LEVANTE 1 REALA 1

Itzaltzera eginda, sari txikia

Realak bana berdindu du Levanteren aurka. Txuri-urdinek lehen zati ona jokatu arren ez dute partida ixtea lortu, eta puntu bakarra bildu dute. Reala zazpigarren da sailkapenean, seigarrenetik bi puntura

Martin Zubimendi eta Andoni Gorosabel, Ruben Rochinari baloia kendu nahian. Bi taldeek zelai erdiko lehia handia izan zuten. MANUEL LORENZO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Isakek (12. min.). 1-1: Moralesek (16. min). Epailea. Pizarro Gomez. Txartel horiak Levanteko Vuckevici eta Postigori eta Realeko Aritzi. Bestelakoak. Koronabirusa dela eta ikuslerik ez Camilo Cano zelaian.

Hiruren gose, eta bakarrarekin asetu behar. Puntuak biltzen hasita, lortu nahi zituenak eskuratzetik urrun geratu zen atzo Reala. Bana berdindu zuen Levanteren aurkako partidan, eta sari eskasarekin itzuli da Herrialde Katalanetatik. Txuri-urdinek indartsu hasitako neurketan itzaltzera egin zuten, eta lehen zatiko suhartasunak ahaztuta sari eskasarekin konformatu behar izan zuten partidaren amaieran.

Imanol Alguacilek sei aldaketa egin zituen azken partidako hamaikakoarekin alderatuta. Hasiera batean ondo atera zitzaion apustua. Bizi hasitako neurketan Reala izan zen jokoari gatza gehitzeaz arduratu zena. Ezbairik gabe garaipena zuen jomugan, eta partidaren pisua bere bizkar hartu zuen lehendabiziko minutuetatik. Garaipena behar zuen aurreko jardunaldian erakutsitako hobekuntza berretsi eta Europarako xendari eusteko, eta goseti ekin zion partidari.

Hala, hirugarren minuturako lehen aukera izan zuen Donostiako taldeak. Ezker hegaletik antolatutako jokaldi batean, Mikel Oiartzabalek ondo erdiratu zuen, eta Alexander Isakek ezin izan zuen baloia errematatu. Lehen abisua izan zen.

Izan ere, 12. minuturako aurretik zen Reala. Oiartzabal eta Isak ondo baino hobeto moldatu ziren elkarrekin, eta ez zuten asko iraun 0-1ekoa egiteko. Minutu batzuk lehenago bezala, eibartarrak ezkerraldetik erdiratutako baloia ederki jo zuen Isakek, eta aurretik jarri zituen bisitariak.

Pozak gutxi iraun zion Realari, ordea. Ordura arte deus gutxi egin zuen Levantek ezerezetik gola egin baitzuen. Jose Luis Moralesek zelai erditik aurrera jaso zuen baloia, eta asmatu egin zuen txuri-urdinen atearen aurrean. 16. minutua zen.

Hortik aurrera, Realak eutsi zion zelaiko nagusitasunari, baina azken metroetan asmatu gabe. Lehen zatian %72ko baloi jabetza izan zuten arren, ezin izan zuten aurkariaren atea bigarrenez zulatu, eta ez arriskurik sortu ez zutelako. Atsedenaldiaren aurreko jokaldian izugarrizko aukera galdu zuen Cristian Portuk; aurrelaria bakar-bakarrik geratu zen Aitor Fernandezen aurrean, baina kanpora bota zuen baloia, Isakek zailena egin eta izugarrizko pasea eman ostean. Suediarra bikain aritu zen lehen zatian.

Bigarrenari antzera ekin bazion ere, Realaren txinpartak itzaltzera egin zuen minutuek aurrera egin ahala. Baloi jabetza handiagoa izanagatik, erasoan hutsal aritu ziren gipuzkoarrak, eta taldea geroz eta bareago aritu zen.

Norabide aldaketa

Indar korrelazioa aldatu egin zen hurrengo minutuetan, eta zelai erdiko borrokan nabaritu zen hori. Zeresan berezia izan zuen horretan Realaren sistema aldaketak. Imanolek Igor Zubeldia eta Diego Llorente zelairatu zituen Martin Zubimendiren eta Martin Odegaarden lekuan, eta taldeak urrats bat atzera egin zuen, Levanteri zelaian lekua irabaztea ahalbidetuz.

Kontuak horrela, etxeko taldeak erosoago aritu zen norgehiagokako azken zatian, eta azken ordu laurdenean estutu egin zituzten Realekoak. Area ertzetik nahiz geldikako jokaldietan egindako saialdiek ez zieten balio izan, baina txuri-urdinak urrundu zituzten Aitorren areatik, eta horrek ere balioa zuen valentziarrentzat.

Levantek aurrera egin bazuen ere, Realak ez zuen estutasun askorik izan atzeko lerroan. Erasoa salduta, segurtasuna bereganatu zuen. Txuri-urdinek, azkenerako, puntu bat onetsi zuten. Besterik ezean, galtzea baino hobea da, baina aurkariak ez daude deus oparitzeko. Ezta Europarako lehian ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.