ETB2k inoizko ikusle datu txikienak izan ditu 2016. urtean

ETB1ek %1,9ko ikusle kuota lortu du, 2015ean izandako berbera. ETB2 1,7 puntu jaitsi da azkeneko bi urteetan: %9tik %7,3ra

urtzi urkizu
2017ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
ETBren lau kateen artean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, batez beste, %10,7ko ikusle kuota lortu dute 2016. urtean. Eta lau kateetatik beherakada handiena ETB2k izan du. Gaztelaniazko kateak %7,3ko ikusle kuota izan du amaitu berri den urtean, inoizko txikiena. Aurreko urtearekin alderatuta, zazpi hamarren galdu ditu ETB2k; bi urteko epean, 1,7 puntu jaitsi da. Denboran atzerago joz, galera sekulakoa da: 2006an, %15,8ko ikusle kuota lortu zuen ETB2k. Hamar urte geroago, zortzi puntu eta erdi txikiagoa da katearen ehunekoa. Tartean, kontuan hartu behar da 2010ean lurreko telebista digitala zabaldu zela, eta, modu horretan,doako kateen eskaintza asko ugaritu zela Hego Euskal Herrian.

ETB1ek, batez beste, %1,9ko ikusle kuota lortu du 2016an, aurreko urteko datu berbera. Azkeneko bost urteetan, %2aren bueltan dabil euskarazko katea. Jaitsiera lehenago izan zuen ETB1ek: 2003an, %6,2ko kuota zuen, eta, koskaz koska jaitsiz joan ostean, 2010ean %2,2ra iritsi zen. Orduz geroztik, aldaketa gutxi izan ditu euskarazko kateak, eta kirol emanaldiek eusten diote batik bat ehunekoari.

2016. urtean, ETB1ek uztaila izan zuen hilabeterik onena: %2,4ko ikusle kuota. Datu eskasena, berriz, ekainean: %1,5. Abenduan %2ko kuota bereganatu du, 2015ean sasoi berean baino bi hamarren gehiago.

Ikusle datuez harago, 2016an ETB1ek izan duen ahulguneetako bat fikzioaren gabezia izan da. Aitaren etxea-ren azkeneko atala, Eskamak kentzen-en hamabi atal eta Go!azen-en sei atal eman ditu euskarazko kateak. Azkeneko bi hamarkadetan fikzio gutxien ekoitzi eta emititu duen urtea izan da 2016 ETB1entzat. Hogei urte atzera joz gero, fikzioaren jaitsiera oso nabarmena da: 1996an, ETB1en eskaintzaren %30,8 fikzioa izan zen —ikusle datuaren %20,8—. Urte horretan,ETB1ek %6,7ko ikusle kuota bereganatu zuen.

ETBko euskarazko beste kateak, ETB3k, %0,6ko ikusle kuota izan du 2016an, aurreko urtean bezala; 2012an, %0,9ko kuota izan zuen kateak. ETB4k,bestalde, %0,9ko ikusle kuota izan du amaitu berri den urtean, 2015ean baino bi hamarren gutxiago.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2016an Tele5 izan da ikusle gehien izan dituen katea: %15,1eko ikusle kuota. 2015arekin alderatuz, puntu erdia galdu du Mediaset taldeko kateak. Hemezortzi urte dira dagoeneko Tele5 hiru herrialdeetako liderra dena. Espainian ere Tele5 da lehen katea, %14,4ko kuotarekin.

Katalunian, berriz, katalanezko TV3 izan da liderra 2016. urtean, %11,4ko ikusle kuotarekin —azkeneko urtean 1,1 puntu jaitsi da—. TVG galiziarra %9,3tik %9,8ra igo da —Galizian Tele5 da buru—.

Kanpaia elebidunak

ETBk Zumaiatik (Gipuzkoa) zuzenean eman zituen Urtezaharreko kanpaiak. Emanaldi bera egin zuten ETB1en eta ETB2n, eta hainbat ikusle kexu azaldu ziren sare sozialetan euskarazko katean gaztelaniazko azalpenak entzun zirelako —Sara Gandara aurkezlearenak—. ETBko bi kateen artean kanpaiek %20,1eko ikusle kuota lortu zuten —%28,1ekoa, euskaldunen artean—. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta eragin esparruan, ETBren arabera, 208.000 herritarrek ikusi zuten uneren batean Zumaiako emankizuna bi kateetako batean. Kanpaien aurreko ETB1eko Herri txiki, urte berri dong saioak %5,5eko kuota lortu zuen —euskaldunen artean, %11,2—, eta kanpaien osteko Guaiomini txu points umore saioak %6,4ko kuota bereganatu zuen —euskaldunen artean, %14,5—.

Kontsumoa, beherantz

Hego Euskal Herrian telebista tradizionalaren kontsumoa beherantz egiten ari da azkeneko urteetan. 2013an, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar bakoitzak batez beste hiru ordu eta 59 minutu pasatu zituen egunean telebistaren aurrean. 2016an, berriz, kopuru hori hiru ordu eta 38 minutukoa izan da —21 minutu gutxiagotu da kontsumoa—. Interneteko plataformetako ikus-entzunezko kontsumoa, aldiz, gorantz ari da egiten.

Hiru herrialdeetan, telebista tradizionaleko kontsumoaren %59,6 lurreko telebista digitalekoa da, %33 kable bidezkoa —Euskaltel— eta gainontzekoa ordainezko telebistarena —%7,4—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.