Aitor Luna. Aktorea

«Atsegin handikoa izan da telesail honetako lana: opari bat»

Antena3ek gaur gauean estreinatuko du 'La Catedral del Mar' telesaila; irailean mundu osoan zabalduko dute, Netflixen bitartez. Arnau Estanyol pertsonaia jokatzen du Lunak, XIV. mendeko Bartzelonan.

ATRESMEDIA.
urtzi urkizu
2018ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Goenkale-n 2004-2005 denboraldian aritu zen Aitor Luna (Bergara, Gipuzkoa, 1981). Madrilera joan zen gero, Los hombres de Paco-n bost urtez egin zuen lan, eta Las aventuras del capitán Alatriste -n protagonista izan zen.

Nolakoa da zure pertsonaia La Catedral del Mar telesaileko Arnau Estanyol?

Borrokalari bat da. Oso ausarta da. Aitarengandik jasoko du bidegabekerien aurka borrokatzeko grina. Garai hartan [XIV. mendean dago girotuta istorioa] bidegabekeria asko zeuden gizartean. Pobrezian haziko da, baina itsasoko kontsul bilakatuko da, neurri handi batean bere bihotz handiari esker.

Boterearen aurka altxatuko da, ezta?

Bai, hala da. Lege absurdo ugari zeuden garai hartan. Pertsonaia Matrix-eko sistemaren oker bat litzateke. Gorabehera ugari pasatuko ditu. Tartean bi maitasun istorio indartsu ere biziko ditu.

Nolakoa zen Bartzelona XIV. mendean?

Herri xeheak gose handia pasatzen zuen; oso menderatua zegoen. Emakumeentzat, adibidez, oso zaila zen bizitza; gizon batek andre bat bortxa zezakeen, eta gero emakumeak gizon horrekin ezkondu behar zuen bortxatzaileak hala nahi bazuen.

Telesaila zortzi ataleko film baten moduan har al daiteke?

Bai, azken finean Ildefonso Falconesen eleberria pantailara eramatea da. Ona da atalak oso ezberdinak direla haien artean.

Atresmediako zenbait telesail sekulako arrakasta lortzen ari dira nazioartean. Uste duzu honek ere aukerak dituela horretarako?

Bai, iruditzen zait baietz. Liburua asko irakurri dute munduan. Garai hartako Bartzelona ikusteko gogoa ere piztuko du. Funtzionatuko du.

Grabazioak nolakoak izan ziren?

Oso ondo egon ziren. Sekuentzien bostetik lau kanpoan grabatu genituen. Atsegin handikoa izan zen lana. Luxu bat izan zen telesaileko lantaldea topatzea, eta aktoreak sekulakoak ziren. Pertsonaia bakoitzaren atzean aktore puska bat dago. Opari bat izan zen niretzat.

Nahiz eta Antena3eko telesailak orain oihartzun handia izan dezakeen, nolakoa da zure laneko egoera gaur egun?

Oraintxe bertan Sordo filmaren estreinaldiaren zain gaude. Alfonso Cortes-Cavanillas zuzendariarekin egin genuen, iaz. Baina langabezia eskatu behar dut; hori da errealitatea. Berriki telebistako proiektu batean lan egin dut, baina bost egunean besterik ez. Adibide bat jarriko dizut: 2014. urtean, hamabost egunez egin nuen lan; eta 2015ean, egun bakar batean ere ez. Horixe daukagu. Ni bezala, aktore asko daude horrelako egoeran.

Ezjakintasun handia dago gizartean aktoreen lan prekaritatearen inguruan?

Bai, erabatekoa. Hau ez da Mexiko edo AEBak. Egoera oso zaila da. Gauza asko esango nituzke, baina...

Sare sozialek zer eragin dute aktore bat ala beste bat kontratatzeko orduan?

Instagramen diktadura ezartzen ari dira. Hautaprobetara aurkezten diren aktore hasiberri batzuei Instagramen 20.000 jarraitzaile inguru izatea exijitzen diete. Niri kosta egiten zait Instagramen gustura aritzea, baina egin beharra dago. Hor dagoen arma bat da; pertsonaia baterako bi hautagai badaude, Instagramen 80.000 jarraitzaile baditut [hala ditu berak] eta beste batek 300.000 baditu, hori hautatuko dute.

Hamahiru urte daramatzazu Madrilen. Euskal Herrian bizi diren aktoreen egoeraz zer esango zenuke?

Madrilen telebistak ez du bizitzeko ematen. Ba Euskal Herrian antzerkiarekin bakarrik, zer egin dezakezu? Hipoteka bat ordaindu nahi baduzu... nekez.

Nolako pertsonaiak egitea gustatuko litzaizuke etorkizunean?

Sordo filmean kapitain faxista batena egin nuen; gaiztoarena egitea oso ondo egoten da. Itzulingururik gabekoak ez ditut hainbeste maite. Nahiago ditut barne bihurguneak dituztenak, gaiztoak; kolore gehiago dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.