Tsmoki-Minsk 52-57 Lointek Gernika

Nagusi bai, baina erabaki gabe

Lointek Gernikak alde txikiarekin irabazi dio Tsmoki-Minsk taldeari Eurokopako kanporaketen joaneko lehian. Bizkaitarrek defentsako lan hobea egin dute. Urtarrilaren 9an izanen da itzulerakoa

Blake Dietrick Gernikako eskolta estatubatuarra erasoko jokaldi batean, atzo, Minsken. Hamar puntu sartu zituen Dietrickek, eta lau saskiratze eman. FABE.
mikel rodriguez
2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Tsmoki-Minsk. Bartakova (5), Theriot (12), Murauskaia (4), Hasper (11), Ribalka (2)—hasierako bostekoa—; Stsiapanava, Vabixtxevitx (3) eta Chidom (15).

Lointek Gernika. Ocete (3), Dietrick (10), Wojta (7), Arrojo (4), Milic (13) —hasierako bostekoa—; Ariztimuño, Molina (3), Mazionyte, Diez (3) eta Lo (14).

Markagailua. 16-16. 27-28 (atsedenaldian); 36-41 eta 52-57. Epaileak. Vecerskis, Bille eta Tislenko. Ez zuten inor kanporatu.

Lehenbiziko urratsa ongi bete du Lointek Gernika Bizkaiak. Partida parekatua izan zen atzo Bielorrusian jokatu zuena, baina, taulapeko lan onari eta une jakin batzuetako estutasunak gainditzeko erakutsi zuen zehaztasunari esker, Tsmoki-Minsk taldeari irabaztea lortu zuen (52-57). Heldu den urtarrilaren 9an jokatuko dute bueltako neurketa Euskal Herrian, eta kanporaketaren irabazleak zain izanen du Hungariako KSC Szekszard taldea, Eurokopako final-hamaseirenak jokatzeko. Tsmoki-Minsk baino taldea hobea dela erakutsi du Gernikak, baina bielorrusiarrek erakutsi dute badituztela baliabideak bizkaitarrak estutzeko.

Mario Lopez Gernikako entrenatzailea partida bukatu ondoren kontent zegoen taldeak egin zuen defentsako lanarekin. Izan ere, bi taldeek huts anitz egin zituzten erasoko jokoan, eta abantaila eman zien faktore nagusietako bat defentsako lana izan zen. Hirugarren laurdenera arte bi taldeen arteko parekotasuna erabatekoa izan zen; hamaseina bukatu zuten lehen laurdena, eta atsedenaldira Gernika puntu bakarreko aldearekin ailegatu zen (27-28).

Bi taldeetan taulapeko jokalariak nabarmendu ziren. Nikolina Milic Gernikako pibot serbiarrak hagitz lehenbiziko zati ona egin zuen, erasoan taldearen gidaritza hartuta. Zortzi puntu sartu zituen lehenbiziko bi laurdenetan, eta erasoko bortz errebote hartu—hamahiru punturekin eta zortzi erreboterekin bukatu zuen partida—. Hirugarren laurdenaren hasieran Milicek egindako saskiratze bati esker, 31-32 aitzinetik paratu zen Gernika, eta partida bukaerara arte markagailuan aitzinetik joan zen.

Milicek lan ona egin zuen, baina ez zen gutxiagorako izan bizkaitarren bertze pibotaren partida. Nogaye Lo izan zen Gernikaren saskiratzailerik onena —hamalau puntu sartu zituen—, eta zazpi errebote hartu zituen —lau erasoan, eta hiru defentsan—. Hirugarren laurdenaren bukaeran eta laugarrenaren hasieran bereziki garrantzitsua izan zen haren parte hartzea markagailuan aldea handitzeko. Taulapeko lan bikain hori Julie Wojta hegalekoaren defentsako lanak borobildu zuen. Errebote gehien hartu zuen partidako jokalaria izan zen, hamabirekin, eta horietako hamar defentsan eskuratu zituen.

Taulapetik urrutiago aritzen direnen artean, bertze behin Blake Dietrick eskolta estatubatuarraren lana nabarmendu zen. Partidako minutu bizkorrenetan hiruko saskiratze bat eta biko bertze bat segidan sartu zituen, Gernikari alderik handiena emateko (40-50). Sei minutu baino gutxiago falta ziren norgehiagoka bukatzeko, eta bizkaitarrek bideratua zutela zirudien.

Baina Gernikak atzo eduki zuen buruhausterik handiena ez zegoen partida bertzerik gabe galdutzat emateko prest:taulapeko bertze jokalari bat zen hori, Tsmoki-Minskeko Oderah Obiageli Chidom pibot estatubatuarra. Lehenbiziko bi laurdenetan hiru puntu bertzerik ez zuen sartu, baina partidaren bigarren zatian behin eta berriz mehatxatu zuen Gernikaren taula azpia. Hamabortz punturekin, partidako saskiratzailerik onena izan zen. Haren ekinaldiari esker, Tsmoki-Minskek hamar punturen aldea jatea lortu zuen, eta Lenka Bartakova joko antolatzailearen hiruko batekin puntu bakarrera hurbildu ziren bielorrusiarrak (51-52). Hiru minutu baino gutxiago falta ziren bukatzeko, eta Lopezek hutsartea eskatu zuen, Chidomek zuzendu zuen erauntsi hori geldiarazteko.

Hutsartearen ondoko minutuak erabaki zuen partida. Gaby Ocete Gernikako joko antolatzaileak hiruko jaurtiketa bat huts egin zuen, eta Tsmoki-Minskek, errebotea hartu ondoren, bertze hiruko jaurtiketa batekin erantzun zuen. Ksenia Vabixtxevitx eskoltak huts egin zuen, ordea, eta hurrengo erasoko jokaldian Wojtak bai, asmatu zuen hiruko lerrotik. 51-55era igo zuen abantaila. Azken minutuan Gernikak arazo handirik gabe eutsi zion aldeari.

Lopez, itzulerako zuhur

«Malostera emaitza positibo bat daramagu, baina oinak lurrean ditugu», adierazi zuen Lopezek partidaren ondoren. «Beste 40 minutu gelditzen dira, eta itzulerakoa oso gogorra izango da. Ezin dugu pentsatu kanporaketa alde dugunik. Azken finean, bi saskiratzeren kontua baino ez da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.