Koronabirusa. Zahar etxeak. Eider Mendoza. Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea

«Prebentzio neurriak beteta ere, ez dago zero arriskurik»

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Zahar etxeetako egoeraren inguruan zuzeneko azalpenak eskatzeko, hainbat erakundetara jo du BERRIAk azken egunotan. Gipuzkoako Diputazioak baino ez die galderoi erantzun, idatziz. «Sekulako ahalegina egiten ari gara denon artean», nabarmendu du Eider Mendoza bozeramaileak.

Gorabeherak eta dudak izaten ari dira zahar etxeetako datuen inguruan. Zein irizpideren arabera ari zarete datuok ematen?

Gipuzkoan orain arte PCR probak egin zaizkie sintomak agertu dituzten egoiliarrei eta langileei; datuak proba horietatik ateratako emaitzak izan dira: positibo eman dutenak, positibo eman ondoren hil direnak, eta gaixotasuna gainditu dutenak. Orain Osakidetza test azkarrak eta PCRak egiten hasi da egoiliar eta langile orori; beraz, sintomarik ez duten kasuak ere azaleratzen ari dira.

Zer gertatzen ari da zahar etxeetan? Zergatik hainbeste kutsatu eta hildako?

Egoitzetan bizi diren pertsonek batez beste 85 urte dituzte, eta oro har aurretiazko patologiak ere badituzte; birusaren aurrean zaurgarrienak dira, eta espazio berean bizi dira. Prebentzio neurriak ondo beteta ere, zero arriskurik ez dago. Egoitzetako ekipo profesionalak eta osasun langileak izugarrizko lana egiten ari dira gaixotasuna ez sartzeko, eta, sartzen bada, ez zabaltzeko. Gipuzkoako Aldundian, krisia hasi eta berehala, Ekintza Plana abiarazi genuen, gizarte zerbitzuetan izan ditzakeen ondorioei erantzun sendo eta partekatu bat emateko.

Krisiaren lehen egunetan, egoitzetako bisitak murriztu ziren, baina birusa hedatu egin da. Beranduegi hartu dira neurriak?

Gipuzkoako egoitzetan lehen kasua eman baino bi aste lehenago hartu ziren lehen neurriak. Birusa sartu izanaren atzean hainbat arrazoi egon daitezke, eta ikertu beharko da bakoitzean zer gertatu den. Baina, egoitza batzuen egoera kritikoa bada ere, 65 zentroetatik 49tan ez dago kasu positiborik, eta horietan ere oso garrantzitsua da prebentzio neurri guztiak zorrotz betetzea.

Babes materialik al dago egoitza guztietan?

Osakidetzak hornitzen ditu egoitzak babes materialarekin; aldunditik bidalketak osatzen ditugu, zentroen beharren arabera.

Kutsatutako egoiliar batzukbeste zentro batzuetara eraman dira, eta beste batzuk egoitzetan bakartu egin dituzte. Zergatik ez dira ospitaleratu?

Medikuek hartzen dute erabaki hori, bakoitzaren egoera klinikoa aztertuz, eta egoitzak dituen baliabide eta ahalmenen arabera. Kasu batzuetan ospitaleratu beharra izaten da, eta beste batzuetan Donostian ahalbidetu dugun Gurutze Gorriaren zentrora eraman dira. Gaixo asko ez dira larri egon, eta dagoeneko 54 sendatu dira egoitzan bertan.

Zahar etxeak prestatuta al daude halako arreta medikoa emateko eta eriak bakartzeko?

Egoitza txikiak sektoreetan banatzea oso konplexua da, baina handiagoetan errazagoa da solairuka edo atalka banatzea. Halere, sektorizazio horretan laguntzeko, egoitza orori aholkularitza eskaini zaio Aita Menniko profesionalen eskutik; jarraipen gertukoa eta egunerokoa egiten ari gara egoitzen beharrei erantzuteko.

Sindikatuek eta senideek egiturazko gabeziak salatu dituzte, batez ere giza baliabideei dagokienez. Ados zaudete?

Osasun krisi honek mundu guztiari eragin dio, ezustean, baita guri ere. Gipuzkoan erabaki sendoak hartu dira: neurri zehatzak planteatu ditugu, eta ahalegin handia egiten ari gara langile taldeak indartzeko. Egongo da denbora zer hobetu zitekeen aztertzeko; orain, lankidetza oinarri hartuta jarraituko dugu aurrera egiten.

Zahar etxeetako eredua berraztertu beharko dela uste duzue?

Gipuzkoan hausnarketa prozesu batean murgilduta geunden krisi hau iritsi aurretik. Gero eta gehiago biziko gara, eta gehienek nahiago dute etxean bizi; beraz, egoitza ereduak ere aldaketa bidean jarraitu behar du: etxean ez bada, etxean bezala bizitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.