Iturbek jarraitu egingo du

Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusia kargutik kentzearen inguruan bozkatuko dute asteartean administrazio kontseiluan. Ez da bi hereneko gehiengoa aterako.

Iturbek jarraitu egingo du.
urtzi urkizu
2015eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Bilera garrantzitsua izango dute asteartean EITBko administrazio kontseiluko kideek. Batetik, Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusia kargutik kentzearen inguruan bozkatuko dute. Bestetik, Eusko Irratiko enplegua erregulatzeko dosierra erretiratzeko proposamena bozkatuko dute. Lan eskaintza publikoaren aplikazioaz ere ariko dira.

EITBko administrazio kontseiluak hogei kide ditu: EAJk, sei; EH Bilduk, lau; PSE-EEk, hiru; PPk, bi; Eusko Ikaskuntzak, Euskaltzaindiak, kontsumo elkarteak eta sindikatuek (LAB), bana; eta hogeigarrena zuzendari nagusiarena da. Hain zuzen ere, zuzendari nagusia kargutik kentzeko eskaera eraman du PSE-EEk bilerara. EITBren Legearen arabera, soilik Eusko Jaurlaritzak ken dezake kargutik zuzendari nagusia. Horretarako arrazoia bi motatakoa izan daiteke: batetik, ezintasun fisiko edo gaixotasuna, legearen irizpideak urratzen dituen bateraezintasuna edo delitu bategatik jasotako zigorra; bestetik, administrazio kontseiluak bi hereneko gehiengoz bozkatzen badu dimisio eskaera, Jaurlaritzak erabaki hori har dezake.

Astearteko bozketan, ez da bi hereneko gehiengoz (hamalau boto) dimisio eskaera onartuko. Kargugabetzearen alde bozkatuko dute PSE-EEk eta PPk; zalantzazkoa da Euskaltzaindiko, Eusko Ikaskuntzako eta kontsumo elkarteko ordezkariek zer bozkatuko duten; EH Bilduko kideen botoa argi ez badago ere, aurreikus daiteke ez dutela bat egingo PSE-EEren eta PPren eskaerarekin. Administrazio kontseiluko EH Bilduko kideek prentsaurreko bat emango dute etzi, bai dimisio eskaeraz eta bai lan eskaintza publikoaren aplikazioaz eta erregulazio espedienteaz duten iritzia azaltzeko; LABeko ordezkariak ez du bozkatuko Maite Iturbe kargutik kentzearen alde —abstenitu egingo da, edo ez du bozketan parte hartuko—; eta EAJko sei kideek kargutik kentzearen aurka egingo dute.

Otsailaren 13an, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak Iturbe defendatu zuen Eusko Legebiltzarrean. Kontuan hartu behar da legebiltzarrak —EH Bildu, PSE-EE, PP eta UPDren aldeko 47 botoekin— mozio bat onartu zuela otsailaren 5ean EITBko zuzendari nagusia kargugabetzearen alde; soilik EAJren 27 botoek babestu zuten Iturbe.

Bileran aurrera egin dezakeen proposamena, berriz, erregulazio espedientea erretiratzekoa da. Gehiengo sinplea behar du eskaera horrek. Hala, EH Bildu, PSE-EE, PP eta LABen botoak hamar dira, kideen erdienak. Kontsumo elkarteko, Euskaltzaindiko edo Eusko Ikaskuntzako boto batek gehiengoa ekarriko luke. Dena den, administrazio kontseiluaren bozketa ez da bete beharrekoa EITBko zuzendaritzarentzat. Urtarrilaren 16an jakinarazi zien EITBko zuzendaritzak langileen ordezkariei erregulazio espediente bat izango zela irratietan—79 langileri eragingo die—.

Greba irratietan, asteartean

EITBko irratietako zentro arteko batzordeak erregulazio espedientea kentzearen alde bozkatzeko eskatu die administrazio kontseiluko kideei. Halaber, batzordeak 24 orduko lanuztea deitu du astearterako Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta Radio Vitorian, erregulazio espedientearen aurka. Egun horretan, elkarretaratzeak egingo dituzte Miramon, Bilbo eta Gasteizko egoitzen aurrean, eta 16:30ean manifestazio bat egingo dute Bilbon.

Astelehenean, berriz, Eusko Legebiltzarraren aurrean egingo dute protesta langileek. Izan ere, Iturbek azalpenak emango ditu EITBko kontrol batzordean erregulazio espedientearen inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.