Katerik gabe, idazten libre

Nelly Bly kazetariak estereotipoak hautsi zituen XIX. mendean. Gizonezkoen mundu batean, kazetaritzaren izar bihurtu zen. Haren artikulu onenen antologia bat argitaratu dute.
BERRIA / BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2018ko martxoak 30

«Zertarako balio dute emakumeek?» galdera egin zion bost alaben aita batek zutabegile bati Pittsburg Dispatch egunkariko gutun batean. 1885. urtea zen, AEBetako ekialdean. «Mundura haurrak ekartzeko eta etxeko lanetarako», idatzi zuen zutabegileak. Erantzun zorrotza eman zien Elizabeth Jane Cochranek (Pennsylvania, AEB, 1864) gutun batean. Buruaskiak ziren andreez eta bera moduko gazteez aritu zen testu hartan. XIX. mendeko estereotipoen aurka jo zuen, Umezurtz bakartia ezizenarekin. Kalitatezko testua izaki, egunkariak berriemaile lanetan hasteko eskaintza egin zion Cochrani. Horrela hasi zen kazetari. Nellie Bly ezizena hartu, eta gerora kazetaritza gonzo-aren aitzindaria bilakatu zen —istorioen barnean murgildu eta kazetaria erreportajeen parte bihurtzen denean—.

Aipatutako lehen gutuna eta Blyren artikulu onenak antologia batean bildu ditu Capitan Swing argitaletxeak. La vuelta al mundo en 72 días y otros escritos (Munduari itzulia 72 egunetan eta beste idatzi batzuk) izena du liburuak.

Pittsburg Dispatch egunkariko lehen editoreak emakume aberatsen gosari eta hitzaldi arinen berri jasotzera bidaltzen zuen. Baina Bly gazteak bestelako erreportajeak nahiago zituen. Eskualdeko fabriketan lan egiten zuten andreek zituzten baldintzez eta garai hartako dibortzio legeak zituen genero desberdintasunez idatzi zuen, sakon. Ez zuen asko iraun Pittsburghen. Han hasi eta bi urtera ohar bat utzi zion editoreari: «Q.O. jaun begikoa: New Yorkera noa. Adi egon. Bly».

Adi egoteko modukoak izan ziren Blyk New Yorken egin zituen lanak, nahiz eta aurreneko lau hilabeteetan ez zuen lanik aurkitu. Joseph Pulitzerrek —haren omenez ematen dituzte izen bereko kazetaritza sariak— sortutako New York World egunkaritik egindako enkargu arriskutsu bat onartu zuen: Blackwell's Islandeko emakumeentzako eroetxean hamar egun pasatzea, gaixo bat balitz moduan. Han topatu zituen burutik sano zeuden hainbat andre etorkin —ingelesez ez jakitea zen han sartzeko justifikazioa—. Ur hotz eta zikineko bainuak pairatu zituen, eta tratu txarren mehatxuak. Ahul atera zen egonalditik, baina idatzitako erreportajeak oihartzun handia izan zuen. Eta postu finko bat eman zioten.

Munduari bira, 72 egunetan

Jules Verne idazle frantziarrak Le Tour du monde en quatre-vingts jours (Munduari bira 80 egunetan) liburua argitaratu zuen: lehenbizi atalka Le Temps egunkarian, 1872an; eleberria osorik, 1873an. New York World egunkariak gizonezko kazetari bat bidali nahi zuen Verneren fikziozko erronka gainditzera. Ideia Bly berarena zen, ordea. Eta 1889ko azaroaren 14an Erresuma Batura zihoan itsasontzi batera igo zen —bi egun lehenago esan zion kazetako zuzendaritzak bidaia hasiko zuela—. Barneko arropa, garbitzeko tresnak, 200 libera eta urre pixka bat baino ez zituen gainean eraman. Londrestik Pariserako bidean, Amiensen (Frantzia) gelditu zen. Han zen Verne, eta hala esan zion: «Bidaia 79 egunetan egiteko kapaz bazara, publikoki zorionduko zaitut».

Bidaiarekin jarraitu zuen, bakarrik. Emakumea eta bakarrik itsasoak zeharkatzen, XIX. mendean; mendebaldeko gizartean aitzindari izan zen horretan. Italiako hegoaldetik Mediterraneoa zeharkatu, Suezko kanala, Itsaso Gorria, Arabiako itsasoa eta Yemeneraino. Itsasoz Sri Lankara, handik Malaysiara. Singapur, Hong Kong eta Yokohama. Japoniako hiri horretan itsasontzi bat hartu eta San Frantziskoraino. Trenez egin zuen San Frantziskotik New Yorkerako bidea. Munduari bira 72 egunean amaitu zuen. Aldi berean, Elisabeth Bisland kazetaria kontrako bidean ari zen munduari bira ematen, Cosmopolitan aldizkariarentzat —76 egunean bukatu zuen bidea—. Blyk jarri zuen marka, eta nazioarteko prentsan hautsak harrotu zituen.

Artikuluen antologian, Maureen Corrigan kazetari, irakasle eta literatur kritikariak modu honetan definitzen du Bly: «Erreformista bat izan zen, interpretea, aktibista, eta ikuskizun bat bere horretan». Posta elektronikora gazte askoren mezuak iristen zaizkio Corrigani —«beti emakumeenak»—, Blyren inguruko informazioa eskatuz. Corriganek nabarmentzen du Blyk «lotsagabeki» erantzuten ziela botere karguetan zeuden gizonei.

1913an, emakumeak bozkatzearen aldeko biltzarraren berri eman zuen. Lehen Mundu Gerran, Europan aritu zen kazetari; aurreneko gerrako emakumezko berriemaileetako bat izan zen. 1922. urtean hil zen, New Yorken, pneumonia baten eraginez.

Ehun urte joan dira. Eta Corriganen iritziz, Blyren testuek estereotipo sexistak gezurtatzen jarraitzen dute. «Blyren lanek espiritu abenturazalea transmititzen dute. Sentipen bat sortzen dute: Dena posible izan daitekeela».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Dozenaka kai egon ziren garai batean Bilboko itsasadarrean; irudikoa aduanako kaia da. ©JAIO DE LA PUERTA

Bizkarrezurra eta arima

Zihara Jainaga Larrinaga

Hiria sortu aurretik, merkataritzarako sortu zen Bilboko portua, eta, gero, industria eta ontzigintza izan ditu jardunbide, besteak beste. Gaur egundaino, bilakaera handia izan du. Halaber, adituen arabera, geologikoki oso aberatsa da Bilboko itsasadarra. Egun, hiriaren ikur nagusietako bat bilakatu da.

 ©JON URBE / FOKU

«Hau ez da nostalgiko eta zaharrunoentzako disko denda bat»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Bloody Mary dendak 30 urte bete zituen urrian, eta berriki egin dute ospakizuneko kontzertua, Andoainen. Garcia undergroundaren eta rockaren gotorlekutik mintzo da, binilo doinuz eta punk jarreraz.
Zarauzko erredakzioa, artxiboko irudi batean. ©UROLA KOSTAKO HITZA

Tokikoek bat egin dute Urola Kostan

Jakes Goikoetxea

UKT Urolako Komunikazio Taldea kooperatiba sortu dute Gipuzkoako eskualdeko euskarazko sei komunikabidek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna