HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Xomorropoemak'

Aspaldiko (euskal) onena

Idazlea: Leire Bilbao. Ilustratzailea: Maite Mutuberria. Argitaletxea: Pamiela.

Imanol Mercero -

2017ko apirilak 16
Bistara erakargarria den formatu handixkoan eginak dira (17x24 cm), azal gogorrekin eta xomorro irudi dibertigarriekin. Bi liburu dira, eta bakoitza bere izenarekin badator ere (Xomorropoemak eta Piztipoemak), bakarra balira bezala irakur litezke.

Beste kontu bat da nola irakurri, nik neuk poesia gainbegiratuaz irakurtzen dudalako lehenik, eta gero aleka, frutaontzi baten aurrean nagoenean bezala.

Eta frutaz ari naizela, ederki asko laguntzen du zizka-mizkaren irudiak obra honen irakurraldiarekin, bertan topatutako poemak freskoak, arinak eta dibertigarriak iruditu zaizkidalako, beste ezeren gainetik.

Barrea da gehien iradokitzen den emozioa. Eta topikoari eustearren, jarrera hunkibera bat eskatzen zaigu, batzuetan inozoa ere bai, ezustekoak jasotzeko prest, fantasia mugagabearen izenean.

Nire gusturako ale ederrak sortu dira bide horretatik, baina denok dakigun bezala, hanpaduran jolasten den poesia hanpaduragatik egiten da arrotz askoren begietara. Horregatik iruditzen zait liburu honek bitartekaria behar duela irakurle arruntengana iristeko. Ea zuk zer diozun!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna