Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Bizigiro «Hirugarren sektoreko negozioen gustukoa izan nahi du Ikustendak»

Publizitatea

Bizigiro

Julen Iriondo. Kazetaria

«Hirugarren sektoreko negozioen gustukoa izan nahi du Ikustendak»

Ikus-entzunezkoak ekoizteko eta hedatzeko egitasmo bat jarri du martxan Iriondok: Ikustenda. Entretenimendu saioak eta Debagoieneko negozioen publirreportajeak egiten ditu.
Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-09-14 / Urtzi Urkizu

Goiena taldean hamabost urte egin ditu Julen Iriondo kazetariak (Oñati, Gipuzkoa, 1979), eta eszedentzian da orain. 2015ean, Rikardo Arregi saria jaso zuen, Jon Salaberri hiesaren kontrako ekintzailearen inguruko dokumental bategatik.

Entretenimendua eta publirreportajeak tartekatzen dituzu Ikustenda.eus webgunean. Zer helbururekin sortu duzu proiektua?

Tarte bat egin nahi nuen gehien gustatzen zaidana egiteko. Informazioa baino gehiago, bestelako ikus-entzunezko edukiak egin nahi nituen. Goienarekin harremana mantentzen dut, dena den.

Ikustendako saioak Goiena telebistan ikusten dira, ezta?

Bai. Ondo etorri zait Goienaren laguntza. Saioen grabaketa nik egiten dut, baina edizioaz haiek arduratzen dira. Trukean, nik sarean saioa jarri, eta, bi aste pasatzen direnean, haiek telebistan emateko aukera dute. Edukiek lehenbizi Interneten bide bat egitea nahi izaten dut. Inguruko herrietako merkatarien promozio bideoak egiteko asmoa daukat, baina ideia propio batekin. Adibidez, podologo baten erreportajea dago webean, eta bere dibulgazio alorra dauka.

Ipar Euskal Herrian egin duzu erreportaje sorta bat. Debagoienetik aterako zara sarri?

Irtengo naiz, bai, baina, kasu horretan, protagonista gehienak Iparraldean bizi diren debagoiendarrak dira. Bosgarren erreportajean, Antzuloarekin (Gipuzkoa) senidetuta dagoen Aiherra herrira (Nafarroa Beherea) joango naiz. Nire asmoa da batik bat Debagoienako protagonistekin lan egitea.

Baduzu laguntzailerik?

Aurreneko bideo batzuen grabaketetan, Gattiken ekoizpen etxekoekin elkarlanean aritu naiz. Hala ere, abentura pertsonala da, eta, orain, aukera bat da bideoak neronek bakarrik grabatzea. Gustuko dut kamerarekin lan egitea.

Publirreportajeekin lotuta, pizgarriak egongo dira etorkizunean?

Merkatariekin harreman batzuk egiten ari naiz. Irailean bizpahiru dauzkat hitzartuta egiteko. Hirugarren sektoreko negozioen gustukoa izatea nahiko nuke. Jendeak publirreportajeak ikus ditzan, ideia da hamar daudenean zozketa bat egitea herritarren artean. Galdera bat izango luke publirreportajeak, eta ikusleek erantzuna bidali beharko lukete. Parte hartzaileen artean egingo genuke zozketa hori.

Sortu duzun egitasmoa beste eskualde batzueetarako baliagarria izan daiteke?

Debagoienerako baliagarria izatea lortuz gero, beste edozein eskualdetarako balioko lukeela iruditzen zait. Ikusiko dugu ea ideiak funtzionatzen duen eta merkatariek ontzat jotzen duten. Interneten asmatuz gero nola, jende askorengana irits zintezke. Ikusi nahi dut egitasmoa hemengo merkatari txikientzat ere baliagarria ote den.

Interneten dirua lortzeko nolako saiakerak egin beharko lirateke?

Ez naiz oso aditua horrelako kontuetan. Nire planteamendua herriko pertsonaiekin lan egitea da, entretenimenduari begira. Bertako komertzioekin lan egitean ere jarri dut fokua, Interneteko negozio ereduan pentsatu baino gehiago. Internet tresna egokia izan daiteke, agian, horretarako.

Goiena taldean gustuko dute egitasmoa?

Erraztasunak eman dizkidate webgunea egitean eta saioak editatzen. Proba moduan ondo hartu dutela ematen du. Konforme daude.

Goienak arrakasta handia du zure eskualdean. Zeintzuk dira arrakastaren gakoak?

Gertuko informazioan erreferente da Goiena. Saiatzen da eskualdean gertatzen denaren berri ematen. Adibidez, Fagorren egoera dago pil-pilean, eta hori ahalik eta ondoena lantzen saiatzen ari da; baina, aldi berean, komunikabide handiak iristen ez diren kontuetan arreta jartzeko gaitasuna dute Goienaren moduko tokikoek.

Tokiko komunikabideek etorkizuna dute?

Bai, zalantzarik gabe. Komunikabide handiak eta tokikoak elkarren osagarri dira. Jendeak badu joera bere herriko berri jasotzeko, tokiko komunikabideetara jotzeko.

Publizitatea

Sortu kontua
Urtzi Urkizu Urtzi Urkizu

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak