«Gogoratuko dudan astea»

Pere Cardus 'Vilaweb' hedabide digitaleko kazetaria ETAren amaieraren inguruko artikuluak idazten aritu da egunotan, eta Rafa Diez Usabiagari elkarrizketa sakona egin dio.

Pere Cardus kazetaria, atzo, BERRIAko Andoaingo erredakzioan. J.C. RUIZ / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2018ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Nazioarteko kazetari ugarik eman dute egunotan ETAren desegitearen berri. Haietako batzuk Kanbon (Lapurdi) izan ziren atzo. Eta han izan zen Vilaweb atari digitaleko Pere Cardus ere(Terrassa, Katalunia, 1978). Asteazkenean iritsi zen Euskal Herrira ETAren amaierarekin lotutako artikuluak eta elkarrizketak idaztera, eta gaur itzuliko da Bartzelonara. Egunotan BERRIAren Andoaingo (Gipuzkoa) erredakzioan aritu da lanean. «Ostegunean, plazer bat izan zen ETAren azken agiria iritsi zen unea egunkariko erredakzioan bizitzea. Adrenalinak gorantz egiten du, eta intentsitate handiz bizitzen dira horrelako uneak erredakzio batean. Gogoratuko dudan astea izan da».

Berria telebistan egin zuten zuzeneko saioa ere bertatik bertara ikusi zuen, eta deigarria egin zitzaion. «Platoa erredakzio erdian egitea hautu bat da, interesgarria. Beste egunkari batzuetan aparteko toki batean jartzen dute platoa. Plazer bat izan zen saioa ikustea». Une horietan, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariarekin hitz egiteko aukera ere izan zuen—Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren ostean Katalunian sortu zen elkartasun kanpainaz geroztik ezagutzen dute elkar—. «Genevatik [Suitza] albisteak iristen ari ziren, eta intentsitate handia bizi izan genuen. Ahaztuko ez zaidan zerbait da». Cardusen iritziz, «egoera pribilegiatua» izan da harentzat Andoaingo erredakzioan lan egin ahal izatea.

Kanboko konferentziari jarraipenari dagokionez, Cardusen gusturako «urrutiegi» egon behar izan zuten kazetariek. «Baina interesgarria izan zen nazioartean prestigio handia duten pertsonak nola inplikatu diren ikustea». Euskal Herriko politikari batzuen hitzak jasotzeko aukera izan zuen Arnaga etxearen kanpoaldean.

Kazetaritza onaren aldarria

Cardusek azkeneko egunetan elkarrizketa batzuk egin ditu Vilaweb-erako. «Rafa Diez Usabiagak gatazkaren ondorioen inguruan hitz egin dit, baita haren espetxealdiaz ere». Iñaki Egaña historialaria elkarrizketatu du, halaber: «ETAren armagabetzeaz liburu bat idatzi du, eta Espainiako Gobernuak egin zituen boikot saioak nolakoak izan ziren azaldu zigun».

Cardusek bederatzi urte daramatza Vilaweb-en lanean, eta gai politikoen inguruan idazten du batik bat. Haren iritziz, komunikabideen ikuspegitik garai «oso interesgarria» da gaur egungoa: «Kazetaritza oso ona egiteko aukera dago, nahi baldin baduzu. Kazetaritza onak ez ditu beti berarekin klik asko ekartzen. Ondo ari bazara, eta informazioa aurkezteko moduan asmatuz gero, funtziona dezake, eta hori ari gara deskubritzen». Kalitate oneko kazetaritzaren aldarria egiten du kazetari katalanak. «Audientzia onak lortzeko zaborra egin behar dela dioen mitoa hausten ari da». Vilaweb-ek azkeneko hilabetean 2.340.000 bisitari bakar izan ditu.

«Kazetaritza ona egiteko aukera, bai, baina kazetaritza oso mehatxatuta dago. Botereak informazioa kontrolatu nahi du, ahalik eta hobekien», hausnartu du kazetariak. «Ikusten dute estatu baten aparatu guztiekin eta diru askorekin ezin dutela gelditu Kataluniakoa bezalako prozesu bat, eta horrek eramaten ditu pentsatzera mezularia dela erruduna». Cardusen ustez, horregatik ari dira TV3ri erasotzen.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.