin ez jarraitzea. Ondarroak eta Cabok, ordea, estutasun handirik gabeko uda izan dute; Antiguako Ama ontzikoak, gainera, Zierbenako estropada luzaroan izango dute gordeta; ligako lehen bandera irabazi baitzuten.

Patroientzako estropada

Itsasoa misterioz betetako ur putzutzat dago hartua arraun munduan; are gehiago estropada eremuak berezitasuna badu, Bermeokoak kasu. Kanporanzko luzean ababorretik sartuko zaizkie olatuak eta haizea, eta istriborretik itzultzean. Hori gutxi balitz bezala, eta eguraldi petrala izango dute; patroientzako estropada nekeza bezain zirraragarria izango da. 1,7 metroko olatuak daude iragarrita, eta haizeak ipar-mendebaletik oso zakar joko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.