Udara eskoziarra

Abuztuan 56 euskal sortzailek parte hartuko dute Edinburgh Festival Fringe eta Edinburgh International Book Festival jaialdietan

Eskoziara joango diren hainbat sortzaile bildu zen atzo BIlbon. M. RAMIREZ / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
«Elefante bat margotzen denean, paperezko elefante horrek berezkoak baino tamaina txikiagoa izaten du; eta, arkakusoa marraztean, aldiz, erreala baino handiago irudikatzen da». Bernardo Atxagak dio marrazkiek «justizia poetikoa» egiten dutela. «Handia txikitu egiten da, eta txikia goratu». Errealitatean, baina, ez da halakorik gertatzen, Atxagaren hitzetan. «Elefanteak are eta handiago izan nahi du beti, eta arkakusoa txikiagotzen saiatzen da. Hala gertatzen da dantzarekin, antzerkiarekin, literatura mota batekin, eta baita hizkuntza batzuekin ere. Horregatik da hain garrantzitsua erakundeek begirada zabala izatea, eta konturatzea txiki den horrek eragin handia izan dezakeela gizartean». Beste 55 euskal sortzailerekin batera, Atxaga Edinburgon izango da abuztuan, Edinburgh Festival Fringe eta Edinburgh International Book Festival jaialdietan.

Etxepare Euskal Institutuak urtarrilean aurkeztu zuen Scotland Goes Basque programa, Eskozian 2019an zehar izango diren hogeitik gora kultur ekitalditan euskara eta euskal kultura ezagutaraztea xede duen egitasmoa. Euskal musikariak izan ziren herrialde horretara bidaiatzen lehenak, hainbatek Glasgowko Celtic Connections jaialdian parte hartu baitzuten. Maiatzean, berriz, euskal zinemaren hainbat lan erakutsi zituzten Cinema Attic eta Edinburgoko Nazioarteko Zinema jaialdien programazioetan.

Arte eszenikoen eta literaturaren txanda da orain. «Abuztuan egiten diren jaialdietako arduradunak Euskal Herrira ekarri, eta gaur egun dantzaren eremuan eta literaturaren esparruan zer panorama dagoen erakutsi diegu. Guk hemengo lanak aurkeztu dizkiegu, baina beraiek egin dute hautaketa. Honekin, zera esan nahi dut: Edinburgoko jaialdiko programatzaileek ez dute inoiz programatuko beren jaialdiaren mailan ez dagoen ekitaldi bat, eta horrek argi azaltzen du hemen dagoen sorkuntzaren maila zein den», zehaztu du Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak.

Abuztuaren 2tik 26ra egingo dute Edinburgh Festival Fringe kaleko arteen jaialdia. 1947tik egiten da, eta topagune garrantzitsua da nazioarteko konpainientzat eta programatzaileentzat. Maylis Arrabit koreografoak Habrá que ponerse cachas pieza aurkeztuko du bertan. Arrabitek Proyecto Colectivo HQPC taldea osatzen du Xabier Madina eta Ebi Soria dantzariekin batera, eta Eskoziara joatearen garrantzia azpimarratu du: «Ikuskizun inklusiboa da gurea, elbarriek egina baita. Bi anaiaren arteko harremana irudikatu dugu piezan, dantza eta antzerkia uztartuz».

Beste bi dantza ikuskizun ere izango dira kaleko arteen jaialdian. Akira Yoshida dantzariak Home aurkeztuko du; Bego Kregok eta Maria Martinek sortutako Krego-Martin konpainiak, berriz, (Non) Comfort Zone ikuskizuna erakutsiko du. «Aukera bakana da Fringe jaialdian egotea. Nolanahi ere, esan behar dut, mugak zeharkatzea zoragarria den arren, nahiago dugula gure lurraldean aritu, gaur egun zaila baita», azaldu du Kregok. Abuztuaren 8tik 11ra, egunero egingo dute emanaldia.

Aipatutako hiru talde horiez gain, bestelako kale ikuskizunak ere izango dira Edinburgon hilaren 7tik 10era bitarte. Etxeparek, Dance Basek eta Atlantikaldia jaialdiak sustatuta, Atlantik 1050 ikuskizuna ondu dute Alain Maia koreografo eta dantzariak, Jen Wren koreografo eskoziarrak eta Amy Geddes musikari eskoziarrak. Euskal Herriko eta Eskoziako dantza tradizionalak uztartu dituzte piezan, eta Edinburgon egingo dute estreinako emanaldia, abuztuaren 9an. Errenteriako (Gipuzkoa) Atlantikaldian egingo dute bigarren eta azken emanaldia, irailaren 19tik 22ra. Tio Teronen Semeak taldea ere izango da Fringe jaialdian; FresCool ikuskizuna erakutsiko dute.

Literatur jaialdia

Abuztuaren 10a eta 26a bitartean egingo da, bestalde, Edinburgh International Book Festival jaialdia, eta han ere izango dira euskal sortzaileak. Iban Zalduak, kasurako, James Robertson idazlearekin batera ondutako Txekhov vs Shakespeare egitasmoa aurkeztuko du. Euskarak eta eskozierak duten errealitatetik tiraka, idazle biek gutun trukea egin dute, eta liburu batean bildu dituzte gogoetak.

Harkaitz Canok Twist nobelari buruzko saio bat egingo du Jumoke Verissimo poeta nigeriarrarekin, eta Wine and Words zikloa ere egingo du Danele Sarriugarte idazlearekin eta Joseba Etxegoien musikariarekin. Miren Agur Meabe, Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga eta Eider Rodriguez idazleek ere solasaldiak egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.