'The balde'-k bidea itxi du, 15 urteren ostean

Aldizkariak aurrera jarrai zezakeela uste dute arduradunek, baina epe bat bukatutzat jo dute. Zenbaki guztiak Interneten daude ikusgai
JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Urtzi Urkizu -

2016ko abenduak 7
«Gu berpiztuko gaituen kapitalismorik ez da existitzen. Logika kapitalistarentzat, The balde, akats bat delako. Ez gara joan zonbi gisa itzultzeko. Ez gara hil berpizteko». Ez gara berpiztuko izeneko testuaren hitzak dira, eta The balde aldizkari elebidunaren —euskara eta ingelesa— azkeneko zenbakian irakur daitezke. Egunotan ari dira banatzen azaroa-abenduko zenbakia. Ez dute gehiago argitaratuko. Baina zenbaki guztiak noiznahi begiratu eta irakurri ahalko dira www.thebalde.net webgunean —87 zenbaki dituzte egun jarrita—.

2001. urtean argitaratu zuten aldizkariaren lehen zenbakia. Diseinua berritzailearekin jaio zen. Aldizkariak Kirmen Uribek Koldo Izagirreri egindako elkarrizketa bat zekarren bere orrialdeetan. Zinemaz, musikaz eta bideo jokoez artikulu erakargarriak ere bai. Cesar Ekisoain izan zen aldizkariko lehen zuzendaria. Koldo Almandoz kolaboratzaile hasi zen, erredakzio kontseiluko kide ere bazen. Eta aurreneko urtea amaitu aurretik hartu zuen zuzendari kargua, gaur arte. Almandozek adierazi du ez dagoela arrazoi bakarra The balde-ren amaierarako: «Hamabost urte eman ditugu The balde egiten, eta etapa bat amaitu da. Bestalde, ohitu gara halako prekaritate batean lan egitera, eta hori normala iruditzen zaigu, baina beti ezin da gogoagatik edo militantziagatik lan egin». Aldizkaria euskal prentsan «satelite moduko bat» izan dela uste du: «Gure aldizkariaren izaeragatik ez da inoiz sartu euskarazko komunikabideen deialdietan. Oso gustura egin dugu bide hau, baina ez da erraza izan». Mila harpidedunen bueltan ibili da aldizkaria urteotan, baina postako gastuetan joaten zitzaien diru hori. Banatzaileekin, berriz, akordioak egiten zituzten, gastu handirik ez izateko.

Aldizkariko zuzendariak nabarmendu du kolaboratzaile guztiei «duin» ordaintzen saiatu direla. «Hala egin dugu. Bestalde, gehien harrotzen nauena da lehenbiziko aukera eman diogula jende askori. Sortzaile askok euren proposamenak argitaratu dituzte aldizkarian». Urteotan gustatzen zitzaiena egiten eta esperimentatzen saiatu direla azaldu du Almandozek: «Laborategi gisa funtzionatu du zenbaitetan. Batzuetan asmatu dugu, eta besteetan, ez. Beste komunikabideetan tokia ez duten lanak erakusteko aukera eman du aldizkariak».

Euskal Herrik kanpo ere bai

Proiektuek euren hasiera eta amaiera izaten dute, ordea. «Momentu oso onak eman dizkigu aldizkariak. Baina ez genuen inertziagatik jarraitu nahi. Hobe da horrela uztea, zenbaki berezi batekin agur esatea. Jarraitzerik bagenuen». Azkeneko zenbakiak agur esan, eta desagertzeko aukera ezberdinak eskaintzen dizkio irakurleari, testu eta argazki bidez. «Adiorik ez... edo bai. Baina duintasunez», dio testu batek. Gainera, Gurutze berdea izeneko erreportaje grafikoa atera dute, munduko hainbat lurraldetako farmaziei ateratako argazkiekin. Komodin-artikulu bat zen, agurreko zenbakira arte argia ikusi ez duena. Urteotan askotariko lanak argitaratu ditu aldizkariak, arte mota guztiei tokia eginez.

Euskaraz eta ingelesez argitaratzeak Euskal Herritik kanpo zabaltzeko aukera eman dio proiektuari. «Ez genuen mugarik izatea nahi. Kanpoko irakurleei ere erakutsi nahi genien. Alemanian, Ingalaterran, Irlandan eta Espainian mugitu izan dugu aldizkaria». Zuzendariak oroitu du Luxenburgen aldizkarien biurteko batean parte hartu zutela: «Han esan zuten The balde-ren estiloa estilorik eza zela, diseinu anarkikoa zuela eta horrek erakargarri egiten zuela».

Almandozek uste du urteotan «gauzak frogatzeko» jarrera izan dutela, «The balde bakoitza berria izan zedin». Doan banatzen zen, baina bere bizitza ez da debaldekoa izan. 89 zenbakiak dira horren lekuko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna