Athletic 2-1 Levante

Ekaitz perfektua San Mamesen

Athleticek Gaizka Garitanoren aroko partidarik osoena jokatu du Levanteren aurka. Muniainen eta Caparen golei esker irauli du norgehiagoka. Zuri-gorriak sailkapenaren goiko aldean kokatu dira

Ander Capa gola ospatzen, atzetik Dani Garcia eta Yeray Alvarez dituela. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
haritz gallastegi
2019ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Postigok (45. min.). 1-1: Muniainek (57. min). 2-1: Capak (88. min.).Epailea. Alberola Rojas. Txartek horiak:Athleticeko Dani Garciari, Raul Graciari eta Capari; eta Levanteko Bardhiri eta Vezori. Bestelakoak. 33.202 ikusle bildu dira San Mamesen.

Futbol jokalari batentzat ez dago ondo jokatuta irabaztea baino gauza ederragorik. Ez da erraza lortzea, eta beti dago zer hobetua. Athleticek atzo Levanteren kontra jokatutako lehian ere egon ziren zuzendu beharreko okerrak, baina San Mamesera bildutako zaleak gustura joan ziren Katedraletik (2-1): Gaizka Garitanoren aroan zuri-gorriek jokatu duten lehiarik osoena izan zen.

Entrenatzaileak eskatutako ia guztia egin zuten jokalariek. Atzealdean zulo gutxi utzi zituzten, eta erasoan behin eta berriz behartu zuten Aitor Fernandez atezaina. Batzuetan, hegaleko joko bizia baliatu zuten horretarako; beste batzuetan, erditik joko landua eginez taldea gai izan zen dozena erdi aukera on sortzeko. Barruan zuten guztia emateaz gainera, arlo guztietan izan ziren kontrarioa baino gehiago. Zelaian gozatu egin zuten jokalariek, eta harmailan ere islatu zen zelaian ikusitakoa. Neurketa amaitu zenean, aspaldiko txalo zaparradarik handiena jo zieten jarraitzaileek jokalariei. Egun biribilia izan zen.

Ekaitz perfektua izan ez bazen, ez zen asko falta izan. Neguko eguraldia egin zuen atzo: zaparradak etengabeak ziren; tximistak eta trumoi zaratak ere ez ziren falta izan. Azken finean, etxeko epelean egoteko egun aproposagoa zirudien, San Mamesera joateko baino. Baina ondo babestu eta taldea animatzera joan zirenak ez ziren damutu. Lehen minututik, aurkariaren bila zelairatu zen talde zuri-gorria. Etxeko azken partidan gertatu legez, Raul Garcia erdiko-aurrelari gisa aritu zen, Williams eskuin hegaletik, eta Muniain lotura lanak egiten. Haiekin batera, Unai Lopez itzuli zen, sormen lanetan laguntzeko.

Garitanok asmatu egin zuen. Levanteko erasoko jokalariak talentu handikoak dira, baina konpromiso gutxi erakusten dute defentsako lanean. Baloiaren jabetza kentzeko gai den aurkariak aukera handia dauka irabazteko. Bada, Athleticek lortu zuen hori. Partidari erritmo bizia jarri zion, eta, hegalak baliatuz, arrisku jokaldi asko kateatu zituen neurketako lehen minutuetan. Orduan agertu ziren zuri-gorrien ohiko gabeziak. Azken pasea edo errematea egiteko orduan eskas aritu ziren: hasteko, Williamsek buruz ia ukitu ere ez zuen egin Muniainek ezker hegaletik egindako erdiraketa. Gero, korner batean—Athleticek hamar atera zituen guztira— Yurik aukera ona izan zuen penalti puntutik gola sartzeko, baina ezker hegalekoaren burukada erdi-erdira joan zen. Unai Lopezek areaz kanpotik egindako jaurtiketari, berriz, bikain erantzun zion Aitor Fernandezek. Arrasateko atezaina oso ondo aritu zen. Batek baino gehiagok pentsatu zuen hobeto egongo zela bere herriko hauteskunde mahaian.

Athletic nagusi zen arlo guztietan. Aukera onak sortzen ari zen, eta Levante ez zen gai zelai erdia pasatu eta aurrera egiteko. Bardhiren, Moralesen, Mayoralen eta enparauen berririk ez zegoen. Raul Garciak jaurtiketa indartsu bat egin zuen ordu erdia bete orduko. Zuri-gorrien lehen zatiko azken aukera Cordobak izan zuen. Ezker hegalekoak eskuinez egindako jaurtiketa erraz gelditu zuen Levanteko atezainak.

Atsedenaldira atzetik

Nola amaitu zen, ordea, Athleticen sasoiko lehen zatirik onena? Bada, Levanteren golarekin. Paco Lopezen taldeak partidako lehen kornerra baliatu zuen aurrea hartzeko. Postigok sarean jarri zuen Miraomenak bidalitako baloia. Kolpe itzela izan zen zuri-gorrientzat. Hori gutxi ez, eta aukera garbi bat izan zuen bigarren zatia hasi orduko. Campañak area barruan egindako jaurtiketa Unai Simonek gelditu zuen.

San Mamesen zeuden zaleek ez zuten sinesten zer ikusten ari ziren. Baina Athleticek ez zuen etsi. Lehen zatian egin bezala, erasoan jarraitu zuen. 57. minutuan, Capak baloi galdu bat zirudiena erdiratzea lortu zuen: Munianek, area txikian aprobetxatu, eta buruz banakoa egin zuen. Ordu erdi pasatxo falta zen lehia amaitzeko. Lehen pausoa izan zen lehia iraultzeko. Zelairatu berria zela, San Josek gertu izan zuen bigarrena buruz, baina gora errematatu zuen. Lehia amaitzear zegoenean, ordea, Capa agertu zen berriz. San Mamesen ikusitako tximisten abiaduraz jo zuen baloia, eta, boleaz, bigarrena sartu, areaz kanpotik (88. minutua).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.