Baskonia 96-87 Joventut

Pazientziaz eta talentuz

TD Systems Baskonia Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatu da, Madrilen Joventuti 96-87 irabazita. Erasoko eraginkortasunari esker irabazi du. Gaur iluntzean dauka finalaren aurrekoa

Achille Polonara erasoan, eta Vladimir Brodziansky defentsan, atzoko partidan. Italiarra izan zen partidan ondoen baloratutako jokalaria. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Baskonia. Jekiri (4), Henry (16), Peters (17), Giedraitis (19) eta Polonara (19) —hasierako bostekoa—, Raieste, Vildoza (7), Sedekerkis (2), Fall (5) eta Dragic (7). Joventut. Dimitrijevic (8), Lopez-Arostegi (12), Bassas (5), Parra eta Tomic (14) -hasierako bostekoa-, Dawson (3), Ribas (6), Morgan (7), Brodzianski (18), Jackson (12), Ventura eta Birgander (2) .Markagailua. 28-17; 55-47 (atsedenaldia); 78-68; eta 96-87. Epaileak. Peruga, Antonio Conde eta Jorge Martinez.

Artistak abilezia izaten du gutxirekin asko egiteko. Talentua atera, eta emaitza lortu. TD Systems Baskoniak horrela irabazi zion atzo Joventuti Espainiako Kopako final-laurdenetan (96-87). Erasoan sekulako eraginkortasunez eta pazientziaz aritu zen, asko saskiratu zuen, eta kataluniarrak pixka bat gerturatu zitzaizkionean hiruko batekin erantzun zuen Euskal Herriko taldeak.

Puntu askoko partida bat izan zen. Bi taldeak ibili ziren eraginkor erasoan; ez hainbeste defentsan. «Une batzuetan bakarrik izan ginen oldarkorrak defentsan», esan zuen Achille Polonarak partida amaieran. Badaki Baskoniak atzo baino hobeto defendatzen. Beharra izan zuen edo ez beste kontu bat zen. Garbi dago partida hasieran lorturiko aldearekin haize alde ibiltzeko moduan izan zela. Bosgarren minuturako, 16-6 aurretik zen. Erasoan, lasai ibili zen baloia mugitzen eta bi taldeen arteko ezberdintasun fisikoa baliatu nahian: baloia postera, eta, hortik jokatuz, saskiratzea lortu edo aukera hobeak bilatu. Aurkariak erraztasunak eman zizkion defentsan, eta baliatu egin zituen Baskoniak. Beste aldean, ordea, bigun aritu ziren Ivanovicenak ere; batez ere, saskipean eta Joventuten joko antolatzaileen buruz burukoetan, eta hasieran Dmitrijevicek eta gero Jacksonek erraz aurkitu zuten saski azpirako bidea. Bi horiei eta Ante Tomic pibotari esker, eta erasoko errebotean izandako nagusitasunagatik jarraitu zuen partidan sartuta Joventutek, bestela lehen laurdenean ia erabakita utziko baitzuen Baskoniak (28-17).

Bigarren laurdenean ere, Baskoniak kontrolpean izan zuen partida. Zortzi, bederatzi eta hamar punturen aldeak lortu zituen. Lehengo lepotik zeukan burua partidak: izugarri ari zen asmatzen Baskonia erasoan, eta Joventut bizirik bazen, arabarren defentsa epelagatik zen. Azkenean, biak ari ziren erasoan asmatzen, eta atsedenaldiko emaitza da horren adierazgarria: 55-47, Ivanovicenen alde. Baskoniak Kopan lehen zatian sartu duen puntu kopuru handiena da.

«Hobetu defendatu behar dugu bigarren zatian», esan zuen Montenegroko entrenatzaileak atsedenalditik bueltan. Beharrik ere ez, erasoan asmatzen segitu baitzuen taldeak. Horri esker, hamar-hamabi punturen aldeak izan zituen. Joventut sei puntura jarri zitzaionean, zortzigarren minutuan, orduan hasi zen defentsako lana bizi egiten Baskonia. Une bat izan zen, baina nahikoa aldeari eusteko. Laurdenaren amaieran, 78-68 aurretik.

Azkeneko hamar minutuei ekin bezain azkar jo zion kolpe erabakigarria partidari. Defentsan minutu onenak eginez, eta erasoan lehen bezala asmatuz, 19 punturen aldea izan zuen. Joventutek bost minutu behar izan zituen laurdeneko aurreneko saskiratzea sartzeko. Gero, errazago sartzen hasi zen, eta defentsan nola estutu egin zuen, goian eta bere pista erdian, gainera joan zitzaion Baskoniari: zazpirena zuen aldea hiru minuturen faltan. Gero, berriz igo zuen tartea, eta azkenean bederatzirena izan zen.

Taldeko lan ona erasoan

Baskonian, erasoko talde lan onaren barruan, saskiratzaile onenak Polonara eta Rokas Giedraitis izan ziren, 19na puntu lortu baitzituzten; Alec Petersek 17 sartu zituen, eta Pierria Henryk, 16. Joko antolatzaile estatubatuarrak zortzi asistentzia ere banatu zituen, eta hiru baloi lapurtu.

Jokoaren alor horrek ere izan zuen zeresana azkeneko emaitzan, 15 galdu baitzituen denera Joventutek; ACB ligan, txarrenetan bigarrena da jokoaren alor horretan. Baskonia, aldiz, onena da, eta atzo ere bederatzi baloi kendu zizkion aurkariari.

Gaur du finalerdia Ivanovicen taldeak (19:00), eta aurkaria, Bartzelona izango du. Beste finalerdian, Tenerife eta Real Madril ariko dira (16:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.