Noiz sortua: 2020-02-27 00:30:00

Athletic 2-1 Tacon

Finala ageri zaie begi bistan

Athleticek Tacon kanporatu du, eta Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatu da. Garazik sartu ditu zuri-gorrien bi golak, penaltiz. Bizia izan da neurketa, eta erasoko jokoa izan da nagusi
Athleticeko jokalariak, atzo, Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatu direla ospatzen.
Athleticeko jokalariak, atzo, Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatu direla ospatzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon -

2020ko otsailak 27
Gola. 1-0: Garazik, penaltiz (32. min.). 1-1: Jessicak (46. min.). 2-1: Garazik, penaltiz (65. min.) Epailea. Zulema Gonzalez. Txartel horiak Athleticeko Luciari, eta Taconeko Jessica, Kaci eta Lorenari. Bestelakoak. 10.991 ikusle San Mamesen.

Athleticek Granadillaren aurka ekin zion Espainiako Kopari, final-zortzirenetan. Hiru urrats egin behar zituen final preziatura iristeko, eta jadanik bi egin ditu. Izan ere, Granadillaren ostean, atzo, final-laurdenetan, Tacon utzi zuen kanpoan: 2-1. Horrebestez, finalerdietan da Angel Villacamparen taldea, eta begi bistan ageri zaie finala. Ez zuten distira handiko norgehiagoka jokatu zuri-gorriek, baina Azkona eta Erika azti ibili ziren bi penalti behartzeko, eta Garazik patxadaz eta eraginkortasunez baliatu zituen. Horri esker sailkatu zen Athletic.

Kale edo baleko partida zen atzokoa, eta bi taldeak partidaren bila irten ziren. Villacampak, esaterako, gol sen handiko lau jokalari zelairatu zituen hasierako hamaikakoan: Erika, Azkona, Yulema eta Lucia. Taconek ere berdegunean zituen jokalaririk arriskutsuenak: Jakobson, Jessica eta Asllani.

Erritmo handikoak izan ziren norgehiagokako lehen minutuak. Joko zuzena eginez, zuri-gorriak hegaletatik min egiten ahalegindu ziren, euskarrian Oroz eta Damaris ondo zainduta baitzituen Taconek. Ez zieten baloia jasotzen uzten. Baina Orozek urrutitik egindako jaurtiketa bat izan zen aukerarik argiena lehen hamabost minutuetan. Baina Taconek arrisku handia du zelai erditik aurrera, eta Jakobsonek tantaka erakutsi zuen Munduko Txapelketan nabarmentzea ahalbidetu zion buruz buruzko jokoa. Tirapuren ate aurrean, ordea, kamuts aritu zen, eta hainbat jokalditan berekoiegia izan zen.

Bazirudien, dena den, neurketa Taconek nahi zuen lekuan zegoela. Futbolaren gatza eta piperra, ordea, golak dira, eta horretan Athleticek asmatu zuen aurrena. 32. minutuan izan zen, bisitarientzat zorigaiztokoa izan zen jokaldi batean. Area barruan, Ohalek gaizki aldendu zuen baloia. Azkona Taconen atzelariak bizkorrago ibili zen haren bila joateko, eta Ainoak penalti inozoa egin zion. Granadillaren aurka egin bezala, Garazik tenple handiarekin jaurti zuen, eta aurretik jarri zuen Athletic.

Ordu laurden falta zen atsedenaldirako. Hortik aurrera sortu zituen lehen zatiko gol aukerarik garbienak Athleticek. Ainhoa Vicentek erdiraketa on bat egin zuen, eta, atzetik indarrez iritsita, gutxiagatik ez zuen gola egin Erikak. Ia erreskadan, Zulema Gonzalez epaileak baliorik gabe utzi zuen haren beste gol bat, jokoz kanpo zegoelako. Aurrelaria min hartuta ibili da azken asteetan, baina beste adore eta eskarmentu erakustaldi bat eman zuen atzo.

Athleticek aldea handitzeko aukera paregabea galdu zuen minutu horietan, eta luzapenean kolpea jaso zuen. Taconek banakoa sartu zuen ia 47. minutuan. Korner batean lortu zuen. Zuri-gorriak ez ziren fin aritu baloia aldentzeko orduan; Jessicari iritsi zitzaion bigarren zutoinean bakar-bakarrik zegoela, eta gola sartu zuen. Athleticeko jokalariak aho zapore txar horrekin joan ziren atsedenaldira.

Bigarren zatia ere bizi hasi zen. Athletic sakonago eta luzeago jokatzen ahalegindu zen, hegaletatik Morazak eta Oihanek egindako igoerak baliatuz. Yulema 2-1ekoa egitear egon zen, baina ez zuen asmatu errematean.

Kontrolik gabe

Ez talde batek, ez besteak ez zuten lortu partidaren kontrola izatea. Gero eta irekiago zegoen lehia, eta batak zein besteak lor zezaketen gola. Hor agertu zen beste behin Erika. Azkonak behartuta erdiratu zuen. Erdiraketa ez zen ona, eta ziurrenik beste edozein jokalari ez zen ahaleginduko haren bila joaten ere. Baina Erika eskola zaharrekoa da, baloi zailenarengatik ere lehiatzen dena. Hala egin zuen, eta saria jaso zuen, Daianek penaltia egin baitzion. Berriro ere Garazik hartu zuen jaurtitzeko ardura, eta, lehenengoan bezala, ez zuen huts egin (65. min.).

Ondo eutsi zion errentari talde zuri-gorriak. Taconek aukera gutxi izan zituen lehia berdintzeko. Argiena, Thaisak. Baina haren erremateak zutoina jo zuen. Villacampak Unzue eta Valdezate zelairatu zituen zelai erdia indartzeko. Partida amaitzear zela, Valdezatek aukera paregabea izan zuen kontraeraso batean 3-1ekoa egiteko. Sara atezaina gainditzea lortu zuen, baina, dena alde zuela, kanpora jaurti zuen. Hor amaitu zen lehia.

Albiste gehiago

Apirilaren 1ean eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 9.358 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 501 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 2.134 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Etxeetara elikagaiak eramateko taldeak antolatu dituzte Milanen. ©Matteo Corner / EFE

Izurriak 823.626 pertsona kutsatu eta 40.598 hil ditu munduan

Berria

Dagoeneko 501 pertsona hil ditu gaitzak. Hego Euskal Herrian 9.335 kasu diagnostikatu dituzte. Sindikatuek gutun bat bidali diote Denis Itxaso Madrilek EAEn duen ordezkariari, besteak beste zentralizazioa bertan behera uzteko eskatzeko, eta Maddalen Iriartek mahai bat eratu nahi du erabakiak hartzeko

1983ko abuztuan, Busturian, uholdeetan. ©BERRIA

Zer egin krisi bati aurre egiteko?

Enekoitz Esnaola

Jaurlaritzako eta Nafarroako lehendakariek, euskal gatazkako indarkeriaz gain, zenbait garai sozial gogor ere bizi izan dituzte 40 urteotan: uholdeak, sute eta istripu larriak, krisi ekonomikoak... Carlos Garaikoetxeak, Jose Antonio Ardanzak, Patxi Lopezek eta Uxue Barkosek lehendakari gisara bizi izan zituzten krisietan izandako esperientziak kontatu dizkiote BERRIAri. Garrantzia eman diote gertutasuna eta sentsibilitatea izateari, baita neurriak hartzeari ere.

Herrialdeka, Bizkaian aurkeztu dituzte dosier gehien. ©Marisol Ramirez / Foku

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna