Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Bizigiro «Kazetaritza pausatua nahi genuen, baina berri motzak eskatzen dituzte»

Publizitatea

Bizigiro

Ainhoa Andonegi. 'Barren' astekariko zuzendaria

«Kazetaritza pausatua nahi genuen, baina berri motzak eskatzen dituzte»

Elgoibarko 'Barren' astekariak 1.000. zenbakia plazaratu berri du. Datorren urtean 25 urte beteko ditu. Herri aldizkari gehienak bezala, nahi lukeenaren eta ahal duenaren artean igeri egitera behartuta dago.
Argazkia: GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

2016-07-14 / Edu Lartzanguren

Lehen zenbakia 1992. urtean argitaratu zuen Elgoibarko (Gipuzkoa) Barren astekariak. Kalean jarri du milagarren zenbakia. Ainhoa Andonegi 2000. urtean hasi zen kazetan, eta zuzendaria da orain.

«Astakeria zirudiena astekari bihurtu da», idatzi du Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneko Imanol Larrañagak. Zergatik pentsatu zuten hasieran Barren astakeria izango zela?

Garai hartan, 1990eko hamarkadaren hasieran, sortuta zeuden inguruko herrietako aldizkariak, Eta Kitto... eta Arrasate Press, esaterako. Haietan galdezka ibili ziren informazio eske, Elgoibarren gauzak nola egin jakiteko. Hamaboskaria-edo egitea pentsatzen ibili ziren, baina haiek gomendatu zieten, egitekotan, buru-belarri sartzeko eta astekaria egiteko. Baina Elgoibar bezalako herri batean [11.000 biztanle pasatxo] entzun behar izan zuten «astakeria» egitera zihoazela.

Barren paisaiaren parte bihurtu dela eta dagoeneko hura gabeko Elgoibar irudikatzerik ez legokeela esan dute egunotan. Zer da aldizkaria herrian?

Ostiraletan herritarrak zain izaten dituen produktua da Barren. Astean zer gertatu den ikusteko erabiltzen du jendeak, eta, azkenean, leku bat lortu du familietan. Guk beti sumatu dugu jendea irrikan egoten dela jasotzeko. Norbaiti gutunontzian falta zitzaionean ostiralean, astelehenerako hemen genuen, «zer gertatu da?» esaten. Ostirala jaieguna edo zubia bada, «zer, aste honetan ez da egongo?», esaten digute. Termometro ona da.

Datorren urtean, 25. urteurrena. Ospakizunez ospakizun zabiltzate bolada honetan?

Zenbaki berezia egin dugu milagarrena ospatzeko: monografikoa aldizkariaren inguruan. Udazkenean hasiko gara 25. urteurrenari begirako plangintza egiten.

Ohartarazpenak ere egin dizkizuete: Barren osasuntsu dagoela, bai, baina osasuntsu egotea ez zaiola nahikoa hedabide bati irauteko. Ados zaude?

Bai. Beti gabiltza aurrera begira, nola iraun asmatzen. Teknologia berriekin dena aldatzen ari da, eta gu atzetik gabiltza berrikuntzetara moldatu nahian. Baina argi dago laguntza publikoen menpekotasun handia dugula oraindik, nahiz eta autofinantzaketa landu. Murrizketekin kezkatuta gaude, noski, baina badakigu herritarren babesa dugula. Garai zailetan herritarrei laguntza eskatu diegunean, erantzun egin dute. Babes horrekin iraungo dugu, herritarrek Barren-en beharra sentitzen jarraitzen duten bitartean.

Herri aldizkariek ez al diote herrialde mailakoek baino hobeto eusten gazteek Interneten irakurtzeko duten joerari?

Galdeketak egin ditugu, eta gazteek Barren paperean nahiago dute, nahiz eta Elgoibar.net egunero jarraitzen dutenek ostirala heltzen denerako albiste gehienak irakurrita izan. Internetek ez ditu asetzen oraindik jende askoren beharrak. Esaterako: elkarte asko daude Elgoibarren, eta euren albistea paperean ikusten ez badute argitaratu ez dela iruditzen zaie. Paperak pisu handiagoa du oraindik.

Nola erabakitzen duzue zer argitaratu gunean eta zer paperean?

Pentsatu izan dugu papererako beste modu batean lantzea informazioa. Paperean joaten dira erreportaje eta elkarrizketa luzeak, adibidez. Albiste laburrak paperetik kentzea planteatu izan dugu. Kazetaritza pausatua egin nahi izan dugu paperean, baina irakurleek berri motzak eskatzen dituzte oraindik ere. Beraz, atzera egin izan dugu, eta laburrak paperean ere agertzen dira gaur egun. Hurrengo diseinu aldaketan agian ausartagoak izango gara.

Doan banatzen jarraituko duzue?

Astero 4.860 ale banatzen ditugu. Ez da errentagarria, baina ahal dugun bitartean horrela izan beharko duela iruditzen zaigu. Egitasmo parte hartzailea da hau. Erredakzioan bost lagun gaude, baina herritar asko ditugu inguruan laguntzen. Zorion agur bat jartzera etortzen direnak edo istripu baten berri ematen digutenak ere partaide dira. Denok gara Barren Elgoibarren.

Publizitatea

Sortu kontua
Edu Lartzanguren Edu Lartzanguren

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak