Pablo Vidal. Publizista eta EHUko ikertzailea

«Gazte gehienak ez dira gai publizitatean dagoen sexismoa antzemateko»

EHUko doktorearen 'Nerabeak, sexismoa eta publizitatea' ikerketaren ondorioak deigarriak dira: gazteen %35ek ontzat ematen dituzte mezu sexistak, eta horien %10ek baita emakumeen aurkako indarkeria ere.
MITXI / EHU

Edu Lartzanguren -

2017ko azaroak 28
Pablo Vidalek (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1961) ongi ezagutzen du publizitate agentzien lan egiteko modua. Publizista gisa lanean aritu da urte luzez, hainbat agentziatan. Baina, horrez gain, psikologo eta hezitzailea ere bada.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Bigarren Hezkuntzako 500 ikasle pasatxorekin egin duzu ikerketa. Susmoa zenuen halako emaitzak atera zitezkeenik?

Bai, badudalako 25 urteko esperientzia publizista gisa. Ikusi dut nola sortzen den publizitatea, eta marka handien marketin zuzendaritzek nola baldintzatzen dituzten agentzien kanpainak. Esaterako, emakumeen %53k gidabaimena dute, gizonezkoen %47k bakarrik. Errealitatea halakoa izanda, nola liteke inoiz ez ikustea emakume bat gidatzen iragarki batean? Botika etxeen iragarkien %90 emakumeengana zuzentzen dira, gizonezkoak gaixotuko ez balira bezala.

Ondorioztatu duzunez, bakarrik ikasleen % 34 dira gauza mezu sexista horiek antzemateko (horietako gehienak neskak dira: %65). Nola sartzen zaizkie gazteei halako mezuak horren ohituta egoteko?

Gizarteak asko aurreratu du, baina konturatzen ari gara jende gazteenak kontsumitzen dituen bideo joko, film eta bideoklipetan ez direla emakumeak islatzen gaur benetan diren bezalakoak. Ondorioz, gazte gehienak ez dira gai publizitatean dagoen sexismoa antzemateko.

Intentsitate ertaineko sexismoa ontzat ematen dute mutilen %80k. Baina baita neska gehienek ere, iragarkia mutilentzat pentsatuta badago. Nola azal daiteke?

Axeren iragarki bat jarri nien: mutil arrunt batek, hotzerako jantzita, neska eder bat du aldamenean, tanga batez jantzita. Ikasle gehienek normaltzat jo zuten. Emakumea apaltzen duen sexismo hori hautemateko gauza dira ikasleen %30, baina horietako askok ere ontzat ematen du segun eta norentzat den eta produktua zein den. Horiek ere ez dute garbi. Nesken ia %70ek erantzun zidaten emakumeak interesatuak eta euren sexualitatearekin negoziatzeko gauza direla. Zer jakin dezakete horretaz 15 urteko neskek? Argi dago mezu horiek hedabideetatik jaso dituztela.

Harritzeko eta larritzeko datua: nerabeen %35ek beti ematen dituzte ontzat mezu sexistak, eta horien %10ek baita emakumeen aurkako indarkeria ere. Probokazio gisa egiten dute?

Eskoletan ulertu behar dute %10 horrekin lan handia egin behar dutela. Berdintasunaren kontrakoak dira galdetegi anonimoetan, baina gero, eztabaida taldeetan, ez dute ahoa zabaltzen. Orduan konturatzen zara badakitela penagarria dela iritzi horiek izatea. Eta adi! Horietako %2,4 emakumezkoak dira. Uste dute indarkeria bikotekidearekin harremanetan jartzeko modu bat dela. Agian, pairatu egiten dute indarkeria, eta normaltzat dute.

Topiko bat desegin duzu: etorkinek kontzientzia handiagoa dute hedabideetako sexismoaren kontra. Ez zetozen, bada, gizarte matxistagoetatik?

Ikerketan azterturiko ikasle etorkinen arteko gehienak latinoamerikarrak dira, baina badira herrialde musulmanetakoak eta Asiakoak ere. Hemengoek baino sentsibilitate handiagoa dute, EAEn jaiotako ikasleen lauzpabost puntu gainetik.

Beste estereotipo faltsu bat hautsi duzu, landa eremuetako gazteek hobeto antzematen baitute sexismoa. Zergatik?

Harritu egin nau datuak, neuk ere aurrejuzgu hori neukalako. Aldea, gainera, oso handia da, zortzi eta hamalau bat puntu artekoa. Agian, herrietako institutuetan gauzak hobeto landu dituzte geletan. Herrietan neska-mutilak nahastuago dabiltza, eta jokoan-eta berdintasunezko talde balioak eta errespetua sortzen da. Hirietan, berriz, 12 urterekin, giltzarekin etxean sartu, eta zuzenean gelara joaten dira, zortzi hedabide talde handik sorturiko edukiak kontsumitzera, ideologia sexistaz eta indarkeriazaleaz beterikoak.

Zein da konponbidea?

Eskola curriculumean zeharkako ikasgai bat sartu behar da, gazteei laguntzeko ikus-entzunezkoen mezuak deskodetzen. Guk ikusi dugu nola aldatzen diren gazteak gaia lantzen denean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna