Errusiako Munduko Kopa. Kolonbia 1-1 Ingalaterra

Penaltiek irribarre egin diote

Ingalaterrak penalti jaurtiketetan kanporatu du Kolonbia (4-3), eta final-laurdenetarako sailkatu da. Kolonbiak 94. minutuan sartu du banakoa. Partida kaskarra izan da, baina tentsio handikoa
Harri Kane Ingalaterrako aurrelaria, partidako bigarren zatian sarturiko penaltia ospatzen.
Harri Kane Ingalaterrako aurrelaria, partidako bigarren zatian sarturiko penaltia ospatzen. ALBERTO ESTEVEZ / EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko uztailak 4
Golak. 1-0: Kanek (57. min); 1-1: Minak (94. min.).

Penaltiak. Kolonbiak 3; Ingalaterrak 4. Epailea. Mark Geiger (AEB). Txartel horiak: Kolonbiako Barrio, Sanchez, Falcao, Bacca, Cuadrado eta Ariasi eta Ingalaterrako Henderson eta Lingardi. Bestelakoak. 50.000 ikusle Spartak estadioan, Moskun.

Ingalaterrak penalti jaurtiketekin zuen trauma historikoa arindu zuen atzo Moskun. Atzokoaren aurretik, jokaturiko azken hamar txandetatik bederatzi galduak zituen, Munduko Kopak eta Eurokopak batuta. Bada atzo oroitzapen hori exorzizatu zuen Kolonbiaren aurka, eta partida handia ez egin arren, final-laurdenetarako sailkatu da. Are gehiago, hurrengo aurkaria Suedia duela kontuan hartuta, aukera bikaina du finalerdietan sartzeko.

Penalti jaurtiketak oso krudelak izan ziren Kolonbiarentzat, azken bi jaurtiketak huts egin zituelako. Aurretik, Ingalaterraren hirugarren jaurtiketan, Ospinak sekulako geldiketa egin zuen Hendersonen jaurtiketan eta Kolonbia 3-2 zen aurretik. Txanda, baina, irauli egin zen. Uribek langara bota zuen laugarrena eta Pickfortek gelditu egin zuen Baccaren bosgarrena. Aurrelaria oso urduri abiatu zen penalti puntura, eta ez zuen jaurtiketa onik egin. Trippier eta Dier Ingalaterrakoek, aldiz, jaurtiketa oso onak eginez itxi zuten txanda, eta tenple handiz jaurtikiz eten zuten madarikazio historikoa.

Zortea ausartekin eskuzabala dela esaten dute, bada atzokoan zorretan gelditu zen Kolonbiarekin. Futbol oso gutxi eta falta askoko partida izan zen, baina futbol apur hori Kolonbiak jarri zuen. Arauzko denbora hiru aurrelarirekin bukatu zuen, eta 93. minutuan Yerri Minak korner batean buruz sarturiko gol bati esker eragin zuen luzapena. Hura bai zen merezitako saria, Ingalaterrak oso zeken jokatu baitzuen bere gola sartu ondoren (57. min. ). Ordura arte Ingalaterra hobea izan zen, baina alde handirik gabe. Gola penaltiz lortu zuen, falta oso inozo batean. Carlos Sanchezek, epailearen aurrean, argi eta garbi heldu zion Kaneri area barruan. Epaileak gainezka eginda bukatu zuen partida, baina penaltiaren erabakian asmatu egin zuen. Baita Kanek ere jaurtiketan.

Kolonbiak uzkur ekin zion partidari, James izarraren hutsunea nabarituz. Atzean itxaron zuen, eta hori ez da bere estiloa. Aurkako golak, baina, Jose Pekerman hautatzailearen erreakzioa eragin zuen. Bacca, Uribe eta Muriel zelairatu zituen, eta baloia hartu zuten oinetan. Erasora jo zuen, eta arauzko denboraren azken ordu erdikoak izan ziren minuturik onenak. Ingalaterrak, bitartean, bere atzelarien sendotasunean jarri zuen fede guztia, baina kale egin zuten Minaren golean. Luzapenean Kolonbiak anbizio gehiago erakutsi zuen, Ingalaterrak, aldiz, pozik zirudien penaltiekin. Susmoa ez zitzaion okerra egin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna