Reala 3-0 PSV

Aurrera, kapitainari segika

Realak aise irabazi dio PSV Eindhoveni, eta Europa ligako final-hamaseirenetako sailkatu da. Oiartzabalek zabaldu du garaipenaren bidea, bi gol sartuta, eta Sorlothek biribildu du festa

Realeko jokalariak, Mikel Oiartzabal zoriontzen, hark partidako lehen gola sartu ondoren. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
<i>Donostia</i>
2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Oiartzabalek, penaltiz (43. min).2-0: Oiartzabalek (63. min). 3-0 Sorlothek (93. min). Epailea. Felix Zwayer (Alemania). Txartel horiak: Realeko Zubimendiri, Isaki; eta PSVko Sangareri, Mweneri, Boscagliari, Viniciusi, Gotzeri eta Brumari. Txartel gorria: PSVko Sangareri. Bestelakoak. 24.940 ikusle Anoetan.

Realak Europa ligan segituko du. Txuri-urdinek PSV Eindhoveni irabazi behar zioten atzo Anoetan aurrera egin eta final-hamaseirenetarako sailkatzeko, eta halaxe egin zuten. Imanol Alguacil teknikariak esan zuen partidaren atarian bazuela bere jokalariekiko konfiantza, eta bete-betean asmatu zuen.

Lehen zatian, bai Realak, bai PSVk izan zituzten aukerak lehen gola sartzeko. Herbehereetakoek patxada handiagoz ekin zioten neurketari, hutsean berdintzea baleko zitzaien jakitun. Realak, ordea, erasora egin behar zuen nahitaez. Erlojuaren aurkako lehia betean zen: zenbat eta gehiago itxaron, orduan eta denbora gutxiago gola sartzeko.

Hargatik, hasi eta berehala hartu zuen jokoa bizitzeko ardura. Imanolek ere lan horiek egiteko aukerako taldea zelairatu zuen; ezohiko hamaikakoaren alde egin zuen, eta Zubeldia eta Zubimendi jarri zituen zelai erdia indartzeko. Aurrean, txinpartaren alde egin zuen: Januzajek, Oiartzabalek, Portuk eta Isakek osatu zuten erasoko jokalarien saldoa.

PSV gertutik zainduz ekin zioten etxekoek, eta presaka aritu gabe, bisitarien atera begira jo zuten sarri. Zortzigarren minuturako ezker hegalean aldeko falta bat jaurti zuen Januzajek; bisitariek gisa horretara geratzen zituzten. Dena den, txuri-urdinei gatza falta izan zitzaien Drommel atezainaren aurrean. Isakek buruz buruko aukera ona eduki zuen hamabosgarren minutuan, baina ez zuen baliatu.

Bisitariak ohartu ziren larregi itxarotea kalterako izan zezaketela, eta aurrerako urratsa egin zuten. Zelaian indartzea izan zuten xede, eta lortu zuten apur bat. Orekatzera egin zuen neurketak, eta Realak gutxiago egin zuen erasora. Hori bai, egin zuenean, kontraerasora bizi joz nahiz pase gutxitan antolatutako jokaldietan egin zuen.

Horrela, bi areatan izan ziren arriskuko jokaldiak. Minutuek aurrera egin ahala, bi taldeetako edozeinek sar zezakeen gola. PSVren aldetik, garai batean Realekoa izandako Brumak estutu zituen Anoetan bildutako zaleak, baloia langara jaurti baitzuen 36. minutuan. Baina handik gutxira heldu zen zoramen eztanda: Porturen jaurtiketa eskuarekin ukitu zuen Sangarek, eta Oiartzabalek ez zuen barkatu penaltiz.

43. minutua zen, eta Realak abantaila hartua zuen. Atsedenaldiaren atarian neurketa orekatzeko aukera izan zuen PSVk, baina Brumaren jaurtiketa kanpora joan zen.

Egoera alde zuela baina deus lotu gabe ekin zion bigarren zatiari Realak. Bisitarien gol batek erabat itxuraldatu zezakeen lehia. Baina, orduan, bere bertsiorik onena erakutsi zuten etxekoek. Atzean erabateko sendotasuna ezarri, eta aurkariaren arean zirrikituak bilatzeari ekin zioten.Baita lortu ere. Oiartzabalek, kontraeraso bat baliatu zuen ezkerkada indartsu batez bigarrena egin eta patxada lortzeko. Realak kapitainari segika egin du hurrengo faserako bidea.

Hortik aurrera, eta tarte zabala lortuta, festa izan zen Anoetan. PSVk nekez gainditu zuen etxekoen defentsa, eta, baloia gehiago eduki arren, deus gutxi egin zuen.Aldiz, patxada ederrean aritu ziren txuri-urdinak, eta garaipena lotua zuten jakitun, beste gol batekin biribildu zuten festa. Sorlothek sartu zuen, 93. minutuan. Norvegiarrak gol ederra sartu zuen. Ordu arteko nagusitasuna markagailuan islatzeko eta emaitzari distira emateko gola izan zen. Zozketa, astelehenean, eta kanporaketa, otsailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.